AEBetako hauteskundeak. Biharamuna

Urdina, gorria... eta morea

Emakumeak izan dira demokraten sostengu nagusia azken urteetan. Baina babes hori ez da kargu publikoetan islatzen: soilik Kongresuko kideen laurdenak dira emakumezkoak.

Kamala Harris. AEBetako lehenengo emakume presidenteordea, kanpaina ekitaldi batean. ROBERT DEUTSCH / EFE.
arantxa elizegi egilegor
Miami
2020ko azaroaren 10a
00:00
Entzun
«Kargu hau lortu duen lehen emakumezkoa naiz, baina ez naiz azkena izango», esan zuen Kamala Harrisek larunbat gauean Wilmingtonen (Delaware), demokraten garaipena ospatzeko egindako ekitaldian.AEBetako presidenteorde karguan izango den lehen emakume asiar-amerikar beltza da. Harrisek berak esan zuen moduan, «hesi bat gehiago» apurtu zuen Joe Bidenek kargu horretarako hura aukeratuz. Bat gehiago bai, baina ez guztiak.

Oregongo gobernadore Kate Brownek aitortua da edonori lider bat irudikatzeko eskatuta gehienetan gizon bat deskribatzen dutela, oso gutxitan emakumezko bat. Baina azken urteetan aldatuz joan da irudi hori. Georgian, non 1996tik errepublikanoek irabazten dituzten presidentetzarako hauteskundeak, demokratek lor dezakete aurten garaipena, eta iraultza hori ez da bat-batekoa izan. Horren atzean Stacey Abramsen lana dago.

Abrams izan zen presidentegaia aukeratzean Bidenek mahai gainean izan zituen beste izenetako bat. Azkenean, gertuko iturrien arabera, Harrisen ibilbide politikoaren alde egin zuen buruzagi demokratak, eta Abramsek berak babestu egin zuen erabakia. Geroztik, demokraten aldeko kanpaina egiten aritu da Georgian, bere estatuan, besteak beste, hautesleak demokraten zerrendetan erregistratzen.

Abrams bera Georgiako gobernadore kargurako lehiatu zen 2018ko legealdi erdiko bozetan—kargu horretarako hautagaitza lortu zuen lehen emakumezko afro-amerikarra izan zen—, baina Brian Kemp hautagai errepublikanoak irabazi zuen. Amore eman ordez, Abramsek Fair Fight (Borroka justua) mugimendua sortu zuen, boto eskubidea bermatu eta lehen aldiz bozkatzera zihoazenei laguntzeko asmoz. Hain zuzen ere, mugimendu horri esker gertatu da, neurri handi batean, demokratek Georgia irabazteko aukera izatea, 2018tik 800.000 hautesle berrik eman dutelako izena demokraten erregistroetan, guztiak Fair Fighten bitartekaritzari esker.

Georgiako ekintzailea ez da kasu bakarra. 2016an Hillary Clinton demokraten presidentetzarako hautagai aurkeztu izanak begiak zabaldu zizkien askori, eta irabazi ez zuen arren, urrats handia izan zen lehen aldiz emakumezko bat ikustea hautagaitza horretan. Bi urte geroago, Donald Trump agintean zela, Ordezkarien Ganberarako eta Senaturako bozak egin zituzten, eta inoizko emakumezko ordezkari gehien hautatu: 102 -Ganberako kideen %23,5-. Prozesua, baina, motel doa. Mende bat baino gehiago igaro da 1916an, emakumezkoek boto eskubidea eskuratu eta bi urtera, lehen emakumezko ordezkaria aukeratu zutenetik: Jeannette Rankin errepublikanoa.

1971n hainbat emakumezko irakasle, ekintzaile eta politikarik Emakumeen Caucus Politiko Nazionala erakundea sortu zuten, emakumeak kargu politikoetarako sustatzeko helburuarekin. Sortzaileen xedea zen 2020rako Kongresuko kideen erdia emakumezkoa izatea. Mende erdia igaro da, eta bi ganberetako kideen laurdenak dira emakumezkoak.

Zuriak ez diren emakumeek oztopo gehiago gainditu behar izan dituzte, Rankin aukeratu ostean, beste 48 urte itxaron behar izan zituzten lehen emakume ez-zuria Ordezkarien Ganberan ikusi ahal izateko. Patsy T. Mink japoniar jatorriko demokratak 1964. urtean hartu zuen kargua.

