Albistea entzun

ATZEKOZ AURRERA

Euskararen xehetasunak

EHUko irakasleak dira, atzerritarrak, eta helduaroan euskaldunduak, lanagatik besteak beste. Euskara ikastearen esperientzia xehatu dute EHUk antolatutako solasaldi batean.
Mahai inguruko partaideak, atzo, EHUren Leioako campusean.
Mahai inguruko partaideak, atzo, EHUren Leioako campusean. MONIKA DEL VALLE / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Amaia Igartua Aristondo -

2022ko abenduak 2 - Leioa

Kostata lortu zuen, eta gogotsu aldarrikatu du Peio Ardaiz bertso ikasle iruindarrak, kantuan: «Mito bat apurtu nahi dut/ horren adibide gara/ txikitan ez jaso arren/ euskara ikasi ahal da». Ardaiz bezala, helduaroan euskaldundu zen Teresa Campos espainiarra, 2003an Euskal Herrira heldu eta berehala erabaki baitzuen bertoko hizkuntza ikastea, «errespetuagatik». Eta mitoa hausten dute, orobat, Cristina Miranda de Almeida brasildarrak, Matteo Vannacci italiarrak, Gabriel Lopez eta Juan Abasolo argentinarrek —EHUko irakasleak denak—, eta Manu Bendala bertso ikasle espainiarrak.

Ama hizkuntza izan ez arren, ahoan baitarabilte denek euskara, batzuek trebeago, bestetzuek lotsatiago; joriago edo nekezago; bilakatu zaie eguneroko, familiarteko, eta, are, tresna beharrerako. «Nire esparruan lan egiteko, kulturan eta ondarean, funtsezkoa da euskara», adierazi du Camposek. Baina ez soilik horretarako. «Alde sentimentala ere badago: euskara ikasteak aukera eman dit herri hau ezagutzeko pertsonen bitartez». Eta harremanetan eragin dio Miranda de Almeidari, halaber. «Naturarekiko erlazioa ezberdina da euskaraz. Gustatzen zait natura beste ikuspuntu batetik ikustea».

Hamaika baitira arrazoiak, motibazioak, oztopoak eta aurreikuspenak, eta horien inguruan jarri ditu solastatzen EHUk Leioako campuseko (Bizkaia) Komunikazio eta Gizarte Zientzien Fakultateko atarian, Reyes Prados kazetari eta irakasleak moderatuta, Euskara azentuekin ekitaldian. Xehetasunak bilduz joan da diskurtsoa bakoitzaren hitzekin: hark s bezala ahoskatzen du z; besteak bikain ahoskatzen ditu txistukari guztiak; r-ak leun eta ia antzemanezin ebakitzen ditu beste batek; s-ak luzatzen ditu norbaitek. Euskara etxetik jaso dutenen azentu berak aditu dira munduko hainbat tokitako hiztunen ahotan.

Abasolok, euskara ikasi bainoago, «berreskuratu» egin du, nabarmendu duenez. Arbaso euskaldunak izan zituen, baina transmisioa ez zen heldu laugarren belaunaldira. «Bagenuen basko-ak ginelako kontzientzia. Baina hizkuntza falta zitzaigun». Euskara ikasteari ekin zion 17 urterekin, Buenos Airesen, eta euskaraz bizi ahal izateko lekualdatu zen Euskal Herrira, 1994an.

Praktikoagoak izan ziren Vannacciren arrazoiak, aitortu duenez. «Lana lortzeko hasi nintzen ikasten». Goiz eta gau euskaltegian sartuta, urtebetean erdietsi zuen helburua. Gaztelaniari, ordea, ez zion halako lanik eskaini. Paradoxikoa da hari gertatutakoa. «Euskara ikasi nuen banekielako gaztelania mailarik ez zidatela eskatuko. Beraz, oso txarto egiten dut gaztelaniaz», esan, eta barrez lehertu da.

