ATZEKOZ AURRERA

Getxo gero eta japoniarragoa

Azkenaldian igo egin da mangarekiko interesa, eta Getxoko Komiki Azokako postuetan nabarmena da ildo aldaketa hori. Euskarazko komikiak ere gehiago egin eta saltzen dira.

Joker liburu dendako postua atzo, Getxoko Santa Eugenia plazan. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU.
amaia igartua aristondo
Getxo
2022ko urriaren 1a
00:00
Entzun
Gustuak aldatu egiten dira; batzuetan, belaunaldien kontua izaten da, eta hamar bat urteren buruan edonon ikusten da lehen bazterrekoa zena. Getxoko (Bizkaia) Komiki Azokako postuei begiratuta, Santa Eugenia plazan, zaila suerta liteke imajinatzea mangarik gabeko aro bat, saltzaile gehienen apaletan ageri baita. Baina Abigail Solano ikasleak gogoan du egon zela halako garairik; mangazalea da 7-8 urte zituenetik, eta, haren hitzei erreparatuta, inoiz ez da orain bezain erraza izan Japoniako genero horretaz gozatzea. «Lehen esaten zenuen manga gogoko zenuela, eta arraroa zinen; eta, orain, gehiago ikusten dira mangak bestelako liburuak baino».

Erraz eta azkar antzematen da igoera azokan, begi kolpe hutsez. Mangaren formatu txikiak berehala identifikatzen dira, multzotan ordenatuta, mardulagoak diren komiki liburu klasikoen artean. Postu askotan, eztabaidaezina da haren nagusitasuna; gorakada igarri da bai eskaintzan, baita salmentan ere. Hala sumatu dute, esaterako, Bilboko Joker liburu dendan. Komikiaren munduan, saltoki klasiko bat da Joker, komiki zale askoren jopuntua; han, salmentak igo egin dira oro har, dendako Fernando Taranconek azaldu duenez: itxialdian gora egin zuen irakurzaletasunak, eta komikian ere igarri dute. Baina mangak izan du bilakaerarik nabarmenena, saltzaileak azpimarratu duenez.

Joker zabaldu zutenetik, duela ia 30 urte, «inoiz» ez dute halako hazkunderik izan, Taranconek hitzetan. «Manga irakurtzea ohikoa bilakatu da gazteen artean; 1950eko hamarkadatik edo ez da halakorik gertatu». Guztientzako aukerak dauden arren, nerabeek jotzen dute nagusiki formatu horretara. «Askok ikusten dute animea [mangaren antzeko estiloa duen animazioa], askok irakurtzen dute manga, elkarri uzten dizkiete... Eskolan mangaz hitz egiten da futbolaz edo telebistan ematen dutenaz bezala». Azkenaldiko fenomenoa begitantzen zaio Taranconi. «Azken bi urteetan gertatu da hori».

Beste generoak ere sendo

Baina komikiak badu zer eskaini mangatik harago, eta askotarikoak dira kuxkuxeroen interesak. Aterkia itxi, eta Jokerreko postura gerturatu da zale bat; ez die mangei erreparatu. Gertu, beste saltoki batean, bigarren eskuko komikiak begiratzen dabil 60 urte inguruko gizon bat; orrien ertzak horituta daude dagoeneko, eta aspaldikoak dira, orobat, istorioak: bineta koloretsuetan, bunbuilo eta onomatopeia deigarrien artean habitatzen dute superheroiek.

Gehien saltzen diren generoez galdetuta, manga aipatu du, halaber, Elkar dendako postuko Joseba Agirre Barrenetxeak, baina beste hainbat gehitu ditu segidan: «Batzuk AEBetako produktuen zaleak dira: Marvel, DC... Beste batzuk, Europako komikienak, edo nobela beltzaren antzekoenak». Bezero batzuk finkoak dira, eta estilo bertsuetara jotzen dute, dioenez.

Gainera, ikusi dute gora egin duela umeentzako komikien salmentak. «Hemen dauden titulu gehienak gazteentzat edo umeentzat dira». Eta interes handiagoa dago, era berean, euskarazko ekoizpenetan: hala erosteari, nola sortzeari dagokionez. «Daude Asisko, Unai Iturriaga, Zaldi Eroa... Euskal komikigileak ausartzen ari dira komiki liburuak egitera».

Azokak 40 postu bildu ditu aurten, eta argitaletxe askotako produktuak topa daitezke. Baina argitaletxerik gabekoek ere tokia dute. Fanzineak ditu ikusgai postu luze batek. Han, Teresa Castro irudigileak txukun ditu jarriak bere lanak. Azalak ikusi aurretik ere, ezagut daiteke obren gaia zein den, argi uzten du horman zintzilikatutako LGTB+ bandera handi batek. Ana Lopez Suarez pertsonaia Super Lesbiana da lanetako batean, kapa eta guzti soinean duela, eta lesbiana hutsa da beste komikietako batean. LGTBI ilustrado liburuan, kolektiboari eragiten dioten kontuez dihardu, «umorez eta aldarrikatuz».

Norberak publikatutako lan bat da fanzinea, Castrok azaldu duenez, eta askotariko gaiak jorratu daitezke. Ilustratzailea da, eta molde horrek «askatasuna» eskaintzen dio, batik bat. «Ez dut beste batek ezarritakorik bete behar; nahi dudana egiten dut». Orain argitaletxe batekin lanean ari da, baina, ildo hori egonkortuko balitz ere, ez lioke uko egingo fanzineari; bi moldeak jorratzen segituko luke. «Fanzineetako gauza batzuk ez dira topatzen argitaletxe handietan; beraz, publiko jakin bat dute. Ez dugu publiko handirik, baina fidela da».

Manga, fanzinea, gaurko zein atzoko superheroiak... Gustu berrietara egokitu da azoka, betikoak ahaztu gabe. Eta, eguraldia gorabehera, jendea bildu da jada klasiko bilakatu den ekitaldira, eta, igandera bitarte, are gehiago joango direlakoan daude saltzaileak. «Espero dugu iazko salmentak gainditzea», aurreikusi du Agirre Barrenetxeak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.