Legealdiko azken urtea uste baino lege gutxiago onartuta hasiko dute

Eusko Jaurlaritzak agintaldiaren hasieran aurreikusitako 28 legeetatik zazpi onartu ditu Legebiltzarrak. Aurtengo urte poltikoan bost lege jo dituzte ontzat; bi, PPren jarrerari esker

Iñigo Urkullu lehendakariaPolizia Legea onartzeko osoko bilkuran, maiatzean, Eusko Legebiltzarrean. DAVID AGUILAR / EFE.
Olatz Enzunza Mallona.
2019ko uztailaren 26a
00:00
Entzun
Azken urte politikoa ez da emankorra izan Eusko Legebiltzarrean, legeak onartzeari dagokionez: aurreikusitako 28 egitasmoetatik lau baino ez dituzte onartu. Horien artean bi, PPren jarrerari esker, urteko azken osoko bilkuran: Polizia Legearen moldaketa eta Euskal Estatistika Planaren Legea. Arrazoi nagusietako bat da boto bat falta duela Eusko Jaurlaritzak (EAJ-PSE) legebiltzarrean gehiengo osorako, eta horrek zuzeneko eragina izan du lege egutegia betetzeko orduan. Adostasunak lortzeko zailtasunak izaten ari dira EAJ eta PSE-EE, eta lege egitasmo eta proiektuak aurrera ateratzeko oposizioaren babesa lortzea ez zaie ari erraza izaten.

Iñigo Urkullu Jaurlaritzako lehendakariaren gobernua agintaldiaren hasieran aurreikusita zeuzkan proiektuen laurdena bakarrik onartuta iritsi da agintaldiko azken urtera. Urkulluk 2016ko udazkenean agintea berriro hartu zuenean, lau urtean 28 lege aurrera ateratzeko konpromisoa hartu zuen, baina horietatik zazpi lege baino ez dira onartu legebiltzarrean. EAJk Mariano Rajoy Espainiako presidente ohia kargugabetzeko zentsura mozioarekin bat egin ostean, PPrekin zituen zubiak hautsi zituen, baina badirudi berriro harremana berreskuratzen ari direla bi alderdiak, ekaineko osoko bilkurako legeek PPri esker egin baitute aurrera.

Polizia Legea EAJren, PSEren eta PPren babesarekin onartu zuen legebiltzarrak. Polizia Legearen bosgarren aldaketa izan da onartutakoa, eta polemikoa izan da onarpena. Izan ere, legeak jasotzen du udalek udaltzainak kontratatu ahal izango dituztela,behin-behinean, Espainiako Auzitegi Gorenaren epaiaren aurka —behin betiko kontratua egitera behartzen ditu—. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 600 udaltzain baino gehiago daude behin-behineko kontratuarekin. EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek legearen aurka bozkatu zuten. Udaltzainen kontratazioaz gain, bestelako berritasunak ditu legeak; besteak beste, Ertzaintzara eta udaltzaingoetara sartzeko gehienezko adinaren igoera —35 urtetik 38ra—, eta ertzain andreak lantaldearen %33 izatea.

Euskal Estatistika Planaren Lege proiektua PPren abstentzioari esker lortu zuten EAJk eta PSE-EEk. Jaurlaritzako bi alderdiek iazko ekainean aurkeztu zuten egungo DSBE Diru Sarrerak Bermatzeko Errenta arautzen duen legea aldatzeko proposamena, baina, nahikoa babesik ez zutela ikusita, kendu egin zutenorduan. Proposamen berriak jasotzen duen aldaketarik nabarmenena DSBEaren ordainaren kalkulua da, gutxieneko soldataren arabera egin beharrean oinarrizko gastuen adierazle baten bidez egitea. Legearen xedea, datozen lau urteetan Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako estatistika jarduera arautuko duen tresna bilakatzea da.

Bi lege horiez gain, polizia gehiegikerien legea eraberritu dute Eusko Legebiltzarrean. 1978 eta 1999 arteko polizia abusuen biktimak aitortzen ditu. 2016an Legebiltzarrean onartutako legeari aldaketak egin behar izan zizkioten, PPk Espainiako Auzitegi Konstituzionalaren aurrean helegitea aurkeztu zuelako. Pedro Sanchez (PSOE) Espainiako Gobernura iristean, erretiratu egin zuen errekurtsoa. Hala ere, Konstituzionalaren helegitea gainditzeko, edukia moldatu eta PPren gobernuaren errekurtsoa behin betiko artxibatu egin zuten. PPk babestu egin zuen legea.

Aurreko legeez gainera, azkenengo urte politikoan onartutako legeak izan dira Jasangarritasun Energetikoarena eta Kultur Ondarearena. Gainerako legeak aurreko urte politikoan onartu zituzten: Euskadiko Portuen eta Itsas Garraioarena, Lanbide Heziketarena, eta Dopinaren aurkako Legea aldatzekoarena.

Onartu gabeko beste 21 legeetatik, legebiltzarrera bidean dauden legeak, berriz, bost dira: Kirolaren arloko ogibideetan lanean hasi eta aritzeari buruzko foru legearen aurreproiektua, Herri Administrazioen zigortzeko ahalmenari buruzkoa, Kooperatiben Legea, Euskal Enplegu Publikoaren lege proiektua eta Xedapen Orokorrak egiteko prozedurari buruzkoaren aldaketa. Lege proiektuaren tramitazioa luzea ohi da. Hilabete ugari igarotzen da egitasmoa erregistratzen denetik osoko bilkuran bozkatzen duten arte. Lege proposamen gisa tramitatutako legeak hiru dira. Gainerako hamahiruak, berriz, onesteko zain dauden lege proiektuak. Legegintzaldi honetan onartu behar zuten, bestalde, erkidegoko Estatutu Politiko berria, baina aditu lantaldeak azarora arteko epea eskatu du testu artikulatua osatzeko.

Lege proposamenak bidean

Agintaldiaren hasieran aurreikusitako 28 proiektutatik 21 onartzeko bidean daude oraindik. Hortaz, Eusko Jaurlaritzak 21 lege horiek bideratu eta onartu beharko ditu, aurreikusitako programa bete nahi izanez gero. Erronka handia da, kontuan hartuta aurreneko hiru urteetan zazpi lege baino ez dituztela onartu.

Uztail eta abuztuan ez da osoko bilkurarik izango. Beraz, legealdiko tramite guztiak datorren urte politikoan egin beharko lituzkete. 2020ko aurrekontuak onartzea erabakigarria izango da Urkullu lehendakariarentzat. Irailean jarraituko dute aurrekontuak onartzeko babes bila eta negoziazioak egiten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.