Hamasei asteko aitatasun baimena indarrean dago jada Hegoaldean

Aurrerantzean gurasoen baimenak parekideak izango dira, Espainiako Gobernuko dekretuak dioenez. Baimena besterezina izango da, eta %100 ordaindua

Bikote bat, haurrarekin paseatzen, Donostian. ANDONI CANELLADA / FOKU.
Edurne Begiristain.
Gasteiz
2021eko urtarrilaren 2a
00:00
Entzun
Hamasei asteko aitatasun baimena indarrean dago jada Hego Euskal Herrian, eta aurten jaiotzen diren haurren gurasoek har dezakete. Espainiako Gobernuak duela bi urte onartutako berdintasunerako premiazko lege dekretuak ematen du horretarako modua. Arau horrek aurreikusten zuen modu mailakatuan luzatzea aitatasun baimenak, eta hiru urtez handitzea, amatasun baimenarekin berdindu arte. 2019. urtean zortzi astekoa zen baimen hori; hurrengo urtean, hamabi astekoa; eta aurten, hamaseikoa izango da. Hortaz, Europako Batasuneko aitatasun baimenen batezbestekoarekin parekatuko da.

Guraso baimen parekidea ostiralean bertan sartu zen indarrean Hego Euskal Herrian. Erditze egunean hasiko da baimenaren lehen sei asteak hartzeko aukera, eta bi gurasoak derrigortuta daude batera hartzera egun horiek. Gainerako hamar asteak, berriz, gurasoek erabaki dezakete noiz eta nola hartu, haurrak urtebete izan arte. Baimena besterezina da, eta %100 ordaindua.

Izatez, 2019ko azarotik har zezaketen hamasei astera arteko gurasotasun baimena Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako langileek, Eusko Jaurlaritzak amatasun eta aitatasun baimenak parekatzeko araua indarrean duelako. Duela bi urte Madrilek zortzi asteko aitatasun baimenak arautzearekin batera onartu zuen lege dekretu bat Jaurlaritzak. Jaurlaritzaren arau berria indarrean zenetik, erditu ez zirenek, guraso ez-biologikoekadopzioen kasuetan, guraso bakarreko familietakoek eta subrogazio bidezkoek aukera zuten baimena hamasei astera luzatzeko. Baimena ordaindua izan da: amari dagozkion hamasei asteak eta bigarren gurasoaren lehen hamabiak Espainiako Gobernuak ordaindu ditu, eta hamabi astetik aurrerakoak, berriz, Eusko Jaurlaritzak.

Neurri horrekin, Jaurlaritzak aurre hartu nahi izan zion Espainiako Gobernuari, eta bere gain hartu horrek dakarren kostua.Baina baimen hori hartu ahal izateko, hainbat baldintza jarri ditu Jaurlaritzak: langileak eszedentzia moduan hartu behar izan ditu aste horiek eta baimena bukatu ostean bakarrik jaso du dagokion ordain ekonomikoa, aldi bakarrean eta gehienez bi hilabeteko epean. Orain arte, gainera, haurra jaio eta hamabi hilabeteko epea zegoen baimen horiek erabiltzeko, baina bi gurasoek ezin zituzten baimenak aldi berean hartu. Soldatapeko langileek, kooperatibetako langileek eta bazkideek eta autonomoek eskatu ahal zuten hamasei asteko baimena Hegoaldean, baita langile publikoek ere.

Atzeratuz joan den neurria

2007an Espainian Berdintasun Legea onartu zen arte, bi egun besterik ezin zuten libre hartu aita berriek Hego Euskal Herrian. Lege horren helburuetako bat zen epe hori luzatzea; bi astera luzatu zen aurrena, baina atzeratuz joan zen neurriaren garapena.

2013rako zegoen aurreikusita hilabetera luzatzea, baina 2017aren hasierara arte ez zuten gauzatu. Hori gertatu zen Mariano Rajoy Espainiako Gobernuko presidente izendatzeko PPk Ciudadanosekin eginiko akordioa zela eta. Horren arabera, 2018an bost astera luzatu behar zuten, eta hala egin zuten 2018ko uztailean. Zortzi astera luzatu zuten 2019an, hamabira joan den urtean, eta aurten, berriz, hamasei astera luzatuko dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.