Goiztiarrenek luxuzko eserlekuak lortu zituzten atzo Aldapako San Fermin elizaren ondoan. Zaharrenak zurezko eserlekuetan eseri ziren, zuhaitzen itzalean, egun berotik babesteko. Gazteenei berdin zitzaien beroa; alde batetik bestera lasterka zebiltzan, izerditan, eta lagunekin hizketan. Iruñeko San Fermin Txiki bestak hastear ziren, eta gogo handia sumatzen zen. Lainorik gabeko zeruan txupinazoa lehertzearen esperoan zeuden batzuk; besteak, gozokien zaparradaren esperoan.
Bozgorailuetatik ozen ateratzen ziren Aske maitte abestiaren doinuak. Txupinazoa jaurti baino lehen, Aldezar elkarteko kideek azken ukituak egin zituzten: Korporazio txikiaren hautaketa pankarta kokatu, mikrofonoak piztu, eta litxarrerien poltsak prestatu zituzten, umeen begirada gozozaleen aurrean. Poltsa horietako bat gorde zuen Saioa Letonak, Aldezar elkarteko kideak, gero botatzeko: «Besta herrikoiak dira hauek; guk antolatutakoak eta guretzat».
Pixkanaka-pixkanaka, hainbat eskolatako umeez bete zen plaza. Goizean luxuzko eserlekuak zirenak azkeneko ilaran geratu ziren; lehenbiziko lerroen jabeak haurrak ziren. Argi utzi zuten Aldezar elkarteko kideek: «Helduak atzera, mesedez». Fermin sainduaren omenez ospatzen da besta, baina saindua ez da protagonista; umeak baizik.
Herri jaiak
Eztanda bat entzuten zen bakoitzean, ikusleen begiek zerua miatzen zuten: beste petardo sorta bat, besterik ez. Eztanden, musikaren eta giro ederraren artean oihu ikaragarri bat entzun zen, eta haurrak korrika hasi ziren, babesleku bila. Kilikiek hartu zuten plaza, eta ume ausarten atzetik lasterka hasi ziren; barre algara ozenak eta oihuak bihurtu ziren kaleko musika.
Irribarretsu begiratzen zituen Amelia Baziertok umeak, alde batetik bestera korrika ari zirela. Urteroko tradizioa da alde zaharreko auzokide horrentzat txupinazoa ikustea; zapi lisatua poltsikoan gordeta, prest zegoen bestak hasteko. Baina aurtengo txupinazoa ez zen aurrekoak bezalakoa Baziertorentzat. San Fermin Txikiko besteei hasiera emateko Aldapako San Fermin elizako terrazatik txupinazoa botatzeko ardura zuten udalbatza txikiko umeek, eta horien artean zegoen Baziertoren biloba. Harrotasunez betetako aurpegiarekin begiratzen zuen aldi oro elizako atea, bere bilobaren esperoan: «Ilusio handia egiten dit biloba hor goian ikusteak; auzoko bestak harekin hasiko dira». Baziertoren familia osoa agertu zen ekitaldia ikustera: lehengusina, gurasoak, izebak eta osabak.
Bien bitartean, erraldoiak agertu ziren eraikinaren parean, eta txaloen artean biratu zituzten beren besta jantzirik dotoreenak. Erraldoien dantzak miretsi egin zituzten helduenek; gazteen artean, berriz, ezinegona nabaria zen. Gurasoek ekarritako poltsak zabaldu zituzten zerurantz, gozokien zaparradaren zain.
Txano beltz luzez jantzitako bost buru atera ziren eraikinaren tontorretik. Musika jaitsi, eta ahots gazte batzuk entzun ziren: «Egun on. Udalbatza txikia gara. Txupinazoa botatzera etorri gara». Baziertok ahotsak entzun eta berehala atera zituen zapia eta kamera poltsikotik. Zeruan eztanda egin zuen txupinazoak, eta «Gora San Fermin Txiki!», oihukatu zuten udalbatza txikiko kideek.
Azkenean erori ziren litxarreriak zerutik umeen poltsetara. Haur batek, eskolako motxila ireki, eta bizkarrean jarri zuen, ahalik eta gozoki gehien lortzeko asmoz. Gero, lurrean eseri ziren umeak, beren altxorra lagunenarekin alderatzeko. Elizako terrazatik korrika jaitsi zen Andoni de Silva, eta ama berehala besarkatu zuen: «Oso polita izan da;urtero egin nahiko nuke». Lurrean botatako gozokiak hartu ordez, kilikien bila joan zen De Silva, txano beltza amaren esku utzita. Baziertok biloba besarkatu zuen, hunkituta, hura lagunekin jolastera joan baino lehen.
«Hauek dira maite ditudan bestak, herrikoiak», esan zuen Baziertok. Alde zaharreko kaleak musikaz bete ziren, baina bozgorailuak itzaltzeko arriskua egon dela salatu dute. Iruñeko Jai Batzordeak zabaldu duen oharraren arabera, debeku sorta bat iritsi zaie auzoko hainbat elkarteri, San Fermin Txiki besta hasi baino bi egun lehen. Lokaletan egitekoak ziren kultur ekitaldi ugari debekatu ditu udalak, isunekin mehatxu eginez: «Dagoeneko kontratatuta eta egitarauan iragarrita zeuden ekitaldiak debekatu dituzte, baita aurreko urteetan arazorik gabe eginikoak ere». Ulises Domech Aldezarreko hezitzaileak gogorki salatu zuen egoera: «Debekatu egin nahi dituzte merkataritzarako baliorik ez duten aukera kultural herrikoiak».
Debekuengatik protesta egiteko asmoz, Dantzazoroa izeneko herri ekitaldia antolatu dute auzokideek. Udaletxe plazan dantzatuko dute, gaur, 12:00etan.
ATZEKOZ AURRERA
Bestak kalea berenganatuz
Udalbatza txikiak txupinazoa botata hasi dira Iruñeko San Fermin Txiki bestak. Jendetza bildu da Alde Zaharreko kaleetan, eta gazteenak gozokien bila aritu dira.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu