Altsasuko auziko zigorrei «neurriz kanpoko» iritzi die parlamentuak

Helegiteen inguruan ebatzi arte, preso direnak kaleratzeko eskatu du. Iruñeko Udalak eta Nafarroako Gobernuak ere bat egin dute

gotzon hermosilla
2018ko ekainaren 5a
00:00
Entzun
Espainiako Auzitegi Nazionalak Altsasuko auziko gazteei ezarritako zigorrek segitzen dute zeresana ematen. Nafarroako Parlamentuak adierazpen bat onartu du, Gobernua sustatzen duten indarren babesarekin eta UPN, PP eta PSNren kontrako botoekin, eta han azaldu du ez duela bat egiten epaiarekin, «neurriz kanpokoa» iruditzen zaiolako.

Parlamentuaren aburuz, Altsasun 2016ko urriaren 15ean jazotakoak «gertaera hits eta tamalgarriak» izan ziren, eta «inoiz» ez ziren gertatu behar. Baina, era berean, pentsatzen du «neurrigabekeria» auzibide osoan egon dela, gertaerak «delitu terroristatzat» jo zituztenetik Auzitegi Nazionalak zigorra ezarri arte.

Nafarroako Parlamentuak gogorarazi du «neurrigabekeria» horiek gaitzetsi egin dituela beti; esaterako, epaileek erabaki zutenean auzipetuetako hiru espetxea atxikitzea. Hortaz, orain ere, eta epaiari helegitea jartzea dagoela kontuan hartuta, bide hori amaitu arte gazteak kalean egon daitezela eskatu du parlamentuak

Auzia Espainiako Auzitegi Nazionalera eraman izana ere gehiegikeriatzat jo du parlamentuak. «Gertaerak Nafarroako Probintzia Epaitegiak ikertu, epaitu eta, behar izanez gero, zigortu beharko zituzkeen, baina Auzitegi Nazionalak afera bere gain hartu zuen delituak izaera terroristakoak zirelakoan; orain, epaiak baztertu egin du kalifikazio hori», azaldu dute.

«Presio politikoa»

Parlamentuak gogora ekarri du auziaren inguruan «presio politiko eta mediatikoa» egon dela, eta horrek ekarri duela gertaerak «terrorismo» gisa jotzea eta «[Espainiako] Estatuaren beste edozein lekutan antzeko gertaerengatik ezartzen ez diren zigorrak» ezartzea.

Horregatik, parlamentuak «prestasuna» agertzen du «bakearen eta bizikidetzaren alde» lanean jarraitzeko, eta Altsasuko bizilagunei ere «bide horregatik segitzeko» dei egin die, erakutsi duten «jarrera zibikoa» aitortzeaz batera. Ekainaren 16an Iruñean antolatuko duten manifestazioarekin ere bat egin du parlamentuak.

Koldo Martinez (Geroa Bai), Adolfo Araiz (EH Bildu), Carlos Couso (Ahal Dugu) eta Marisa de Simon (Ezkerra) bat etorri dira epaiaren kritikan.

Nafarroako Gobernuak ere, Maria Solana bozeramailearen bidez, zigorren «neurrigabekeria» salatu du, nahiz eta epaiaren sakoneko edukiaz iritzirik ez eman «konplexua» delako. Solanak esan du auziaren inguruan zuten «kezkak» bere horretan dirauela, «Espainiako justizia behar bezain justua ote den».

Iruñeko Udalak bat egin du Gobernuaren eta Parlamentuaren balorazioarekin, eta «zigorren neurrigabekeria» salatu du.

MFSren gaitzespena

MFS Munduko Federazio Sindikalak ere gaitzetsi ditu Altsasuko auziko gazteei ezarritako zigorrak. Munduko hainbat sindikatu biltzen ditu MFSk,92 milioi langile ordezkatzen ditu, eta federazioak Atenasen (Grezia) duen idazkaritzak plazaratu du auziari buruzko iritzia.

MFSren iritziz, zigorrak bat datoz Espainiako Estatuaren estrategiarekin «herri sektoreak beldurtu eta kikiltzeko». «Injustizia soziala, herritarren pobretzea eta lan arloko lorpena erauztea indartzen badira, autoritarismoa eta errepresioa ere gogortu egiten dira», azaldu dute.

MFSk gogorarazi du edonork duela bere iritziak direla-eta jazarria ez izateko eskubidea, eta «elkartasuna» berretsi die «Espainiako Estatuko herriei burgesiaren eta kapitalaren kontrako borrokan».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.