ATZEKOZ AURRERA

Jatorrira jauzi, era birtualean

Gasteizko hiriaren jatorria ezagutu ahal izateko, errealitate birtuala oinarri duten bisita gidatuak egiteko aukera dago. IX. mendetik XVI. mendera arteko bidaiaz gozatzeko aukera dute bisitariek.

Gasteizen jatorria ezagutzeko aukera dute bisitariek, errealitate birtualeko kaskoak erabilita. RAUL BOGAJO / FOKU.
Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria.
Gasteiz
2020ko urriaren 18a
00:00
Entzun
Herrixka bat da gaurko lehen protagonista. Egungo Gasteizko Alde Zaharraren gainean kokatuta dago. Santa Maria katedralaren oinarririk oraindik ez dago, eta etxola bat dago haren lekua. Horren aurrealdean, artisau bat lanean, eta seguruenik, bizileku izango duen eraikin tipia. Etxebizitza luze bat du alboan, eskuinetara. Zuriak ditu hormak, eta, lehen begirada batean, bederen, adarrez josia teilatua; garai bateko eraikuntzen adierazgarri da. Bada hesiz inguratuta dagoen ukuilu bat ere, orduko abeltzaintza ereduetako baten erakusle. Eta, eraikin guztien erdigunean, patio zabal bat dago. Ezkerrera eta eskuinera, berriz, larreak, zabalak eta luzeak, amaierarik gabeak.

Denboraren makinaren beharrik ez dago iragana nolakoa zen ikusteko. Kasu honetan, aski da itxuraz prismatikoak diruditen kasko batzuk jantzi eta mendeetan atzera egitea, errealitate birtualari esker. Hain zuzen, Gasteizko Santa Maria Fundazioak teknologia hori oinarri hartuta bisita gidatuak egiteko aukera eskaintzen du. Helburua hiriaren jatorria ezagutzea da, eta, ahal den heinean, IX. mendetik XVI. mendera artean egon diren aldaketak bertatik bertara bizitzea. Ordu eta laurdeneko bisitak dira, eta hiru agertoki zehatzetan egiten dira geldiuneak. Santa Maria katedralaren barrunbeetan hasten da bisita, gerora egingo den bidaia birtualean ezagutuko dena ulertzeko oinarri gisa.

Esperientzia berri bat bizitzeko asmoz, bederatzi pertsonako taldea prest dago. «Bidaia hasi aurretik, errealitate birtualeko kaskoek ondo funtzionatzen duten egiaztatu behar dugu», azaldu du Txus Pavon gidariak. Kaskoek ondo funtzionatzen dutela baieztatzeko, parte hartzaileek bi lerrotan mantendu behar dute bisitako geldiuneetan zehar: bost aurrean eta lau atzean. Hala egin ezean, Pavonek ohartarazi duenez, ziurrenik betaurrekoek ez dute ondo funtzionatuko, konexioa dela eta. Kaskoak jantzi eta guztia ongi dagoela egiaztatu ostean, bidaia hasteko unea da. «Santa Maria plazan egingo dugu lehen geldiunea».

Lehen agertokian, IX. mendetik XII. mendearen erdialdera arteko bidaia egin, eta eremu horrek izan duen bilakaera ikus daiteke. XII. mendean, esaterako, langile batzuk egurra lantzen ari dira, eta atzean Santa Maria katedrala baino lehen eliza zenaren oinarriak eraikitzen hasiak dira. Harresia ere ikus daiteke, eta garai bateko etxolek etxebizitza landuagoen irudia dute; bi pisutako etxeak dira, eta oinarrian harria dute. Bisitariek kaskoak jantzita dituzte, eta bueltaka ari dira, 360 graduko ikuspegia eskaintzen baitu bisitak. Bada lerroaren zentzua galdu duenik ere, benetan zein errealitatetan dagoen ez dakienik. «Izugarri gustatzen ari zait hau», esan du Itziar Gusto gasteiztarrak. Ez du lehen aldia halako esperientzia batean, aurrez ere leku berean beste bat egina baitu. «Bisita hau eskainiko zutela ikusi nuenean, ez nuen bi aldiz pentsatu, eta etorri egin naiz».

Santa Maria kantoia da hurrengo geldiunea, eta Gasteizko harresia bigarren agertokia, XII. mendetik XVI. mendera arte. Bisitariak ere gero eta zirrara handiagoarekin daude, zer ikusikoesperoan. Lehen mendeetan, harresiaren iparraldean eraikitako atea da nagusi, hirira sartzeko bideetako bat, eta, bertatik kanpo aldera begiratuz gero, egun ikusgai diren paisaiak ere atzeman daitezke, hala nola Gorbeiako gaina. Mendeetan aurrera egin ahala, ikusi daiteke beste bi ate ere egin zituztela, eskuinerago. «Eginiko bigarren atea, adibidez, kantoi honetatik begiratuz gero, katedraleko paretan ikusgai dago», ohartarazi du Pavonek. Hala ere, gaur egun , beste bi ateen berririk ez dago.

Gasteiz, 360 gradutan

Gasteizko hiriaren ikuspegia, eta mendez mende hiriak izan duen eraldaketa, izango da hirugarren eta azken agertokia. Kexu dira bisitarietako batzuk, denbora gehiago gustura egongo liratekeela nabarmenduta. Hala ere, prest daude azken bizipenerako. Katedraleko dorretik behatuko dute hiria, baina ez dira bertara igoko, kaskoek sortuko baitute sentsazio hori. Pavonek ohartarazpen bat egin du, sentsazioak zorabioa sortu baitezake: «Bertigoa duzuenok, mareatuta sentituz gero, eta norbaitekin etorri bazarete, eutsi albokoari». Jon Ander Gomez gasteiztarra bertan da, eta adierazi du orain arte ez duela sentsazio «bizirik» sentitu. Hala ere, betaurrekoak jantzi eta azken agertokiko lehen bizipenak sentitu orduko aitortu du horrek zorabio sentsazio handiagoa eragin diola.

Bidaia amaitu bezain laster, parte hartzaileek onartu dute gustura egon direla, eta denbora ere «azkar batean» pasatu zaiela. Orain, asmoa da errealitate birtualean eskainitako irudiak areagotzen joatea, Gasteizko jatorriaren eta historiaren ikuspegi osoago bat eskaintzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.