Venezuela. Hugo Chavezen heriotza. Soslaia

Utopiaren sortzaile

Amagoia Mujika Tolaretxipi.
2013ko martxoaren 7a
00:00
Entzun
«Chavez, aberriaren bihotza». Lelo hori erabiliz irudikatu zuten gizon baten baitan islatu den nazioa, azken hauteskundeetan. Bihotza gelditu da, eta hura gabe zer gertatuko den da orain galdera. Hugo Rafael Chavez Friasek (Sabaneta, 1954) erantzuna bazeukan: «Herritarrei protagonismoa emateko» zegoen, baina proiektu bolivartarrak bera gabe ibiltzen jarraitzeko «oinarri sendoak» zituen. Ezinezkoa da ukatzea, hala ere, Venezuelako eta Latinoamerikako dinamika berrietan izan duen lekua, bere izateko moduari lotutakoa, neurri batean: inguruan sortu den mistika popularra, herritarren grina kanporatzeko zeukan gaitasun hor. Presidentea, ordea, ez zegoen ados mito bat dela dioten ahotsekin: «XX. mendeko herri venezuelarraren psikean forma hartzen ari den mito bakarra herri irudizko eta posible baten asmakizun mirarizkoa da; utopiaren sorkuntza: etorkizunaren mitoa». Mitoa bera zela defendatzea, bera hil ondoren proiektu bolivartarra ere hiltzen dela sinetsarazteko estrategia dela uste zuen.

Etxean sartzen zen Aló presidente saioaren bidez. Kale garbitzailearekin solasten zen, umeak zer jana bazuelako ematen zizkion amak eskerrak; eta nekazariak, arrantzaleak, eta ikasleak; haren ekarpena aurreko gobernuetatik oso bestelakoa zela sentitzen dute zaharrek. Behartsuenak hobeto bizi dira, eta Chavezengan esperotako aldaketa politikoa bizi izan dute; urte askotako zapalkuntzaren etsipenari proiektu bolivartarrak gaineratu dion esperantza hezurmamitu du. 1999ko konstituzioan onartuta, askatasuna, elkartasuna, bakea, berdintasuna, justizia eta aniztasuna praktikan jartzen saiatu zen, nahiz eta fronte demokratiko bati baino gehiago egitura militarrei lotuagoa egon zen.

1992ko estatu-kolpe saio arrazoitu zuen modua argigarria da ekintza militarretan sustraitzen zen demokrazia defendatzen zuela ikusteko. Honela azaldu zuen kolpea espetxean zela: «Pentsatzen dugu espetxe honek izan behar duela intelektualak menpeko bilakatu dituenak urteetan, artistak jauregiko malabarista, ikasleak artalde, herria biktima trakets, eta soldaduak petroriar guardia. Hori guztia lortu dute polizia zapaltzaile eta odolzaleek, burua makurrarazteko jarrita dagoen justiziak, exekutibo ahalguztidunak eta burmuinen manipulazioaren eragileek. (...) Nork eska diezaioke pasibotasuna Simon Rodriguezen herriari? —Bolivarren irakaslea—. Horregatik ekintzara jaurti gara, amets bat eraikitzeko parte hartze kolektibora behartuko duena: demokrazia progresista eta bolivartarrera».

Mugimendu Bolivartar Iraultzailea 1983rako sortua zuen Chavezek. Bolivarren jaiotzaren bigarren mendeurrena zen; orduan proposatu zien kide militarrei EB-200 Ejercito Bolivariano 200ri iraultzaile hitza gehitzea: «Mugimendua talde txikiek osatzen zuten. Iraultza nahi genuen, eraldaketa politiko, sozial, ekonomiko eta kulturala. Hala diseinatu genuen hiru sustraiko arbola, iturri ideologikoa». Sustrai bolivartarra zen bat —askatasuna, berdintasuna eta Latinoamerikaren integrazio geopolitikoaren ikuskera—; Ezequiel Zamorarena bestea —herri subiranoaren jenerala eta batasun zibil-militarrarena—; Simon Rodriguezena hirugarrena —Bolivarren irakaslea, Robinson, herritarren hezkuntzaren maisua—.

2002an Venezuelako oposizioak bere kontra eman zuen estatu kolpeak «hirugarren bidea baztertzera» eraman zuen. Iraultzak inperialismoaren kontrakoa behar zuen, eta, demokrazia iraultzailearen bidez, XXI. mendeko sozialismorantz egin behar zen. Sozialismo berriak elkartasunaren eta kooperatibismoaren jarrera etikoa behar zuen, autogestioaren aplikazioa, demokrazia parte hartzailearen eredu politikoa.

