Sakabanaketaren aurka gaur zortzi jendetza bilduko dela ziur da Sare

Bilbon egingo den ekitaldian arlo politiko, juridiko eta kultural askotako pertsonak batuko direla iragarri du.Joateko eskatu du Etxerat-ek

Aitziber Laskibar Lizarribar.
Bilbo
2014ko irailaren 13a
00:00
Entzun
«Espainiako Gobernuak euskal presoei mendekuz ezartzen dien espetxe politika salatzeak ez du biktimen aurka egiten». Hitz horiekin erantzun die Joseba Azkarraga Justizia sailburu ohiak eta Asun Landa irakasle izandakoak, Sare-ren izenean, gaur zortzi presoen sakabanaketaren aurka egitekoa diren ekitaldia zapuzteko saioei. Sakabanaketa salatzea giza eskubideak aldarrikatzea dela adierazi dute. Eta edozein pertsonaren eskubideak eskatzea, legezkoa ez ezik, herritarren betebeharra ere badela.

Hortaz, debekatzeko saioak mahai gainean dauden arren, seguru daude ekitaldia egin egingo dela. Jendetza bilduko dela diote, gainera, eta eremu zein ideologia ugaritako pertsonak izango direla bertan. Jakinarazi dute arlo politiko, instituzional, juridiko, akademiko eta kultural askotako herritarrek parte hartuko dutela, eta horien izenak «sorpresarako» utzi dituzte gordeta. Haiekin batera, giza eskubideen alde dauden pertsona guztiei gonbita egin diete hilaren 20an, 18:00etan, Bilboko Miribilla auzoan dagoen Bilbao Arena pabiloira joateko. «Ideologia guztietakoei».

Espainiako Gobernuak EAEn duen ordezkari Carlos Urkijoren eskariz, Estatuaren abokatuak ekitaldia behin-behinean eteteko eskatua du. Biktimak umiliatuko direla argudiatuta debekatu dezala. Baina seguru daude epaileek ez dutela eskakizuna onartuko. Astakeria litzatekeela eskubideak aldarrikatu nahi dituen ekitaldi bat badaezpada debekatzea, «aurrez suposatuz» han zer gertatuko den. «Urkijok kristalezko bola bat duela dirudi, eta hark esaten diola ekitaldian delitu egingo dela», esan du Azkarragak ironikoki.

Ekitaldia badaezpada debekatzeak adierazpen askatasunerako, elkartzeko eta manifestatzeko eskubideak urratuko lituzkeela diote. «Eta kontzeptu horiek Urkijok hainbeste babesten duen Konstituzioan jasota daude».

Bada Sareko kideak harrituta dituen beste zerbait ere: «Ez dugu ulertzen zergatik jarraitu nahi duten orain arte bezala, elkarbizitzarako bidean harriak jartzen eta gauzak zuri-beltzean ikusi nahian, Nodoa balitz bezala, argi dagoenean euskal gizarte osoak aurrera egin nahi duela».

Elkarbizitzarako deia egin dute. «Garai berri batean gaude eta errezeta zaharrek ez dute garai berrietarako balio». Hortaz, «zentzuz» jokatzeko eskatu die epaile eta fiskalei. Herritarrei, giza eskubide guztien alde mobilizatzeko: «Guztion artean lor dezakegu».

Bien bitartean, astebururo bezala, presoen ehunka senide eta lagun errepidean dira hurkoak ikusi ahal izateko. Ostiralero bezala, Andaluzia aldera doan autobusa hartu zuten atzo arratsaldean hainbatek, eta Etxerat-ek, bidaiariak agurtzearekin batera, elkarretaratzea egin zuen. «Berriz ere, autobusean gaude», esan zuen Arantxa Maiz senideak. «1.100 bat kilometro egin behar ditugu gaur gauean, eta beste 1.100 bihar». Hori behingoagatik amaitzeko garaia dela aldarrikatu, eta «bide horretan mugarri» izango den ekitaldian parte hartzeko eskatu zuen. «Sakabanaketaren harresia guztion artean birrindu behar dugu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.