ATZEKOZ AURRERA. Aitor Espainia. 'Backline' teknikaria

«Teknikari gehienak musikariak ere bagara»

Teknikarien bizimoduaren inguruan aritu da Espainia, baita lan baldintzen inguruan ere: «Taldeak musikaz baino ez luke arduratu behar, eta guk, berriz, arazoak konpontzeaz».

IÑIGO URIZ / FOKU.
itsaso jauregi 2
Orkoien
2023ko martxoaren 10a
00:00
Entzun
Lagunekin batera igo zen agertokira Aitor Espainia (Iruñea, 1999) lehendabiziko aldiz, baxua eskuan zuela. Orain, instrumentua alde batera utzi gabe, musikaren alde teknikoagoan murgildu da, eta kontzertuetan izaten diren arazo teknikoak konpontzen ditu. Berri Txarrak, Zetak, Chica Sobresalto eta El Drogasekin lan egin du, besteak beste, eta ez du agertokitik jaisteko intentziorik.

Zer desberdintasun dago backline teknikarien eta soinu teknikarien artean?

Backline teknikariok musika taldeak eramaten duen material guztiaren arduradunak gara. Agertokiaren gainean gaude, eta dena muntatzeaz arduratzen gara. Gainera, kontzertuan arazoren bat badago, konpondu egin behar dugu. Soinu teknikaria kanpoan dago, eta audioarekin lan egiten du soilik.

Musikaria ere bazara. Horrek zure lana errazten du?

Lagungarria izan daiteke, mundu honetan sartzeko orduan batez ere. Nire instrumentu nagusia baxua da; gitarra ere jo dezaket, eta bateria jotzen ikasten ari naiz, poliki-poliki. Talde batzuetan ibilia naiz; Jaramonik Ez taldean egon nintzen eta orain The Lio taldearekin lan egiten dut, ahal dudanean. Teknikari gehienak musikariak ere bagara.

Presio handia dago?

Presioa bada. El Drogas mitikoa da, eta jende asko joaten da kontzertuetara. Aretoak betetzen dira, eta, instrumentuekin arazoren bat dagoenean, nik konpondu behar dut. Halere, lankideek presio hori kentzen dute, lan giro oso ona baitago.

Uste duzu musikariek zure lana baloratzen dutela?

Bai. Talde handiek batez ere. Baina, profesionalki aritu baino lehen, talde txikiak laguntzen nituen. Egoera horretan, galdetzen zidaten: «Zein da zure lana?», iseka eginez. Baina orain ikusi dut talde handietan beharrezkoak garela. Taldeak musikaz baino ez luke arduratu behar, eta guk, berriz, arazoak konpontzeaz. Beharrezkoa da pertsona bat agertokian egotea, zerbait gertatzen bada segidan konpontzeko.

Eta ikus-entzuleek?

Baietz uste dut. Jendeak badaki langileak ere badaudela musika taldeen atzean, soinua moldatzen eta argiak muntatzen. Nik uste dut jendeak ikusten duela horren garrantzia, eta errespetuz tratatzen gaitu gehienetan.

Nolakoak dira festibaletako lan baldintzak?

Lan baldintzak bestelakoak dira. Beti esan izan da festibaletan lan baldintzak txarrak direla, eta hori halaxe da. Zamalan asko daude, eta langile horiek dira baldintzarik txarrak sufritzen dituztenak. Festibal handietan, orokorrean, ez dira zamalanetan aritzen direnez kezkatzen, eta istripuak ohikoak izaten dira.

Teknikarien lana maskulinizatuta dago, zure ustez?

Bai, zalantzarik gabe. Musika arloan, gehienok mutilak gara. Neskekin ere lan egin dut, baina ez da oso ohikoa. Pena da. Nik beti animatu izan ditut kuadrillakoak, nire lana probatu zezaten, bai neskak eta baita mutilak ere. Ez dut uste gogo falta denik.

Teknikari beterano gutxi daude.Zure lanbidean beharrezkoa da gaztea izatea?

Ez, baina ikusten dut geroz eta jende gehiago falta dela. Betiko teknikariak daude, baino horiek ere erretiroa hartu beharko dute. Arazoa da teknikari guztiak musikariak direla: askok talde bat sortzen dute, eta hartan geratzen dira. Gazte gogotsuak falta dira, asteburuak kanpoan emateko prest egongo direnak, noski.

Teknikariak nomadak zarete?

Guztiz. Alde batetik bestera gabiltza beti. Talde batekin bira batean egonda, beste baten deia jasotzen dut, eta, horrek kontaktu gehiago lortzeko aukera ematen didanez, lehenengo taldea utzi behar dut, agian. Independentea naiz erabakiak hartzeko, zorionez.

Independente izateko kontaktuak lortu behar dituzu, beraz?

Bai. Hastea kostatu zitzaidan. Ez nuen inor ezagutzen, baina, poliki-poliki, zure sarea osatzen duzu. Halere, beti egin nahi izan dudan lanean nabil orain, eta uste dut oraingoz bide egokian nabilela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.