PAIrekin segituko du Iribasek, nahiz eta sindikatuek hutsuneak salatu

Ingelesezko programak ebaluazio ona daukala esan du kontseilariak, eta aurkeztuko duela dio orain.D ereduarekin alderatu du PAI etengabe

Garikoitz Goikoetxea.
2014ko irailaren 18a
00:00
Entzun
Ingeles programekin jarraitzeko asmo irmoa duela berretsi du Nafarroako Gobernuak. Sindikatu gehienak aurka ditu, baliabiderik eta proiektu zehazturik ez dagoelakoan. Dimisioak izan ditu Hezkuntza Departamentuan: kargua utzi dute programaren arduradunek. PAI Ingelesez Ikasteko Programarekin segitzeko asmoa du, hala ere, Jose Iribas kontseilariak: «Osasun onean dago proiektua». Ikasleentzat egokia izaten ari dela nabarmendu du, hori frogatu dutela. Ebaluazio bat badela jakinarazi du. Oraingoz, ordea, jendaurrean ez du ebaluazio hori agertu.

Hauteskunde usaineko eztabaida eduki zuten atzo Nafarroako Parlamentuan: ingeles programako arduradunen dimisioari buruzko azalpenak ematera joan zen kontseilaria. Finean, ordea, ez zuen azalpen handirik eman: sailean «errelebo bat» egin dutela, aldaketa natural bat, eta PAIren garapenean ez dagoela gorabeherarik. Ordezkoak jarri dituzte jada.

Saio bikoitza egin zuten. Iribasen aurretik, sindikatuen ordezkariak izan ziren legebiltzarrean. PAIrekin ados dira batzuk; bestebatzuk, ez. Denak bat datoz, ordea, gauza batean: programaren ezarpenean akatsak egin dituzte.

Bi aldetatik salatu dituzte hutsuneak batez ere: batetik, behar bezala diseinatu gabe abiarazi dutela PAI programa, ebaluaziorik egin gabe; bestetik, behar adinako baliabiderik ez dutela jarri ingelesez eskolak emateko —gaitasuna duten irakasle gutxi daudela, esaterako—. Bi kritikak gezurtatu egin ditu kontseilariak: ebaluazioa egina dagoela —orain arte ez du jendaurrean aurkeztu, baina hitzeman du egingo duela—, eta irakasleen prestakuntza egokia bermaturik dagoela. Aitortu du, hala ere, kasuren batean ingeles maila baxuagoa eskatu dutela.

Eztabaidaren norabidea

Finean, ordea, beste bide batera eraman zuen eztabaida Iribasek, hauteskunde kutsu argiarekin. Alderdi eta sindikatu abertzaleen aurka jardun zuen, baina, bereziki, euskarazko D eredua ingelesezkoaren aurkako modura agertu nahian. Irakasleen prestakuntzari buruz galdetu ziotenean, adibidez, D ereduak hastapenean izandako hutsuneak hartu zituen hizpide: «Nahiago zenukete PAIren moduko hasiera izan balu D ereduak. Irakasle titulurik gabeko jendea aritzen zen irakasle!». Kritikak ez ditu ontzat jo, beraz, Hezkuntza kontseilariak: «Hedabideetako haize boladak dira».

Sindikatuen kexei dagokienez, ulerkorrago agertu da batzuekin Iribas, langileen leku aldatzeekin eta horrelako gaiekin. Aldiz, gogor ekin dio PAIren kontrako jarrera duten sindikatuen aurka. Aurreko aldietan, LAB sindikatua izan du begitan, baina oraingoan ELA jarri du jopuntuan. Haren barne aldizkariak eskuan —PAI atzera botatzearen aldeko testuak daude—, Iribasek esan du «ezker abertzalearen sindikatua» dela.

Parlamentuko taldeei dagokienez, zatiketa nabari da. Alde batean dago UPN, planaren defendatzaile. «Hau UPNren proiektua da», adierazi du eledunak. Tartean daude PSN eta PP: ados daude ingelesa sustatzeko programarekin, babestu dute erabat, baina hobetzeko atalak badaudela uste dute. Eta PAIren ereduarekin ez dira konforme Bildu, Aralar-NaBai eta Ezkerra; planak oinarri sendoagoa behar duela esan dute.

Nafarroako Gobernua, bien bitartean, etenik gabe ari da programa zabaltzen. Argia da eboluzioa: 30 ikastetxe ziren legealdi hasieran, eta aurten, 90. Helburua zein den azaltzeko, D eredua ahotan berriro: «Hau D ereduaren gisakoa da: ume gehienen ama hizkuntza ez den hizkuntzan ematen dira eskolak, era integratuan».

Hauteskundeei begira

Bidean «harriak» jartzea egotzi die Iribasek proiektuaren aurkako taldeei. Haien eskaria da PAI etetea, ebaluazioa egin eta adostasuna lortu arte. Xedea beste bat da, Iribasen ustez: «Adostasunaren izenean, PAI atzera botatzea». Eta berriro D eredua: «Euskarazko murgiltzea inposatu nahi duzue». «Denentzat euskara nahi duzue, derrigor; libretik eta aniztasunetik gutxi du horrek». Areago ere jo du talde abertzaleen aurka: «Denak kopeta-ilea moztuta ibiltzea nahi duzue zuek, eta marra more eta beltzeko jertseekin».

Hauteskunde kutsuko agerraldia, bozei begirako oharrekin bukatu duena: «Ezker abertzaleak agintzen badu, ez da ingelesezko eredurik izango Nafarroan». Segituko dute gaiarekin bueltaka. Ebaluazioa aspaldi egina dagoela esan du Iribasek, baina oraindik ez du jendaurrean erakutsi. Gutxi barru azalduko duela iragarri du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.