Albistea entzun

«Manifestazio nazionalera» deitu du EH Bilduk azaroaren 18rako

«Euskal Herriak auzi nazionalen inguruko eztabaidan egon behar duelako» egingo du mobilizazioa koalizioak, Bilbon. Otegik lan isila eskatu du inbestidura negoziaziorako
EH Bilduko koordinatzaile nagusi Arnaldo Otegi, atzoko agerraldian.
EH Bilduko koordinatzaile nagusi Arnaldo Otegi, atzoko agerraldian. BERRIA Tamaina handiagoan ikusi

Xabier Martin -

2023ko irailak 19

EH Bilduk «kalera» ateratzeko deia egin die herritarrei, azaroaren 18rako, Bilbon. «Manifestazio nazionala» egiteko garaia dela uste du koalizioko koordinatzaile nagusi Arnaldo Otegik, Espainian «eztabaida zentral bat» abiatu baita jada «lurraldetasunaren inguruan». Azaroaren 18rako, Pedro Sanchezek gobernua osatua izango du Madrilen ala zabaldua izango da hauteskundeak berriro egiteko deia. Hala ziurtatu zuen Otegik atzo, eta herritarrak kalera ateratzeko garaia dela azaldu, «arazo nazionalei irtenbide demokratikoa ematearen alde».

Izan ere, koalizio abertzaleko buruak esplikatu zuen Espainiako eskuina eta eskuin muturra kalera aterako direla laster, baina ez amnistiaren aurka soilik, «baita 78ko erregimenaren alde ere». Otegik esan zuen euskal herritarrek «rol zentral bat» jokatu behar dutela «jada abian» den eztabaida garrantzitsu horretan, «eredu autonomikoa erabat agortuta» ikusten baitu, eta Sanchez Moncloara eramateko «funtsezkoak» izango baitira «indar plurinazionalak». Hori guztia kontuan hartuta deitu du manifestazio handi batera EH Bilduk, baina azken urteetan sasoi berean Bilbon egin dituen deialdiekin lotuta; «Euskal Herriak arazo nazionalentzako irtenbide demokratikoa» eskatu behar du, Otegiren ustez.

Inkesta interesatuak

Otegik erreparatu zien indar plurinazional horien artean dago JxC, eta, amnistia eskatzeaz gain, Kataluniako gatazka politikoa gainditzeko aldebakartasunari uko ez egiteko helburua finkatu berri du, PSOErekin abian duen negoziazioari begira. Otegik esan zuen ez duela ezer Puigdemont Generalitateko presidente ohiari esateko, baina, oro har, baduela mezu bat: «Guk isiltasun zuhur bati eusten diogu. Urregile baten lana egiten ari gara, baina pilota PSOEren teilatuan dago. Hobe dugu zarata gutxi eta lan asko egiten badugu». EH Bilduk inbestidurako negoziazio horietan egin dituen eskaeren inguruko galderari erantzunez, koalizioko buruak ziurtatu zuen «ohiko politikan lerro gorriak» jartzea normala dela, baina hori ez dela EH Bilduren «estiloa».

Bestalde, EH Bilduko koordinatzaile nagusiak garrantzia kendu zion koalizioak Eusko Legebiltzarrerako 2024ko hauteskundeak irabaziko lituzkeela islatu duen El Mundo egunkariaren inkesta bati. Otegiren arabera, inkesta horren helburua da «EAJri esatea PPrekin batera joan behar duela». Horregatik, uste du galdeketa horrek «sinesgarritasun gutxi» duela, nahiz eta garbi utzi zuen EH Bildu garaile izan daitekeela hamar hilabete barru. «Gu zirimiri bat gara; ez gaude obsesionaturik gobernatzearekin», erantsi zuen.

Edonola ere, koalizioko buruak bi aukera besterik ez ditu ikusten Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak deitu behar dituen bozetarako: batetik, «aliantza politiko agortu bat dago, zuri-beltzean eta ezinean» ari dena, eta, bestetik, «herritarren benetako arazoekin hobeto konektatzen duen alternatiba bat».

