ATZEKOZ AURRERA

Mendizaleak ez, eskiatzaileak

Eskiatzaileak eta snowboarderrak elkartu dira batez ere goizean Iturriotzen, Gazumera igotzeko eta irristan jaisteko asmoz. Ertzaintzak errepidea zaindu du, buxadurak ekiditeko.

Hainbat auto errepide bazterrean ilaran aparkatuta. JAKES GOIKOETXEA.
jakes goikoetxea
Aia
2021eko urtarrilaren 10a
00:00
Entzun
Mendiko botak baino gehiago, eskiatzeko eta snowboard egiteko botak abiatu ziren atzo Iturrioztik gora (Aia, Gipuzkoa), izotzak hartutako mendi bidea kraskatzen. Ezohiko irudia mendizaleen ibilbideen ohiko abiapuntuan: jendea eskiak eta oholak bizkarrean edo eskuetan hartuta.

Helmuga ere ezohikoa zen atzo. Hernio (1.075 metro) izaten da Iturrioztik abiatzen diren mendizale gehienen helmuga. Gutxi izan ohi dira Herniora bidean, edo Herniora joan gabe ere, ondoko Gazumera (997 metro) joaten direnak. Atzo, ordea, Gazume ezezagunera zihoazen eskiatzaile eta snowboarder gehienak.

Andatzarrateko mendateko mendi magalak, normalean elur egunetan haurrez eta leraz beteak, hutsik. Magalak lurmentzen hasiak, eta elurra izotz bihurtuta. Aurreko egunetako elurretako panpinen baten arrastoak. Bertako aparkalekuan, deigarri, Belgikako matrikuladun furgoneta, surf oholak sabaian.

Andatzarrateko mendatean, 06:00ak pasatxotik Iturriotzera zihoazen autoen prozesioa ikusten, Josu Irastorza, Gipuzkoako Foru Aldundiko bidezaina. Elurra kentzeko ibilgailuko motorra piztuta, eguraldiari adi. Eguerditik aurrera okertuko zela zioen iragarpenak. «Villabonatik Orioko gainera arteko zatia dagokigu», azaldu zuen, kabinaren epeltasunetik, atea erdi irekita. 22:00ak arte lan egin zuten atzo. Kezka pixka bat bazuen, jendeagatik, «jendeak errazena egiten baitu, baina elurra egiten badu guk ibili egin behar izaten baitugu».

Ertzainak gora eta behera

Irastorzaren elurra kentzeko ibilgailutik metro batzuetara, Ertzaintzaren bi noranahiko, tarteka Andatzarratetik Iturriotzera arteko bidea egiten, autoek errepidea ez mozteko. «Prebentzio lana egiten dugu batez ere, jende asko ez pilatzeko», argitu zuen ertzainetako batek. «Guztia antolatu behar dugu, elurra kentzeko makina ibili ahal izateko eta erreskaterik egin behar izanez gero, larrialdietako ibilgailuak iritsi ahal izateko».

Eguna argitzen hasi zenerako, 08:30erako, beteta baitzegoen Iturriozko aparkaleku koskorra. Beteta elurrak hartutako aparkalekuaren inguruko txokoak ere.

Autoak errepide bazterrean aparkatzen hasiak zeuden: errepidearen bi aldeetako elurrak eta izotzak estututako bidea gehiago estutzen, auto bakarrarentzat pasabidea utziz, eta buxadurak erraztuz. Hasita zeuden gidari urduriak lepoa luzatuta eta burua leihotik aterata maniobra irristakorrak egiten. Hasita zeuden autoaren azpiak errepidearekin hazkatzen. Hasita erruleta bihurtutako gurpilak autoak ez aurrera ez atzera uzten.

Gidari zuhur batzuk autoa maldan behera uzten ere bai, irteera errazteko, eta bakarren bat palarekin autoaren inguruko elurra kentzen. Baziren jendea goian utzi eta autoa aparkatzera behera joan zirenak ere.

«Lehen aldia»

Iturriozko aparkalekua baino metro batzuk beherago, Gerardo, Eneko eta Jon mendiko eskiatzaile donostiarrak, eski batzuei foka larruak jarri ezinik. Baztango Saioan (1.418 metro) eskiatzera ohituagoak, «lehen aldia» zuten Hernio inguruan eskiatzen. Hernion ez, Gazumen baizik. «Ez da komeni gehiegi zabaltzea», zioten ahapeka, leku ezkutua balitz bezala, baina ordurako eskiatzaile mordoxka bat abiatu zen, edo abiatzekoa zen hara.

Iturriotzen bertan, prestaketa lanetan, Hassan Ait Xau eta Jon Aperribai mendi korrikalari eta mendi eskiatzaileak. Haiek ere Gazumera joateko asmoz. «Eguraldi onena kostaldean egin behar zuenez, atzo egin genuen plana hona etortzeko», zehaztu zuten. Mendian korrika ibili ziren bezperan, elurretan. Ait Xauk gogoan zuen «aspaldi» eskiatu zuela Hernio inguruan.

Iturriotzen eskiatzaileak, mendizaleak... haur eta lera gutxi. Autoen joan-etorri etengabea. Izan ere, auto gehienak aparkalekura etorri bai, baina joan ere egiten zirelako, bai aparkatzeko lekurik ez zegoelako, bai ertzainek errepidean behera bidaltzen zituztelako, buxadurak ekiditeko. Andatzarraten adierazpen diplomatikoak egin zituen ertzaina argiago mintzatzen zitzaien Iturriotz inguruko errepide bazterretan aparkatu nahi zutenei: «Hemen, autoak bidea ukitzen badu, errezeta!».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.