Tentsioa itzuli da Jerusalemera, martxa sionista baten ondorioz

Israelgo Poliziak Damaskoko Atetik kanporatu ditu arabiarrak, eta hamazazpi palestinar zauritu ditu. Gazatik su puxikak bidali dituzte, eta suteak eragin mugaz bestalde

Banderen martxa mobilizazioarekin bat egin zuten zenbait, atzo, Damaskoko Atean, Jerusalemen. ABIR SULTAN / EFE.
Julen Aperribai.
2021eko ekainaren 16a
00:00
Entzun
Istiluen pizgarri eta Gazako setioaren aurrekari izan zen duela bi hilabete arabiarren aurka Jerusalemen egindako martxa bat. Haren antz handia izanagatik, Israelgo gobernu berriak baimena eman zion atzo egin zuten beste mobilizazio sionista bati —maiatzaren 10ean egitekoak ziren, Gazako erasoaldi betean, baina Poliziak bertan behera utzi zuen, Hamasek suziriak jaurtiki zituela eta—.

Banderen martxa izeneko mobilizazioa Jerusalemgo Hiri Zaharrerako pasabide nagusia den Damaskoko Atetik abiatu zen atzo arratsaldean. Hasierako asmoa auzo arabiarra zeharkatuz Deitoreen Harresira iristea zuten, baina Poliziak ibilbidea aldatzera eta auzo arabiarra inguratzera behartu zituen deitzaileak. Kantuan eta heriotza arabiarrei gisako leloak oihukatuz aritu ziren manifestariak; 5.000, Poliziaren arabera, nahiz etakopuru txikiagoak eman zituzten hedabideek; Hareetz Israelgo egunkariaren arabera, 3.000 inguru izan ziren.Tartean ziren eskuin muturreko alderdietako zenbait ordezkari; Bezalel Smotrich Alderdi Sionista Erlijiosoko liderra eta Shlomo Karai Likudeko diputatua, besteak beste.

Mobilizazioa hasi zenerako, lehen istiluak hasita zeuden. Israelgo Poliziak 2.000 agente mobilizatu zituen manifestazioa babesteko, eta Damaskoko Atearen ingurua hustu zuten, manifestariak iritsi aurretik. Ez erabat, hala ere, arabiarrak soilik kanporatu baitzituzten, eta, hala, eremua esklusiboki juduen eta dozenaka kazetariren gune bilakatu. Inguruko dendariak ere behartu zituen establezimenduak ixtera. Auzo arabiarrekoei gerturatzea galarazi zien Poliziak, eta oldartu egin zitzaien inguruan zeuden palestinarrei. Horietako bat, bost agenteren artean jo, eta eraman egin zuten. Antzeko irudi gehiago ere zabaldu ziren, hala nola Polizia atzetik zutela hainbat gazte ihesean erakusten zituztenak.

Palestinaren eta Israelgo Poliziaren arteko borrokek jarraitu egin zuten Damaskoko Atearen inguruan. Palestinako Ilargi Gorriaren arabera, Israelgo agenteek hamazazpi palestinar zauritu zituzten.

Gazara ere heldu zen Jerusalemgo martxaren oihartzuna, hasi aurretik ere. Palestinarrek su puxikak bidali zituzten mugaren beste aldetik, eta horiek gutxienez hogei sute eragin zituzten Israelen menpeko lurretan. Horrez gain, dozenaka manifestari hurbildu ziren Israelekiko mugara, eta Israelgo segurtasun indarrek haien aurka egin zuten, negar gasarekin eta suzko armekin. Palestinar bat zauritu egin zuten, hankan tiro bat jota.

Iragarria zuen Hamasek Israelen kontrako ekintzak areagotuko zituela Jerusalemgo martxaren testuinguruan. Hala egiteko deia egin zien bere jarraitzaileei ere. Erakunde armatuko iturri batek herenegun adierazi zuen «aukera guztiak» aztertzen ari zirela martxari eman beharreko erantzunari zegokionez. Jihad Islamikoa miliziak Zisjordaniako palestinarrei eskatu zien Jerusalemera joan eta «Al-Aksa meskita babesteko».

Tel Avivek, berriz, palestinarrei abisatu zien erantzun egingo ziela Gazako mugaren bestaldetik egindako erasoei. Israelgo armada hasia da prestatzen gorakada baterako. Zenbait iturriren arabera, misilen aurkako defentsa sistema prestatzen ibili zen herenegun.

Izan ere, atzo Jerusalemen gertutakoak soka luzea ekar dezake, azken asteetan zer gertatu den ikusita. NBE Nazio Batuen Erakundearen Ekialde Hurbileko ordezkari Tor Wenneslandek ohartarazi zuen «tentsioa handitzen» ari dela, eta hori gertatzen ari dela «politikoki eta segurtasunaren ikuspuntutik oso hauskorra» den garai batean, eta «NBE eta Egipto su-etenarekin aktiboki engaiatuta» dauden bitartean.

Israelen esku egongo da su-etenaren hauskortasuna neurtzea, eta ematen du egoera berotzearen aldekoagoa dela, Palestinako miliziekin alderatuta. Al-Arabiya atariak zabaldutako informazioaren arabera, Egiptok Hamasi eta Jihad Islamikoari eskatu zien egoera are gehiago ez tenkatzeko, eta haien erantzuna izan zen ez zutela horretarako asmorik.

Lehen barne polemika

Naftali Bennett Israelgo lehen ministro berriak gidatutako koalizio gobernuakhartu dituen estreinako erabakietako bat izan da eskuin muturreko manifestazioa baimentzea. Israelgo Gobernuaren Segurtasun Kabineteak atzeratzea onartu zuen joan den astean, artean Benjamin Netanyahu lehen ministro zela, eta erabaki hori onartu zuen Netanyahuk. Lehen ministro ohia egitearen aldekoa zen, baina, zenbait hedabideren arabera, tematiago ez jartzearen arrazoietako bat da martxaren inguruko polemikaren kudeaketa gobernu berriaren esku utzi nahi zuela.

Izan ere, 1967ko Sei Eguneko Gerran Israelek Gaza eta Zisjordania indarrez bereganatu zituela goratu zuten atzoko mobilizazioan, eta Israelek Gazan sarraskia egin eta gutxira horrelako ekitaldi bat Jerusalem erdian egiteari baimena ematea gai arantzatsua da; zer esanik ez bazkideen artean alderdi arabiar bat duen gobernuarentzat. Agintea eskuratu duen koalizio gobernuaren barruan lehen pitzadurak sor ditzakeen auzia izan daiteke, horregatik. Zerrenda Arabiar Batuko buru Mansour Abbasek martxa bertan behera uzteko eskatu zuen, eta hala eskatu zuen atzo berriz, hasteko ordu gutxiren faltan. Eskuin muturreko mobilizazioa «neurrigabeko probokaziotzat» jo zuen. Haren arabera, deitzaileen helburua zen «gobernu berria desafiatzea» eta «bizitzak arriskuan jarriko dituen gorakada baten aurrera eramatea».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.