Euskal iheslari eta deportatuei «ongietorri» egingo diete Orion

Orioko atzoko aurkezpena. G.R. / FOKU.
Iosu Alberdi.
2018ko ekainaren 26a
00:00
Entzun
«Iheslari, deportatu eta presorik gabeko Euskal Herria lortzea premiazkoa da», adierazi zuen atzo Aizpea Ubegunek, Kalera dinamikak antolatuta uztailaren 7an Orion (Gipuzkoa) egingo den Bada garaia. Iheslari eta deportatu politikorik gabeko Euskal Herria egitasmoaren aurkezpenean. Ubegunek azaldu zuen iheslari eta deportatuen bizi baldintzak «latzak» direla, eta «gatazka politikoa» gainditu beharra adierazi zuen. Jose Domingo Aizpurua iheslari ohiak, berriz, «bukaerarako datarik ez duten kondenak» direla azpimarratu zuen.

Aizpuruak nabarmendu zuen 1960ko hamarkadatik 2.500 euskal herritarrek baino gehiagok hartu behar izan duela erbesterako bidea, eta 84 lagun ihesean edo deportatuta hil direla, horietatik 27 «gerra zikinak» eraginda: «Errepresioa izan zen ihes egiteko arrazoia; errepresioa izan da ihesean jasan dutena». Epe berean 271 estradizio, 382 entrega eta 74 deportazio ere egin dira. EIPK Euskal Iheslari Politikoen Kolektiboak 2013an kaleratutako Miarritzeko Adierazpenaren ostean, berriz, 150 iheslarik hartu dute Euskal Herrira itzultzeko bidea.

Halere, guztiak itzuli ahal izateko hainbat pauso eman behar direla adierazi du Kalera dinamikak: Espainiako Auzitegi Nazionalak iheslari eta deportatuen egoera juridikoaren berri ematea euren abokatuei; «torturekin kutsatuta dauden sumarioak» bertan behera uztea; preskripzioaren kontaketa «mendekuaren eta errepresioaren irizpideekin» ez egitea; «oinarri juridikorik gabeko» deportazioak amaitzea; eta iheslariak etxera ekartzea, «adinak eta osasun egoerak hala eskatzean».

Oria ibaian behera

Orioko ekinaldia «agur eta ongietorrien» metafora izango da. Izan ere, ontzietan jaitsiko dute Oria ibaia, eta iheslari eta deportatu ohiei harrera egingo zaie portu ondoko zubian. «Nahiz eta agurtzeko aukerarik ez izan, iheslari eta deportatuei ongietorria emateko irrikan gaude», adierazi zuen Ubegunek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.