Hamahiru lagun hil dira Ukraina ekialdeko bonbardaketetan

Eremu hondatua Zaporizhiako zentral nuklearretik hogei kilometrora dago. Energia Atomikoaren Nazioarteko Agentziak esan du ez dagoela berehalako mehatxu nuklearrik

Dnipropetrovsk eskualdeko Marhanets hirian eraikin baten irudia, herenegungo bonbardaketaren ondoren. EFE.
Zuriñe Iglesias Sarasola.
2022ko abuztuaren 11
00:00
Entzun
Gutxienez hamahiru pertsona hil dira, eta beste hainbeste zauritu, Errusiak egindako bonbardaketa batean, Ukraina ekialdeko Dnipropetrovsk eskualdean, bertako gobernadore Valentin Reznitxenkok atzo adierazi zuenez. Erasoa herenegun gauean izan zen. Ukrainako larrialdietako zerbitzuek jakinarazi zutenez, guztira hogei eraikin hondatu zituzten leherketek. Tartean, ikasleentzako egoitza bat, kulturgune bat eta bi eskola.

Leherketak jazo ziren eremua Dnieper ibaiaren ondoan dago, eta, hain justu, ibaiaren beste aldean dago Zaporizhiako zentral nuklearra, 20 kilometro eskasera; azken egunotan behin baino gehiagotan bonbardatu dute zentrala. Andrii Jermak Ukrainako presidentearen aholkulariak salatu du Errusiak Zaporizhiako zentraletik egin duela bonbardaketa, eta adierazi du 80 jaurtigai bota zituztela handik.

Ukrainako presidentearen aholkularia ez da hori salatu duen bakarra. Aste hasieran, instalazio nuklearraren jabe den enpresak ere esan zuen Errusiako armada base militar gisa erabiltzen ari dela zentrala, Kieven aurkako erasoak egiteko. Zentral nuklearra Energoatom enpresarena da, eta azken asteotan bonbardaketa ugariren jomuga izan da.

Horrez gain, Europako instalazio nuklearrik handienaren jabeak ohartarazi du Errusiako indarrak Krimeara bideratzen ari direla zentralaren elektrizitate ekoizpena. Eta hori egiteko, Ukrainako energia sistemara konektatutako lerro elektronikoak suntsitu behar izan dituzte, enpresak esan duenez: «Asteotan errusiarrek hiru lerro elektriko hondatu dituzte. Lantegia ekoizpen lerro bakarrarekin funtzionatzen ari da oraintxe, eta modu oso arriskutsua da lan egiteko».

Eraso horien balorazioa egin du IAEA Energia Atomikoaren Nazioarteko Agentziak, eta adierazi berehalako mehatxu nuklearrerako arriskurik ez dagoela. Hala ere, ohartarazi du Zaporizhiako zentralera egindako bonbardaketak ez dituela bete enpresako zuzendari nagusiak ezarritako arauak, babes eta segurtasun nuklearrari dagozkionak. Horien artean daude, besteak beste, zentralaren osotasun fisikoari, segurtasunaren funtzionamenduari, eta segurtasun sistemei buruzkoak.

Horregatik, IAEAk aste hasierako eskaera berretsi du: «ahal bezain laster» joan behar dutela adituek bertara, zentralaren segurtasun egoera eta babes nuklearra egonkortzen laguntzeko.

Instalazio nuklearrak eztanda egiteak ekarriko lituzkeen ondorioen jakitun dira G7ko herrialdeak —Alemania, AEBak, Erresuma Batua, Frantzia, Italia, Japonia eta Kanada—, eta eskatu diote Errusiari «berehala» erretiratzeko instalazio nuklearretik. Munduko potentzia nagusiek uste dute Errusiako armada bertan egoteak «arriskuan» jartzen duela Zaporizhiako eskualdea. Horrez gainera, esan dute «nabarmen handitu» dela zentralean ezbehar atomiko bat jazotzeko aukera, eta horrek arriskuan jarriko lituzkeela, Ukrainako herritarrak ez ezik, nazioarteko komunitatea ere.

Krimean ere leherketak

Herenegun gauean, leherketa bat izan zen Errusiak Krimea penintsulan duen hegazkin baserik handienean. Gutxienez pertsona bat hil zen, eta beste hamahiru zauritu, RIA Novosti albiste agentziak jakinarazi duenez. Ukrainako aireko indarrek adierazi dute Errusiako dozena bat gerrarako hegazkin ere suntsitu direla leherketaren ondorioz.

Ez dago garbi nor izan den eztandaren erantzulea. Izan ere, Kievek eta Moskuk elkarri egotzi diete errua. Volodimir Zelenski Ukrainako presidentearen aholkularietako batek ukatu egin du herrialdeko armadak eraso egin izana, eta bi arrazoi posible adierazi ditu: Errusiako soldaduek «nahi gabe» eragin izana eztanda, edo partisanoen erasoa izatea.

Kieven antzera, Errusiako Defentsa Ministerioak leherketaren arduradun izatea ukatu du, esanez eztanda ez dela izan Errusiako armadak eragina, baizik eta biltegi batean gordeta zegoen munizioa zartatu delako gertatu dela. Jaurtigailu horien leherketa, ordea, Ukrainako misil batek eragindakoa izan daitekeela adierazi du ministerioak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.