Albistea entzun

Ainhoa Otaola. Etorkintza elkarteko teknikari eta psikologoa

«Arazoa ez da zenbat erabiltzen ditugun, zenbat eragiten diguten baizik»

Teknologia berrien erabilera ezegokia hazi egingo dela iragarri du Otaolak. Gizarteak gogoeta egin behar duela uste du. Gazteei debekuak barik mugak jarri behar zaizkiela azaldu du OEEren jardunaldietan.
MARISOL RAMIREZ / ARGAZKI PRESS

Ibai Maruri Bilbao -

2016ko apirilak 24 - Bilbo

OEE Osasungoa Euskalduntzeko Erakundeak 26. biltzarra egin du egunotan Bilbon. Gogoeta egin dute mendekotasunen inguruan, osasun langileek nola jokatu behar duten zehazteko. Etorkintza elkarteko kide Ainhoa Otaolak bere esperientzia kontatu die: gazte eta nerabeekin teknologia berriekiko adikzioa zelan lantzen duen azaldu die. «Oraindik hasi baino ez gara egin, eta kasu gutxi ikusten ditugu, baina laster arazo handi bat izango dugu».

Zeintzuk dira adikzio horiek?

Oro har, Interneten erabilera, sare sozialak eta bideo jokoak aztertu ditut nik. Adikzio berba oso eztabaidatuta dago: APA Amerikako Psikologia Elkarteak DSM Vean [buru nahasmenduak diagnostikatzeko liburuaren bosgarren edizioa] ez du onartzen Interneteko portaera adikzio moduan; Internetekiko adikziorik ez dagoela dio. Esaten du erabilera konpultsiboak edo ezegokiak daudela. Guri horrek ez digu axola horrenbeste. Kontua da teknologia berri horiek txarto erabiltzen badira arazoak etor daitezkeela. Ikusten ari gara gazte askok erabilera okerra ematen dietela teknologia horiei; bai kantitate edo denbora aldetik, bai erabilera mota aztertuta.

Noiz da zaletasuna eta noiz kezkatzeko erabilera?

Hori da teknologia horietan dugun arazoa: zaila da. Denok erabiltzen ditugu; gero eta normalizatuago daude. Portaera arazotsua dela —adikzio baino nahiago dut kontzeptu hori erabili— noiz esan daiteke? Ikusten duzunean zure bizitzan eragina duela. Adibidez, gazteetan ikusten ari gara gau osoan logelan dutela sakelakoa piztua, eta Whatsappen pentzura dabiltzala. Ez dituzte behar beste ordu lo egiten, biharamunean nekatuta doaz eskolara, ez dute arretarik jartzen, eta eskola porrota agertzen da.

Ohartzen gara zenbat erabiltzen ditugun horrelako teknologiak?

Lehengoan, lankideen artean komentatu genuen inork ez genukeela ulertuko bulegoan telefono finkoan une oro iji eta aja ibiltzea. Baina sakelakoa mahai gainean dugu, eta Whatsappi begiratzen diogu abisua jasotzen dugun aldiro. Bada, bata zein bestea gauza bera dira. Eta egun osoan gabiltza horrela. Nik aurten oso zorte txarra izan dut: hirutan lapurtu didate sakelakoa. Eta egunak egin ditut Whatsapp barik. Lehen egunetan, a ze itolarria, baina hirugarrenerako, bake santua. Askotan erabiltzen dudala? Bai, baina gero gainditu dut Whatsapp gabeko tarte hori. Beraz, arazoa ez da neurria, zenbat erabiltzen ditugun, horrek gure bizitzan zenbat eragiten digun baizik.

Lehen egunetan antsietate hori sentitzeak gerora neurriak hartzera eraman behar gaitu, edo normaltzat jo daiteke, gero pasatu egiten den zerbait bada?

Ez litzateke normala izan behar. Nerabe bat ikusten dugunean urduri sakelakoa kendu diogulako, eskandalizatu egiten gara. Baina ez: geu ere horrela egoten gara. Gizarteak hausnarketa bat egin behar du, batzuetan erabilera konpultsiboa egiten dugulako. Nik egun pare bat egin nituen antsietatearekin, baina gero berdin jarraitu dut.