Politika Arduratsurako Zentroan 1990ean datuak biltzen hasi zirenetik, aurtengoa izan da hautagaiek emakumeengandik diru gehien jaso duten urtea. Bi alderdien kasuan igo dira emakumeen diru laguntzak, baina hazkundea handiagoa izan da demokratenean: Trumpen kanpainarako diru laguntzen %37 emakumeek emandakoak izan dira, baina Bidenen kasuan %48 izan dira.

Goranzko joera hori, neurri handi batean, Emily's List gisako erakundeek bultzatu dute. Talde hori Ellen Malcolm ekintzaileak sortu zuen, 1985ean, demokraten aldeko emakumeen diru laguntzak biltzeko; besteak beste, abortu eskubidea babesteko.

Alderdi Errepublikanoan bertan ere aspaldian ohartuak dira emakumeen botoa eta dirua demokraten aldera joaten dela gehienbat, eta azken urtean ahalegin berezia egin dute hori alda dadin —Trumpek berak, esaterako, hirien kanpoaldean bizi diren emakumeen botoa behin baino gehiagotan eskatu du aurtengo bozetarako kanpainan—. Horretarako, alderdi barruan emakumeen hautagaitzak bultzatzen ahalegindu dira Winning for Women (Emakumeentzat irabazten) mugimenduaren bitartez, baina ez da erraza. «Gizon askok uste dute goi karguetarako jaio zirela, eta emakumeek, aldiz, nolabaiteko bultzada behar dute», adierazi du Kelly Ayotte erakundeko arduradunak.

Ekonomikoki ez ezik, hautesleei dagokienez ere emakumezkoak dira demokraten hauteslerik leialenak; batez ere, emakumezko afro-amerikarrak. Datu bat ematearren, emakumeen %54k babestu dute hauteskunde hauetan presidentegai demokrata, eta %40k, errepublikanoa; aldiz, emakume afro-amerikarren %88k eta hispanoen %66k egin dute Bidenen alde.

Baina boto kopurua ez dator bat emakumeek AEBetako politikagintzan dituzten ordezkariekin. Kongresuko bi ganberetan dauden emakumeen %37 soilik dira ez-zuriak. Hillary Clintonen eta gerora Harrisen bozeramaile izandako Ian Samsen esanetan, emakume afro-amerikarrek besteek baino oztopo gehiago gainditu behar izaten dituzte kargu publiko batera heldu ahal izateko: «Emakume afro-amerikarrek gainontzeko emakumeek dituzten hesi berak dituzte politikagintzan, baina euren kasuan altuagoak dira». Adibide bat ematearren, Senatuan ez zen emakume afro-amerikarrik egon 1992ra arte. Carol Moseley Braun demokrata izan zen lehena.

Ezohiko urtea

Hala ere, aurtengoa urte berezia izan da arraza zurikoak ez diren emakumeentzat. Mexiko Berrian, esaterako, lehen aldiz emakumeak eta ez-zuriak dira Ordezkarien Ganberarako hiru ordezkariak: pueblo tribuko Deb Haaland —2018an ganbera horretarako aukeratutako lehen indigena izan zen Haaland—; Teresa Leger Fernandez demokrata hispanoa; eta Yvette Herrell txeroki tribuko errepublikanoa. Missourin ere lehen aldiz emakumezko afro-amerikar bat aukeratu dute Ordezkarien Ganberarako, Black Lives Matter mugimenduko kide Cori Bush. Baina, 2020an, oraindik ez da emakumezko afro-amerikarrik heldu gobernadore kargura, gertuen izan dena Abrams bera izan da, zeinak ez duen baztertzen bi urte barru berriz aurkeztea.

Harrisen garaipenak ate bat zabaldu du, nahiz eta zenbait ekintzailek bestelako soslai bat nahiago luketen kargu horretarako. Horien artean da Angela Davis ekintzaile afro-amerikarra. «Ezin dugu ahaztu heriotza zigorraren aldekoa dela, eta fiskal lanetan aritu zenean hartutako zenbait erabaki ere eztabaidagarriak izan zirela. Baina feminista gisara kontraesan horiek kudeatzeko gai izan behar dugu. Harrisen hautagaitzak gertuagoko egin ditu politikagintza eta hauteskundeak gutako askorentzat». Urdinaren eta gorriaren artean morea aukeratu duten milaka emakumeetako bat da Davis.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.