Espainiako Auzitegi Gorenaren epaia. Erreakzioak Euskal Herrian

Ezker abertzaleak «urrats ausart eta sendoak» egiteko eskatu du

Kataluniarekin «ahaleginak koordinatzea» proposatu dute, ezker abertzaleko kide ugarik egindako agerraldian. Gure Esku-ren manifestazioa 17:30ean izango da, Donostian

Ezker abertzaleko kideak, atzo, Bilbon. LUIS JAUREGIALTZO / FOKU.
gotzon hermosilla
Bilbo
2019ko urriaren 16a
00:00
Entzun
Espainiako Auzitegi Gorenak Kataluniako buruzagi independentistei ezarritako zigorraren aurrean, ezker abertzaleak uste du beharrezkoa dela «protesta zorrotzak eta indartsuak» antolatzea eta «amorrua kalera ateratzea». Baina harago joan nahi du: «Demokrazia eta burujabetza eskuratzeko estrategiak urrats ausartak eta sendoak eskatzen dizkigu, urrats estrategikoak, begirada luzekoak». Eta urrats horien artean, Kataluniaren eta Euskal Herriaren artean «indarrak artikulatu eta ahaleginak egoki koordinatzea» proposatu dute.

Ezker abertzaleko kide ugarik agerraldia egin dute Bilbon, Euskalduna ontziola egon zen lekuan, Karola garabiaren abaroan. Langile borrokaren historiako leku enblematikoa eta Espainiako azken hiru estatuburuen irudi itzulipurdikatuak aukeratu dituzte Herrien autodeterminazio eskubidearen alde izeneko agiria ezagutarazteko. Sortuko idazkari nagusi Arkaitz Rodriguezek «oso larritzat» jo du Kataluniako buruzagi independentisten kontrako epaia.

«Epaileek sinatu badute ere, erabakia [Espainiako] estatuarena da», azaldu du Rodriguezek; «arrazoi juridikorik ez dago, estatu arrazoia besterik ez». Haren iritziz, epaiak «demokraziaren oinarrien suspentsioa eta salbuespen egoeraren ezarpena» dakar: «Euskal Herrian aspaldidanik inposatutako salbuespen egoera Kataluniara hedatu da».

Rodriguezek esan duenez, Auzitegi Gorenaren erabakiak erakusten du ezker abertzaleak urteetan egindako analisia «zuzena» zela: «Afera ez zen indarkeria, politika baizik. Desobedientzia zibil baketsua eta borroka armatua berdindu dituzte; orain guztientzat gauza jakina da autodeterminazioaren defentsa baketsuak ere kartzelara eramaten zaituela».

Rodriguezek lotu egin ditu Kataluniako buruzagi independentisten aurkako epaia eta Altsasuko gazteen aurkakoa, eta esan du bi epai horiek «joko zelai politikoa astindu» egin dutela, eta egoera berriak «denak» interpelatzen dituela: «Batzuk zein besteak jarrera hartzera behartuak gaude, izan agenda autoritarioaren aldekoak, izan sakoneko demokratizazioaren eta burujabetza berreskuratzearen aldekoak. Ez dago besterik, ez dago hirugarren biderik».

EAJ eta Ahal Dugu aipatu ditu Rodriguezek bereziki, «saldu nahi izan diguten fantasiazko hirugarren bide horretan kokatu nahian aritu direlako», eta «aitzakiarik gabe» jarrera bat hartzeko deia egin die: «Madrilen alboan edo Zaragoza aldean ez, Bartzelonaren alboan kokatzeko garaia da».

Ezker abertzaleak uste du beharrezkoa dela «protesta zorrotz eta indartsuak» antolatzea eta «amorrua kalera ateratzea», eta horregatik bat egin du datozen egunetarako Ernaik, Gure Esku-k eta sindikatu gehienek egingo dituzten deialdiekin, «mundu osoan jakin dezaten ez gaudela geldirik eraso autoritario honen aurrean».Baina, haien ustez, hori bezain garrantzitsua da «urrats estrategiko eta begirada luzekoak» egitea, eta proposatu dute «indarrak artikulatu eta ahaleginak egoki koordinatzea» Kataluniaren eta Euskal Herriaren artean. «Sinetsita gaude hori dela abagune historiko honetan gure askapen prozesuen aurrerabidea eta arrakasta ahalbidera dezakeen aldagaia».

«Indarrak biltzeko» prozesu horretan «eskua luzatuta» dutela erantsi du Rodriguezek. «Prest gaude konpromisoak hartzeko. Ez da isiltzeko garaia, ez da nork bere bidetik jarraitzeko tenorea; indarrak bildu behar ditugu, emankorrago bilakatzeko».

Gure Esku, larunbatean

Gure Eskuk jakinarazi du noiz egingo duen epaia salatzeko mobilizazioa: larunbat honetan izango da, Donostian, eta Antiguako tuneletik aterako da, 17:30ean. «Larrialdi demokratikoari, erantzun bateratua» ematera dei egin du. Errefereduma ez da delitua leloarekin egingo dute martxa.

Ernaik ere mobilizazioak egingo ditu. Bihar eguerdian, Ez dugu onartzen goiburupean, «Espainiaren injustizia eta inposizioa» salatuko dute. Bilbon, Arriagan bilduko dira gazteak; Donostian, Bulebarrean, eta Gasteizen, Andre Maria Zuriaren plazan. Nafarroan, berriz, elkarretaratzeak ikastetxe eta irakaskuntza zentroetan egingo dituzte. Mobilizazio guztiak 12:00etan izango dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.