Zelan har diezaiokegu aurre ezohiko erabilerari?

Heziketa falta da. Guraso eta irakasleekin egiten dugunean lan, esaten digute gazteek eurek baino hobeto kontrolatzen dituztela teknologia berriak. Eurak oso azkarrak dira, bai, baina oraindik umeak dira, nerabeak dira, eta falta zaie nagusi batek duen sen ona, bizi eskarmentua, esperientzia. Beraz, prebentzio neurri nagusia da egiten duten erabilpen horri gertutik erreparatzea. Eta hezi egin behar dira. Ez zaie inoiz debekurik ipini behar. Mugatu bai, baina debekatu ez. Euren burua babesten irakatsi behar zaie, teknologia berriek dituzten arriskuak murrizteko. Gazteek erabili egin behar dituzte, baina arazorik eta arriskurik sortu gabe.

Erabiltzeko gutxieneko adin bat ipini beharko litzateke?

Ez nuke jakingo zehazten. Askotan ikusten ditugu medikuaren itxaron gelan umeak sakelakoekin edo tabletekin denbora pasa. Askotan, gurasoek, lasai utz ditzaten, horrelako gailuak ematen dizkiete. Baina hainbat ikerketak frogatu dute haurren begiei kalte egiten diela horrelako pantailen argiak, oraindik erabat garatu gabe dituztelako. Sare sozialen kasuan, Espainian gutxieneko adina 14 da, eta 12 urteko gehienek dagoeneko badute. Hor kontrol bat egin behar da: gurasoek jakin behar dute euren seme-alabek zer egiten duten Interneten.

Oporretako argazkiak Instagramen jartzen dira, edo azken orduko albisteei buruzko iritzia Twitterren komentatzen da. Horretarako premia sortu da. Normala al da?

Gaur egun dugun gizarte ereduaren kontua da. Oro har, gero eta joera handiagoa dago nartzisismorako eta besteen arreta erakartzeko. Kasu guztietan ez, baina esango nuke askotan emozio edo sentimendu aldetik ditugun gabezia edo hutsuneak betetzeko modu bat izan daitekeela.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Herritarren batzarra. ©Telesforo Monzon Laborategia

Parte hartzeko beste modu bat

Miren Garate - Gipuzkoako Hitza

Gipuzkoako Herritarren Batzarrak klima aldaketari eta nekazaritzari buruzko gomendio sorta bat egin dio Gipuzkoako Foru Aldundiari; horri erantzunez, zer konpromiso hartuko dituen zehaztu du aldundiak. Batzar hori sortu den lehen aldia izan da, eta sustatzaileak pozik agertu dira emaitzarekin.

 ©Monika del Valle/ FOKU

«Museoak izango du arrantza kultura bizirik mantentzeko funtzioa»

Zihara Jainaga Larrinaga - Bizkaiko Hitza

Lau hamarkada eman ditu Aingeru Astuik Bermeoko Arrantzaleen Museoko zuzendari karguan. Aurrez, marinel ere aritu zen. Afizioa eta ofizioa, biak uztartzeko aukera eman dio itsasoak.

 ©Iñigo Uriz / FOKU

Benetako min amaigabea

Edurne Elizondo - Nafarroako Hitza

Sei emakumek Asenna Nafarroako Endometriosi Elkartea sortu dute, eritasun horren berri emateko. Salatu dute oraindik ere gaixotasun «ikusezin» bat dela, eta zalantzan jartzen dela sufritzen dutenen hitza.

UEMAko herrietarako udalen ordezkariak, atzo, Azpeitian. ©JON URBE / FOKU

UEMAk egiturazko neurriak eskatu ditu euskararen erabilera sustatzeko

Irati Urdalleta Lete

Ehun herriko langa gainditu du, beste lau herri onartuta: Arrankudiaga, Arruazu, Doneztebe eta Etxebarria. UEMAk Euskal Herri euskaldunaren orubeak sendotzeko konpromisoa hartu du

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.