EAJ eta PPren arteko bilera

Aitor Esteban EAJko Kongresuko bozeramailea eta Cuca Gamarra PPko Kongresuko bozeramailea elkartu egin ziren atzo, Alberto Nuñez Feijooren inbestidura saioari loturiko negoziazioa zela eta. Bileraren ostean Estebanek berretsi zuen EAJk ezetza emango diola Feijoori. «Oso argi esan genuen: ez dugu parte hartuko Voxen botoak behar dituen batuketa parlamentario batean», gogorarazi zuen Estebanek, hauteskundeen biharamunean esandakoa errepikatuz. Azaldu zuen atzoko batzarrean, aurrekoetan bezala, ez zutela edukiei buruz eztabaidatu ere egin. Eta kazetarien galderei erantzunez jakinarazi zuen EAJko presidente Andoni Ortuzar eta PPko buru Alberto Nuñez Feijoo hilaren 7an batzartu zirela inbestiduraz hitz egiteko, eta joan den astean ere hitz egin zutela, telefonoz.

Hain justu ere, Sanchez Moncloara eramango lukeen negoziazioaz hitz egin zuen Ortuzarrek atzo Radio Euskadin; ohartarazi zuen «nahia eta errealitatea» ez direla nahastu behar, eta aditzera eman zuen negoziazioa ez doala EAJk nahi bezain azkar.«Urduritasun gerra bateko fase bat» ikusten du jeltzaleen buruak, eta gako bat eman zuen egoera ulertzeko: «Nork du beldur handiagoa hauteskundeak berriz egiteko?».

Batera edo bestera, EAJko presidenteak abisu argia eman zion PSOEri, alderdi horrek «soilik inbestiduraz» hitz egin nahi omen du eta, «eta ez legealdiaz». Hau da, nabarmendu zuenez, Sanchez Espainiako presidente egin aurretik EAJk jakin behar du zertarako izan nahi duen presidente. «Soilik eskuinak ez gobernatzea ez baita nahikoa arrazoi». Erantsi zuen azaldu behar duela Euskal Herriko eta Kataluniako gatazkekin zer egin nahi duen.

Asko balio du irakurri duzun albiste/artikulu honek. Talde baten lanaren emaitza da.

Albiste hau zuri helarazteko eta talde honek bere lana baldintza egokietan egin dezan, BERRIAk ezinbestekoa du zure sostengua.

Zure babes ekonomikoarekin, aldi hau kontatzeko funtzioa betetzen jarraitu nahi dugu: kazetaritza konprometitu, kalitatezko eta independentea egiten.

Albiste gehiago

Zelaia etaBarbado Gobernu Militarrean ©Ankerkeriari Stop

Aitor Zelaia eta Galder Barbado gazteak atxilotu dituzte

Unai Etxenausia - Edu Lartzanguren

18:30ean, Gasteizko Artium Museotik abiatzekoa zen haien askatasunaren aldeko manifestazioa, baina atzeratu egingo dela adierazi dute antolatzaileek

Zaballako espetxea, artxiboko argazki batean. / ©Raul Bogajo, Foku

Bi urte pasatu dira Jaurlaritzak espetxe politika bere gain hartu zuenetik

Mikel Elkoroberezibar Beloki

Basauriko, Martuteneko eta Zaballako espetxeetan 1.577 pertsona daude preso. Jaurlaritzak esan du azken bi urteotan «euskal espetxe eredua» garatzea baldintzatu dutela azpiegituren «gabeziek».

Xabi Thikoipe, gaur goizean, hitza hartu duenean ©Ekhi Erremundegi Beloki

«Madrilen euskaraz egin daiteke, eta Baionan ez»

Ekhi Erremundegi Beloki

Euskal Hirigune Elkargoan euskaraz aritzeko eskubidea eskatu du Xabi Thikoipe Bil Gaiten taldeko hautetsiak ikasturte honetako lehen batzarrean. Haren ustez, momentua baliatu behar da Frantziako Estatuari eskaerak egiteko.

Euskal Hirigune Elkargoko batzarra, maiatzean. ©PATXI BELTZAIZ

Lehen bilana elkargoarentzat

Ekhi Erremundegi Beloki

Urte politiko berria abiatzearekin, funtzionamenduan, barne demokrazian eta lurraldekako inbertsioetan eragin nahiko lukete talde politikoek, hautetsiak eta herritarrak Euskal Hirigune Elkargotik hurbilago sentitu daitezen.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...