Bihoelek Hazi salatu du, Eroskiri «mesede tratua» eman diola iritzita

Bizkaiko 110 ortuzainen elkarteak salaketa jarri du Lehiaren Euskal Agintaritzan, uste duelako Hazik baldintza hobeak eman dizkiola Eroskiri Eusko Label Kalitatea marka erabili ahal izateko

Bihoel elkarteko ordezkarien prentsaurrekoa, atzo, Bilboko Kafe Antzokian. MARISOL RAMIREZ / FOKU.
Jon Fernandez.
2018ko uztailaren 10a
00:00
Entzun
Bizkaiko 110 ortuzain biltzen ditu Bihoel elkarteak —tomateak, letxugak eta landare apaingarriak ekoizten dituzte—, eta hogei urte darama elkarlanean Hazi Fundazioarekin (Kalitatea Fundazioa zenarekin), Eusko Label Kalitatea markari «prestigioa emateko», Pablo Arrate Bihoeleko presidentearen esanetan. Baina duela bi urte desadostasuna sortu zen Bihoelen eta Haziren artean, fundazioak erabaki zuelako Eroskiren Eroski Natur markari baimena ematea Kalitatearen K marka erabiltzeko, Bihoelen kontrako iritziarekin. Atzo Bilbon egindako prentsaurrekoan, Arratek azaldu zuen elkarteak salaketa jarri duela Lehiaren Euskal Agintaritzan:«Kalitatea ziurtatzen duen marka publiko bat ezin da nahastu beste mota bateko marka pribatu batzuekin».

Hazi fundazioa Eusko Jaurlaritzaren Ekonomiaren Garapen eta Azpiegituren Sailaren tresna bat da, eta, Bihoeleko presidentearen iritziz, Bizkaiko nekazarien interesen alde egin beharko luke lan. Hori egin ordez, salatu du Eroskiri «mesede tratua» eman diola. Arratek azaldu du Bihoelek bi urte daramatzala Hazirekin eta administrazio publikoekin negoziatzen atzera bota dezan Eroskiri bere produktuetan K marka erabiltzen lagatzeko erabakia, baina ez dute lortu. Gaiaz galdetutakoan, Eusko Jaurlaritzak azaldu du oraingoz ez duela adierazpenik egingo.

Ikusirik Hazi Fundazioak azken bi urteetan ez duela jarrerarik aldatu, Bihoelek salaketa jarri du Lehiaren Euskal Agintaritzan, eta Jon Artatxo abokatuak esplikatu du zein den salaketaren funtsa: elkarteak uste du lehiarako eskubidea urratu dutela. Abokatuaren hitzetan, Hazik Eusko Label Kalitatea marka erabiltzeko baldintza hobeak eskaini dizkio Elorrioko kooperatibari, eta beraz «diskriminatu» egiten ditu produktuak kalitate zigilu horrekin merkaturatzen dituzten beste ekoizleak.

Urteetako lana «arriskuan»

Bizkaiko letxuga eta tomate ekoizleen elkarteko ordezkariek Lehiaren Euskal Agintaritzan jarritako salaketaren arabera, Hazi fundazioaren eta Eroskiren arteko harremanak lehiaren defentsarako legearen 3. artikulua urratu du. Artikulu horrek, hain zuzen, legez kanpokotzat jotzen ditu lehia faltsutzen duten eta interes publikoari eragiten dioten praktikak.

Elkarteak ekainaren amaieran jarri zuen salaketa, eta, Lehiaren Euskal Agentziak ez baldin badu aintzat hartzen, Artaxo abokatuak iragarri du Bihoel elkartea prest dagoela «joan beharreko lekuraino» joateko Bizkaiko ekoizleen eskubideak defendatzeko, baita Europako Batasuneko instituzioetara jo behar baldin badute ere.

Bihoeleko ekoizleen ordezkariek azaldu dute azken urteetan diru eta baliabide asko inbertitu dituztela euren ustiapen txikiak eta ekoizpen prozedurak Hazi fundazioak eskatutako kalitate gutxienekoetara egokitzeko. «Hain zuzen ere, lan horri esker, gaur egun, kontsumitzaileekK Kalitatea marka ezagutzen dute, eta ziurtatutako kalitatezko tokiko produktutzat jotzen dute; kalitatezkoa, bai arlo organoleptikoan [zaporea, usaina, testura, kolorea, eta tenperatura, besteak beste], bai elikaduraren segurtasunaren arloan».

Hori dela eta, Haziren erabakiak orain bi hamarkadatako lana «arriskuan» jartzen duelakoan daude Bizkaiko ortuzainen elkartekoak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.