Hanka sartzeko adorea

Baina euskara zaila al da? Zaila egin al zaie haiei, bederen? Galderak bota ditu Pradosek. Ezezkoa eman dio Vannacci matematikariak, irribarretsu baina irmo. «Matematikak zailagoak dira». Oztopoak aitortu dituzte beste batzuek, ordea, batez ere aditzei eta zenbakiei dagokienez. Miranda de Almeida, esaterako, EGA ateratzeko asmotan dabil, eta ahalegin handia eskatzen diola esan du. «Azterketak dira zailak; baina, egunerokoan, ez da zaila». Aditzekin buruhausteak izan ohi ditu Camposek ere, eta Kutsidazu bidea, Ixabel antzerkia ekarri du hizpidera, gizon protagonistarekin identifikatua sentitzen baita. «Uste dut bizkaieraz aditzak errazagoak direla», adierazi du, eta berehala ezeztatu du Abasolok: «Zer diñozu?». Ordura arte, argentinarrak tarteka-tarteka sartu ditu bizkaierazko moldeak edo berbak, baina, Camposen baieztapenak akuilatuta, luze eta zabal aritu da euskalkian.

Dena den, umorez heldu dio Abasolok aferari, batuaz ostera ere. «Euskaraz ligatzea, hori bai gaitza!». Ezetz egin dio buruarekin Lopezek, umoretsu. «Ez zaretelako argentinarrak!», Abasolok. Salbuespen bakarra da, halere. «Kostatzen zait euskara ikustea nire burua ikusi gabe. Ligatzearena kenduta, euskaraz egiten dut. Otoitz ere euskaraz egiten dut».

Eta irakatsi, eta aspalditik. Hastapenetan, ordea, lotsa edo erreparorik al zuten hizkuntza eskuratu berria erabiltzeko? Camposek, baietz. «Donostian hasi nintzen, eta shock bat izan zen: euskaldun peto-petoak, euren azentuekin... Barnetegi bat izan zen». Lopezek ere, antzeko. «Hasieran, bi ordu aurretik prestatzen nituen klaseak, hanka ez sartzeko; ordubeteko diskurtsoak ziren. Orain, askoz erosoago nabil».

Kontrara, ezetz esan du Abasolok, eta erantzuna gehiago garatu du Vannaccik. «Berdin zait hanka sartzea. Hitz egiten ez baduzu, ez duzu sartuko. C1 azterketan, akats pila bat egingo nituen seguru aski, baina tira. Espero dut ikasleek ulertuko didatela». Bide beretik biribildu du ekitaldia Ardaizek. «Euskara traketsa beti/ erdara baino hobea da».

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Altsasun Momotxorroak aterako dira otsailaren 21ean. ©RAUL BOGAJO / FOKU

Baina noiz dira aurten inauteriak?

Edu Lartzanguren

Goiztiarrenak hasita daude, eta azken Maskarada saioa apirilaren 22an egingo dute, Maulen. 'Dantzan.eus' webguneak 2023ko inauterien egutegia paratu du.

Joel Diaz aurkezle eta umorista ©Vilaweb

TV3eko ‘Zona Franca’ kolokan da, aurkezleak saioa utzi eta gero

Urtzi Urkizu

Joel Diaz aurkezleak ez ezik, Magi Garcia umoristak ere laga du saioa. Egunotan ez dira saioa ematen ari. CUPek TV3eko zuzendariaren dimisioa eskatu du.

 ©JAGOBA MANTEROLA / FOKU

«Donostian inauteriak San Sebastian egunean hasten ziren»

Amaia Jimenez Larrea

XIX. mendean Donostiako inauteriak nolakoak ziren azaltzen duen liburu bat atera du Juan Antonio Anterok. 16 urte zituenean izan zuen lehen harremana inauteriekin, eta geroztik ez ditu alde batera utzi.
Inauterietako eguna ospatu dute Iturenen

Udaberriak ekarri duen soinua

Itsaso Jauregi

Inauterietako eguna ospatu dute Iturenen, eta joaldunek eta mozorroek hartu dituzte herriko kaleak. Tradizioari jarraituz, zubietarren eta aurtiztarren joareak elkartu ziren atzo; gaur, iturendarrek bisita itzuliko diete.

Kinka buletina

Klima larrialdiari eta ingurumenari buruzko azken berriak zabaltzen dituen buletina.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.