Chavezek argi zeukan iraultzak eduki sozial handia izan behar zuela, batez ere sozialistatzat jo zuenean bere burua. «Pobreei boterea emateko», misio bolivartarrak eraiki zituen, horien artean Robinson, herritarrak alfabetatzekoa, edota Barrio Adentro osasun zerbitzua auzoetaraino eramateko, eta Zirkulu Bolivartarrak berera gonbidatu zituen. 30.000 kontseilu komunal daude, tokian tokiko arazoak ikusi eta behar sozialak markatzen dituztenak.

Chavismoaren arrakastarik handiena pobreziaren kontra egindako politikatik dator. CEPAL NBEren Latinoamerikarako Batzorde Ekonomikoaren arabera, Venezuela da Latinoamerika osoan pobrezia tasaren jaitsiera ikusgarriena izan duena, 2002tik 2010era, %48,6tik %27,8ra igarota; muturreko pobrezian, berriz, %22,2tik 10,7ra jaitsi da, eta inguruko herrietako herritarren arteko ezberdintasuna txikiena da.

Hamahiru urteko botereak, hala ere, ezin ditu arazoak ezkutatu. Ustelkeria instituzioetan dago, gobernadoreen inguruan batez ere, petrolioaren eta estatuaren errenten menpekotasunean enkistatuta, boli-burokrazia deitzen diotenaren eskutik. Burokrazia, estatuaren enpresen produktibitate eskasa, eta Chavezek presidentetzarako kanpainan onartu bezala, «proiektuen jarraipenik eza» arazoak dira egun: argindarra hobetzeko baliatutakoak, edota elikagaiak ziurtatzeko programetarakoak besteak beste.

«Gora Chavez» oihukatzen duten milioika jendek, hala ere, hainbat programa baliatzen dituzte egunero, gobernuak diruz lagundutako preziotan lehen mailako produktuak erosteko —Mercal, Pdval, Bicentenario, Farmapatria—. Gazteak hezkuntza politikarekin gustura daude; zaharrek elastiko gorria janzten dute 2.300.000 erretiratuk egun pentsioa badutelako.

Papaia saltzen zuen umea

Ezagutzen zutenek esaten dute historia liburuak irakurtzea gustatzen zitzaiola gehien. Lagunen etxeetatik liburuak hartu, eta itzultzen ez dituzten horietakoa zela. Historiarekiko jakin-mina umetatik zetorkion, Zamoraren eta Bolivarren erretratu bana zintzilik zeuzkan eskolako gelan, Sabanetan.

Han egin zuen haurtzaroa, Rosa Ines amonaren etxean, Adan anaia zaharrenarekin —sei anai-arreba ziren—. Aita eta ama lehen hezkuntzako irakasleak zituen, eta bien artean irabazten zituzten 300 bolivarrak ez ziren nahikoa umeak elikatzeko. Amonak papaiaz egiten zituen gozoak saltzen zituen jolas orduan. Chavez mestizoa zen, Venezuelan jende gehiena bezala. Aita beltza zuen, ama zuria, eta amona indigenen ondorena.

Barinasen egin zuen batxilergoa — osaba Marcosek etxean hartu zuen—, eta handik Caracasko Akademia Militarrera jo zuen. Garai hartan, ikasketak egiteko modu bakarra zen karrera militarra. Ate hori baliatu zuten hainbat komunistak armadan sartzeko eta gradu altuko ofizialak bilakatzeko. ARMA Militar Aktiboen Ekintza Iraultzailea mugimendu klandestinoan sartu zen Chavez, Jose Antonio ezizenarekin. Caracazo-ak, Carlos Alvarez Perezen politikaren kontrako matxinadak, militarrak ere zipriztindu zituen. Han sortu zuten iraultzaren hazia.

Bi aldiz ezkondu zen. Nancy Colmenaresekin hiru seme-alaba izan zituen: Rosa Virginia, Maria Gabriela eta Hugo Rafael. Ondoren Maria Isabel Rodriguez kazetariarekin ezkondu zen, eta Rosines alaba izan zuten. 2003an banatu zen. Venezuelako emakume guztiekin maiteminduta zegoela zioen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.