Klima larrialdia

Kanporatu dituzte Luetzerathen gotortutako ekintzaile guztiak

Alemaniako Luetzerath herrixkako meatzeko tunel batean gotortuta zeuden azken bi ekintzaileak. Alemaniako mugimendu ekologistak «Poliziaren indarkeria» salatu du

Kanporatu dituzte Luetzerathen gotortutako ekintzaile guztiak.
Edu Lartzanguren - Mikel Elkoroberezibar Beloki
2023ko urtarrilaren 17a
00:00
Entzun

Poliziak atzo kanporatu zituen gotortuta zeuden azken ekintzaile ekologistak Alemaniako Ipar Renania-Westfaliako Luetzerath herrixkatik. Izan ere, herrixka horretan Garzweiler meatzea handitzeko lanak hastekoak dira, baina, hori galarazteko, erresistentzia egiten aritu dira dozenaka ekologista aurreko asteazkenetik. Ehunka polizia aritu dira Luetzerath hutsarazteko lanetan, baina, asteburuan, milaka manifestari ekologistari aurre egin behar izan zieten oraindik ere. Alemaniako Poliziak adierazi zuen herrixkan gotortutako ekintzaile ia guztiak kanporatu zituztela herenegun gauerako —300 inguru—, baina atzo amaitu zuten operazioa. Tunel batean ezkutatuta zeuden azken bi ekintzaileak kanporatu zituen Poliziak, eta, ARD telebista publikoaren arabera, «borondatez» atera ziren bi ekintzaileak lur azpiko tuneletik.

Larunbatean milaka protestari bildu ziren manifestazio batean; 35.000, antolatzaileen arabera. Hartan parte hartu zuen Greta Thunberg ekintzaile suediar gazteak, eta Poliziaren bultzadak jasan zituen. Poliziek borrak eta ur kanoiak erabili zituzten manifestarien aurka. Alemaniako mugimendu ekologistak «Poliziaren indarkeria» salatu zuen.

Olaf Scholz Alemaniako Gobernuko kantzilerrak ekintzaile ekologisten erresistentzia «gaitzetsi» zuen atzo. Nancy Faeser Barne ministroa gogorrago mintzatu zen, eta ekintzaileei leporatu zien indarkeria erabili izana: «Ez dago justifikatzerik polizia agenteen aurka indarkeria erabili izana».

Proba bat Berdeentzat

Herrixka txiki bat besterik ez bada ere, arretaz erreparatu zaio Luetzerathi, han gertatzen ari dena proba bat baita Alemaniako Gobernua osatzen duten alderdientzat: SPD Alderdi Sozialdemokratarentzat eta, batez ere, haren bazkide Berdeentzat. Izan ere, gobernuak erabakita dauka Ipar Renania-Westfalian 2030. urterako ez dela ikatzik erreko argindarra sortzeko, eta Alemania osoan, 2038rako. Klima larrialdiarekin kezkaturik dauden ekintzaileek, ordea, eskatzen dute ikatza berehala alboratzeko.

Garzweiler meatzea handitu ahal izateko hustu nahi dute herria. Lignitoa edo ikatz arrea ateratzen dute han, 1940. urtetik. Erabat suntsigarria da ustiaketa sistema, etxerik, zuhaitzik, errekarik edo zorurik ere ez baitu uzten atzean. Jada 30,96 kilometro koadroko eremu bat suntsitua du meatzeak, eta hamabost bat herrixka desagerrarazi ditu denera.

Berdeek garaipen gisa saldu zuten Alemaniak 2030erako ikatza uzteko konpromisoa. Baina Errusiak Ukraina inbaditu ostean, Berlinek arbuiatu egin zuen Moskuren gasa, eta horrek sorturiko energia krisiak ikatza berriz indartzea ekarri du. Iazko uztailetik irailera bitarte, Alemaniako argindarraren %36,3 ikatz zentraletan sortu zuten —aurreko urteko epe berean %31,9 izan zen—.

Urtero 175225 milioi tona lignito atera dituzte meatzetik, Neuratheko (Alemania) zentralean erretzeko, argindarra sortze aldera. Lignitoak ez du ikatz arruntak bezainbesteko berorik ematen, eta, beraz, gehiago kutsatzen du bero berbera sortzeko. Neuratheko zentralak 22,1 milioi tona CO2 isuri zituen 2021. urtean, eta EB Europako Batasunean berotegi gas gehien sortu zutenen artean bigarrena izan zen, Poloniako Belchatoweko zentralaren atzetik —33,2 milioi tona aireratu zituen—. Azken horrek ere lignitoa erabiltzen du. EBko hamar zentralik kutsagarrienetako zazpi Alemanian daude —gainerakoak, Polonian—, eta denek lignitoa erretzen dute.

Ikusteko dago operazioak zer kalte ekarriko dion Berdeei. Izan ere, Berdeek gobernu federalean sozialdemokratekin gobernatzen badute ere, Ipar Renania-Westfalian CDUko demokristauekin gobernatzen dute, eta Luetzerath hutsarazteko polizia operazioaren arduraduna Dirk Weinspach izan da, Akisgrango (Alemania) poliziaburua eta Berdeen alderdiko militantea.

Gainera, Robert Habeck Alemaniako Ekonomia eta Klimaren Babeserako ministro eta Berdeen alderdiko kidea arduratu da ikatz meatzea handitzeko lanak kudeatzeaz. «Arrazoi on asko daude klima babestearen alde manifestatzeko, baita Berdeen aurka protesta egiteko ere. Luetzerath, baina, ikur faltsu bat da», adierazi du.

Ekologisten borroka

Aurreko astearen hasieran eman zuten Akisgrango epaileek herrixka hutsarazteko baimena, eta beste bi ebazpen plazaratu zituzten, Luetzerathen egotea debekatzeko. Ekologistek adierazi zuten erresistentziarako prestatu zirela, eta Alemaniako Barne Ministerioak esan zuen «istilu gorria» espero duela. «Jendea prest dago herrixkan jarraitzeko, zuhaitzak eta eraikinak babesteko», esan zuen Luetzerath Lebt (Luetzerath Bizirik) egitasmoko eledun Mara Sauerrek, asteazkenean.

Ekologistek egun hartatik atzo goizera arte eutsi zioten erresistentziari. Luetzerath guztiz hustuta, datozen egunetan ekingo diete Garzweiler meatzea handitzeko lanei.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.