Frantziako Gobernuak erraz gainditu ditu bi zentsura mozio

Ezkerreko aliantzaren arabera, «ahulen arma» erabili du gobernuak aurrekontuen lege proiektua onartzeko. Bihar onartuko dute, dekretu bidez eta diputatuen bozketarik gabe

Elisabeth Borne Frantziako lehen ministroa, atzo, Asanblea Nazionalean egindako hitzaldian. TERESA SUAREZ/ EFE.
Mikel Elkoroberezibar Beloki.
2022ko urriaren 25a
00:00
Entzun
Frantziako indar politikoen arteko zatiketa gorpuztu egin zen atzo Asanblea Nazionalean. Frantziako Gobernuaren aurkako bi zentsura mozio bozkatu zituzten, eta biek egin zuten huts. NUPES Herri Batasun Ekologista eta Sozial Berria ezkerreko aliantzak aurkeztutakoak 239 diputaturen babesa izan zuen —koalizioko kideena eta RN Batasun Nazionala eskuin muturreko alderdiko diputatuena—, eta RNk bultzatutakoa, berriz, 90 diputatuk baino ez zuten babestu. Ondorioz, Frantziako Gobernuaren aurrekontuen lege proiektua onartu egingo dute bihar, diputatuen bozketarik gabe, aurreikusita zegoen moduan.

Zentsura mozioak «protesta» egiteko modu bat izan ziren atzo oposizioarentzat, Frantziako Gobernuak ez duelako aurrekontuen lege proiektua behe ganberan aurkeztu beharko. Konstituzioaren 49.3 artikuluak baimentzen du hori, eta baliatu egin du gobernuak. Izan ere, Emmanuel Macron Frantziako presidentea gutxiengoan gobernatzen hasi zen joan den ekainean, eta aurrekontuen lege proiektua Asanblea Nazionalean aurkeztuko balu, ganberaren gehiengoak haren alde egin beharko luke. Elisabeth Borne lehen ministroaren arabera, oposizioaren jarrerak «behartu» egin du gobernua konstituzioaren 49.3 artikulua erabiltzera.

Artikulu hori erabiltzea «ahulen arma» da, Cyrielle Chatelain NUPES barruko talde ekologistako presidentearen ustez. Atzoko bilkuran salatu zuen klima larrialdiari «ekintza faltarekin» erantzun diola gobernuak: «Ekiteko eskatu dizuegu, eta zuen erantzuna 49.3a izan da». Are, Chatelainek adierazi zuenez, gobernuak bihar onartu nahi duen aurrekontuak klima larrialdia «areagotu» egingo du: «Produktibitateari garrantzi handiagoa ematen diozue bizigarritasunari baino», salatu zuen.

Marine Le Pen ultraeskuindarrak atzo Asanblea Nazionalean esan zuen 49.3 artikulua erabilita Frantziako presidenteak «indarkeria instituzionala» erabili duela: «Parlamentua kontrolatu nahi du, eta, horren bidez, herria».

Dena den, aurreikusita zegoen bi zentsura mozioek huts egingo zutela, gehiengo osoa —gutxienez 289 diputaturen baiezko botoa— behar baita onartzeko eta gobernuaren dimisioa bultzatzeko. Ez zegoen aurreikusita NUPESek aurkeztutako zentsura mozioa RNko kideek ere bozkatuko zutenik, baina ez zuten gehiengo osoa lortu. LR Errepublikanoak alderdi eskuindarrak iragarria zuen ez zuela zentsura mozioen alde egingo.

Bihar onartuko dute, dekretuz, 2023rako aurrekontuen lege proiektua. Etzi ere erabiliko dute konstituzioaren 49.3 artikulua Gizarte Segurantzaren aurrekontuaren zati bat onartzeko, diputatuen bozketarik gabe. Aurrerago onartu beharko duten pentsioen erreforma aurrera ateratzeko ere baliteke Frantziako lehen ministroak prozedura bera erabiltzea.

Ez da lehen aldia

Aste honetara arte, 89 aldiz erabili dute 49.3 artikulua Frantzian, 1958an indarrean dagoen konstituzioa onartu zutenetik. Ia beti erabili dute, orain bezala, gobernua gutxiengoan zegoenean.

Aukera ematen dio gobernuari testu bat onartzeko, iruditzen baldin bazaio eztabaida parlamentarioa ez doala behar bezain azkar edo uste badu lege proiektuari aurkeztutako zuzenketa kopurua gehiegizkoa dela. Azken hori salatu du gobernuak, oposizioak Asanblean duen gehiengoa baliatu baitu aurrekontu proiektuari zuzenketak egiteko eta beste batzuk baztertzeko, gobernuaren iritziaren kontra.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.