Al-Fatahren adar armatuko bi kide eta adingabe bat hil ditu Israelek

Estatu indarrek sarekada bat egin dute Nablusen. Gutxienez 40 lagun zauritu dira liskarretan

Soldadu israeldarrak gazte bat miatzen, atzo, Hebronen. ABED AL HASHLAMOUN / EFE.
arantxa elizegi egilegor
2022ko abuztuaren 10a
00:00
Entzun
Israelgo estatu indarrek sarekada bat egin zuten atzo goizaldean Nablusen (Zisjordania, Palestina), eta adingabe bat eta Al-Fatahren adar armatuko bi kide hil zituzten. Operazioaren ondorengo liskarretan beste berrogei palestinar zauritu zituzten, haietako lau oso larri. Tel Aviven arabera, hildakoak Al-Aqsako Martirien Brigadako kideak dira: Ibrahim al-Nabulsi eta Islam Sabouh; aurrez, Al-Nabulsi atxilotzen ahalegindu ziren zenbait militar hiltzea egotzi zieten. Israelgo indarren esanetan, tokian bertan hil zen Al-Nabulsi; Palestinako Osasun Ministerioaren arabera, berriz, erietxera bizirik heldu zen, baina minutu gutxiren buruan hil zen. Milaka lagun batu ziren atzo iluntzean hirian, Al-Nabulsiren eta Sabouhn heriotzak salatzeko.

Al-Nabulsi bere etxean gotortuta zegoen, Al-Fatahko beste zenbait kiderekin batera, Israelgo indarrak heldu zirenean. Sarekada hasi aurretik, milizianoak bideo bat zabaldu zuen sare sozialetan hauxe esanez: «Ez entregatu zuen armak. Segada bat egin didate, eta martiri bilakatuko naiz». Tel Aviven esanetan, lehergailuak aurkitu zituzten haren etxean.

Joan den uztailean ahalegindu ziren azken aldiz Al-Nabulsi hiltzen. Israelek ustez hura ezkutatzen zen etxea bonbardatu zuen, baina ez zegoen bertan. Bi palestinar hil ziren sarekada hartan, Al-Aqsako Martirien Brigadako kideak biak.

Zisjordaniako saltokiak itxi, eta egun osoko greba egitera deitu zuen Al-Fatahren adar armatuak. Nablusen eta inguruko hirietan protestak izan ziren, Al-Aqsako Martirien Brigadak deituta, eta hainbat palestinar atxilotu zituzten mobilizazio horietan.

PAN Palestinako Aginte Nazionaleko presidente Mahmud Abbasen eledun Nabil Rudeinehk gaitzetsi egin zuen sarekada, eta Tel Avivi leporatu zion «aurrez aurreko baten bila» aritzea: «Gatazka honek jarraitzen badu, matxinada bat piztuko da, eta horrek ondorio lazgarriak izango ditu».

«Helburuak beteta»

Gazako su etenak indarrean jarraitzen zuen atzo. Israelgo lehen ministro Yair Lapidek ziurtatu zuen herenegun gauean «erasoaldiaren helburuak bete» dituztela, eta ohartarazi zuen «Israel arriskuan» jartzen duen edonork «bere bizitzarekin» ordainduko duela. «Terrorismoaren aurkako zero tolerantzia politikarekin jarraituko du Israelek».

Lehen ministroaren arabera, Israelek «ahalegin berezia» egin zuen asteburuko bonbardaketetan zibilik ez hiltzeko —45 pertsona hil ziren, eta horietatik hamabi ziren Jihad Islamikoko kideak—, baina, aldi berean, berretsi zuen ez dutela barkamenik eskatuko «bere jendea» defendatzeagatik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.