Albistea entzun

Polizien jaiegunak, atxilotutako migratzaile kopuruaren arabera

Agiri batek jasotzen du etorkin bat atxilotzeagatik hiru jaiegun lortzen zirela; bi atxilo hartuz, lau egun; eta hamar hartuta, bost. Baliogabetu egin dute Irungo komisariako agindua
Migrazio politiken aurkako protesta bat Irun eta Hendaia artean, Santiago zubian.
Migrazio politiken aurkako protesta bat Irun eta Hendaia artean, Santiago zubian. JAGOBA MANTEROLA / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Jone Bastida Alzuru -

2023ko ekainak 8

Harrabotsa sortu du Irungo komisarian agertu den agiri batek. Irungo Atzerritarren eta Mugen Brigadako buruak sinatutako ohar bat da, eta, hartan, jaiegunak eskaintzen dira atxilotutako migratzaile kopuruaren arabera. Atzo, astelehena, egon zen agiria jendaurrean, eta agindua bertan behera utzi zuen ondoren Poliziaren EAEko buruzagitza nagusiak. Halaber, Poliziaren zuzendaritza nagusiak espediente bat ireki dio brigadako inspektoreburuari.

Oharrean jasotzen zenez, uztailaren 1etik aurrera Espainiako Poliziak «konpentsazio egunak» emango zizkien agenteei asteburuan atxilotutako migratzaile kopuruaren arabera. Inor atxilotu ezean, bi jaiegun izango zituzten; bat atxilotuz gero, hiru egun; bi atxilotzetik gora, lau egun; eta hamar atxilotzetik gora, bost egun.

Irungo Harrera Sareak jazotakoa gaitzetsi du, eta jakinarazi «sinetsi ezinda eta arduraz» jaso dutela berria. «Migratzaileen oinarrizko eskubideak, atzerritartasun gaietan indarrean dagoen legedia eta Poliziaren lan eskubideak ez errespetatzea eta zapaltzea onartezina da, eta, esan bezala, harrigarria eta asaldatzekoa».

Hala, besteak beste, eskatu du neurri horiei aktiboki erantzun, erantzukizunak argitu, eta behar diren dimisio guztiak emateko. Polizia erakundeei ere galdegin die giza eskubideak errespetatzea eta agenteak arrazismoaren aurka borrokatzeko prestatzea. «Proposamen horren bidez, oraindik segurtasun indarretan gera daitekeen arrazismoa legitimatzen du Poliziak, eta indarrean dauden balio demokratikoak deslegitimatzen ditu».

Migratzaileek oinarrizko eskubideak dituztela gogorarazi du Harrera Sareak, eta azpimarratu horietako bat dela «bizitza hobetzeko edo salbatzeko bidaiatzea». Gainera, hala esan du: «Paperik ez izatea falta administratiboa da, ez delitu penala».

Gipuzkoako SOS Arrazakeriak ere salatu du arau hauste administratibo batengatik pertsonak atxilotzea oinarrizko eskubideak urratzea dela. Irunen jazotakoa arrazakeria instituzionalaren beste adibide bat dela uste du, eta halakoak gertatzen direla azaldu. «Arazoa da argitara atera dela. Horregatik ireki zaio espedientea brigadako buruari, eta hori aurpegia zuritzea baino ez da. Hori ikusten dugu egunero, adibidez, Ceuta eta Melillako hesietako polizia jardunean».

Denis Itxaso Espainiako Gobernuak Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan duen ordezkariak ere hartu du hitza, eta adierazi garaiz eten den «zentzugabeko huts bat» izan dela. Hala ere, ñabardura bat egin du, eta esan agiriak ez duela zehazten atxilotuek migratzaileak izan behar dutenik.

Jupol Espainiako Poliziaren sindikatu nagusiak ere agindua salatu du sare sozialetan. Intzidentzien modalitateko zerbitzua behar bezala araututa dagoela esan du, eta Irunen jazotakoa kritikatu: «Badirudi bultzatzen ari direla jende gehiago atxilotzea atzerritar izateagatik». Sindikatuaren arabera, Irungo polizia etxeak «presio handia» du immigrazioagatik, eta brigadako buruak emandako agindua «ezkutuan egindako presioa» da agenteak behartzeko etorkin gehiago atxilo hartzera.

Sarri ematen du zeresana Irun eta Hendaia arteko mugak. Mugimenduek hainbat aldiz salatu dute Poliziaren jokabidea, eta bide ez-seguruak hartzeko arriskuaz ohartarazi. Hain zuzen, Bidasoko mugan azken bi urteotan hil diren migratzaileak gogoratzeko omenaldi ekitaldia egin zuten otsailean. Bi urtean gutxienez bederatzi etorkin hil dira.

Duela gutxi, berriz, Frantziak immigrazioa kontrolatzeko erabiltzen duen muga politika salatu zuten Anafe atzerritarrentzako mugetako laguntzarako Frantziako elkarteak eta CAFI Barne Mugetako Ekintza Koordinakundeak. Maiatz hasieran txosten bat argitaratu zuten 2019 eta 2022 artean egin dituzten behaketa lan, migratzaileen lekukotasun bilketa eta tokiko eragileekin bildutakoan ateratako emaitzekin: agerian utzi dute kontrol horiek «ilegalak» direla, eta ondorio latzak dituztela salatu dute.

Asko balio du irakurri duzun albiste/artikulu honek. Talde baten lanaren emaitza da.

Albiste hau zuri helarazteko eta talde honek bere lana baldintza egokietan egin dezan, BERRIAk ezinbestekoa du zure sostengua.

Zure babes ekonomikoarekin, aldi hau kontatzeko funtzioa betetzen jarraitu nahi dugu: kazetaritza konprometitu, kalitatezko eta independentea egiten.

Albiste gehiago

Kilometroak jaiaren une bat, gaur, Errenterian (Gipuzkoa). ©Maialen Andres / Foku

Kilometroak 2023, «marea bizi bat» Errenterian

Arantxa Iraola

Gipuzkoako ikastolen festak jendea erruz erakarri du, giro paregabean

Ikasle batzuk pantailen bidez ikasten, artxiboko irudi batean. ©GORKA RUBIO / FOKU

EZ ETSAI, EZ PANAZEA

Oihana Teyseyre Koskarat - Ion Orzaiz - Irati Urdalleta Lete

Ordenagailuak eta arbel digitalak Euskal Herriko eskolen parte bihurtu dira, baina hezkuntzaren digitalizazioa kezka ere pizten ari da azkenaldian. Adituek iritzia eman dute, eta hauxe ondorioa: ezer ez da zuri edo beltz, eta erabaki guztiak hausnartuta hartu behar dira.

Ikasnova gunea, Nafarroako ikastetxe batean. ©NAFARROAKO GOBERNUA

Iruñea. Ikasgela bat hezkuntza berritzeko

Ion Orzaiz

Iruñeko San Frantzisko ikastetxea Ikasnova proiektura batu zen iaz. Chromebook-ak erabiltzeaz gainera, eskolaren metodologian txertatu dituzte robotika eta IKTak, «edukiak beste era batera lantzeko».
Ikasleak Luberri sistema eragilea erabiltzen, Antigua-Luberri ikastetxean. ©MAIALEN ANDRES / FOKU

Donostia. Arazoari etxeko konponbidea

Irati Urdalleta Lete

Donostiako Antigua-Luberri eskolan Luberri sistema eragile «propioa» garatu dute. Dagoeneko zenbait eskolatara zabalduta dago.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...