Albistea entzun

ATZEKOZ AURRERA. Andoni Ollokiegi. Musikaria eta abeslaria

«Publikoa gertu sentitzea, horixe eskertzen dut»

Kantuen bertsioak egitea du pasio Andoni Ollokiegi musikari eta abeslariak. Urteak dira horiek abestuz bizi dela, eta hala konkistatu ditu Euskal Herriko makina bat plaza.
GORKA RUBIO/ FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Miren Mujika Telleria -

2022ko uztailak 6 - Donostia

Donostiako Gipuzkoa plazan dago Andoni Ollokiegi musikari eta abeslaria (Pasai Donibane, Gipuzkoa, 1992). Entzungailuak kendu ditu belarrietatik: «Kaxiano entzuten ari nintzen!», esan du. Izan ere, azaldu du askotariko musika entzuten duela; bai eta askotariko musika jo eta abestu ere. Kantuen bertsioak egiteagatik da ezagun, besteak beste. Kantuz eta umorez betetzen ditu oholtzak, eta gozamenez, berriz, oholtzapeak.

Jende askok jarraitzen dizu orain herriz herri. Baina, hasi, nola hasi zinen jardun horretan?

Gaztetxoa nintzen hasi nintzenean. 12 bat urte izango nituen artean. Amari esan nion gitarra elektrikoa jotzen ikasi nahi nuela, baina ohiko mito batekin erantzun zidan berak: «Horretarako, gitarra klasikoarekin hasi, eta solfeoa ikasi behar duzu». Baina, niri, gogaikarria iruditzen zitzaidan solfeoa. Jarraitu nuen, ordea, solfeoarekin, eta klase horietan gitarra klaseak ere hartzen nituen. Solfeoa utzi eta gitarra jotzen ikasten jarraitzea erabaki nuen; nire kabuz.

Eta nola egiten da hori?

Belarriarekin [barrez]. Ni belarriarekin hasi nintzen kantu batzuk nola jotzen ziren ikasten. Bat baino gehiago jotzen ikasi nuen, eta, hala, osatu nuen euskal kantuen errepertorio luze bat. Gogoan dut nola familiarteko bazkarietan gitarra atera eta denak jartzen nituen kantuan. Geroago hasi nintzen lehen aldiz oholtza gainean jotzen.

Non jo zenuen, bada, lehen aldiz?

Lezoko Karlos Saldise plazan [Gipuzkoa]. Horrela hasi nintzen, baina, gerora hasi zitzaizkidan alde batetik zein bestetik deitzen, gaur arte.

Bakarka ez ezik, bi taldetan ere jotzen duzu gaur egun, ezta?

Hori da. El Quinto con tenedor eta El Club de los poetas tuertos taldeetan. Diruak askorako ematen ez zuen arren, lehen taldearekin bederatzi kantuz osatutako disko bat sareratu dugu: Borockan. El Club de los poetas tuertos taldearekin, aldiz, kantuen bertsioak egiten ditugu; rock erromeria bat dela esan daiteke.

Nola duzu nahiago, bakarka edo taldean?

Unearen edo egoeraren araberakoa izaten da hori. Batzuetan eskertzen da atzean banda bat duzula jotzea, kantu batzuek behar duten egurra taldean soilik lor baitaiteke. Gainera, nik sortutako abestiak direnean are gehiago gozatzen dut, neure sentitzen ditudalako.

Bakarka jotzen dudanean, ordea, asko gustatzen zait sortzen dudan giroa. Publikoa gertu sentitzea da nik eskertzen dudana; kantatzen ditudanak nirekin batera kantatzen ikustea, alegia. Nik beraien maitasuna nabaritzen badut eszenatoki gainetik, poz-pozik amaitzen dut kontzertua.

Eta alderantziz? Zure ustez, zer eskertzen dizu zuri publikoak?

Hori beraiei galdetu beharko genieke [barreak]. Finean, euskal abestiak Shakirarekin nahasten dituen tipo bat ikusten dute gitarra batekin, bi orduz kantuan, gelditu gabe. Abesti nahasketa hori eskertzen dutela esango nuke, eta uste dut horrekin lortu dudala arrakasta handiagoa.

Telebistako zenbait saiotan parte hartzeak ere bultzako zintuen arrakastara, ezta?

Baita ere. Horrekin eman nuen ezagutzera nire burua. Kantugiro saioan egon nintzen, eta, irabazi nuen, gainera. Geroago, Bagoaz!-en izan nintzen parte hartzaile. Asko gozatu nuen esperientzia hura, baina Go!azen telesaileko paper bat zegoen jokoan, eta hasieratik esan nien bertan lan egiten zutenei ez zela hori nik nahi nuena. Ni kantatzera joan nintzen, eta kantatuz gozatzera, besterik ez. Ez naiz aktore izateko jaio, ez baitut balio gezurrak esateko; pentsa, amak den-denak harrapatu izan dizkit beti.

Zure txio bat ere iritsi zen jende askorengana. Erdarazko kantuetatik sortu diren euskal abesti ezagunenak zabaldu zenituen sarean.

Bai. Bitxikeria gisa zabaldu nituen abesti horiek, eta ez nuen uste, inondik inora, hainbeste zabalduko zirenik. Pozten naiz, hala ere. Askotan ez gara jabetzen bertsioak egiteak atzean duen lanaz, eta iruditu zitzaidan, zabaltze hori, balioa emateko era bat izan zitekeela.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

 ©ANDONI CANELLADA / FOKU

«Hiriaren identifikazio bilakatu dira erraldoiak eta buruhandiak»

Joseba Arratibel Ladron

Muñozek tradizioari eutsi nahi dio Donostiako erraldoi eta buruhandiekin, eta, hori gal ez dadin, liburu batean dena biltzea erabaki du, beste 40 urte bete ditzaten, baita konpartsak beste 25 ere.
Bi neska, puntu morean informazioa eskatzen, atzo. ©IÑIGO URIZ / FOKU

Puntu eder bat orbanen artean

Enekoitz Telleria Sarriegi

Indarkeria sexistaren aurka jarritako puntu moreak oso harrera ona izan du jendearen artean. Bulebarreko artatze gunea «erreferentziazko babes espazio» bihurtu dela diote han ari direnek.
1 ©JON URBE / @FOKU

Itsasargia izan da testigu

Miren Mujika Telleria

Mendikateak baino gehiago, itsasertzak lotu zituen Zetak taldea eta entzuleak. Izan ere, taldearen kantu bakoitzak goraino bete zuen Sagueseko plaza, gau giro ederrean. Zetak taldeak ez ezik, beste zenbait musika estilok eta taldek ere girotu zuten Donostia asteartean: La Jodederak, Miau DJak eta Ainhoa Larrañagak.
Anunnaki etxeko vogue dantzariak Iruñeko Alde Zaharrean, joan den urrian, Labak antolatutako bestan. ©IÑIGO URIZ / FOKU

Euskal mitologiaren ibiltokia

Iker Tubia

Euskal kulturako kondairak gai hartuta, 'vogue' erakustaldi eta txapelketa eginen dute Burlatan. 'Voguing' kultura ikusarazi nahi dute. Atzerriko 'ballroom' eszenako kideak ere ariko dira

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Miren Mujika Telleria

Informazio osagarria

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.