Navalni eta beste

Sistemari oposizioa egiten dioten ekintzaileen artean ezagunenetako bat da Errusiako blogaria, baina ez da bakarra.

Ivan Golunov Errusiako kazetaria babesteko Moskun 2019an egindako manifestazio bat. IVAN GOLUNOV / EFE.
Alex Bustos
Mosku
2021eko maiatzaren 25a
00:00
Entzun

Apirilaren 29an, Aleksei Navalniren FBK fundazioa muturreko erakundeen zerrendan sartu zuten, Alderdi Nazional Boltxebikearekin, Al-Qaedarekin eta Estatu Islamikoarekin batera, besteak beste. Baina Navalni eta haren taldea ez dira Vladimir Putin Errusiako presidentearen gobernua gaitzesten duten bakarrak, nahiz eta nazioartean ezagunenak izan. Hainbat komunikabidek, zenbait herritar plataformak eta ezezagunagoak diren beste politikari batzuek ere parte hartzen dute gobernuko alderdiaren, hots, Errusia Batuaren aurkako aktibismoan.

 

Sobietar Batasuna desegin eta gero, 1990eko hamarkadan, alderdi anitzeko sistema bat finkatu zen Errusiako Federazioan. Egoera aldatu egin zen milurtekoaren hasieran, Vladimir Putin agintera iritsi zenean. Denys Kolesnyk analista politikoak honela azaldu du: «Errusia Batua [gobernuko alderdia] 2000ko hamarkadaren hasieran jarri zen agintean, eta, geroztik, Errusia alderdi bakarreko herrialdea izan da de facto, gaur arte».

Julia Galiaminak, Moskuko parlamenturako hautagai ohiak, uste du hauteskundeak hurbil direnean Kremlin «kolokan» sentitzen dela, eta «Putinekiko eta haren alderdiarekiko onarpena egunetik egunera apalduz» doala. «Erantzuteko modu bakarra zera da: presio egitea eta aktibisten eta hautagaien aurkako auzi kriminalak abiatzea». Galiamina kartzelan egon zen, hainbat aldiz «trafikoa eteteagatik», oposizioaren aldeko protesta batzuetan parte hartzen ari zela.

Hark Dumarako aurkeztutako hautagaitza, beste asko bezala, atzera bota zuten, «sinadura baztertu asko» zeudelako tartean. Gainera, oraingo akusazioek eragotzi egiten diote ezein kargu politikotarako aukeratua izatea, baita irakastea ere. Hain zuzen, irakaslea zen lehen.

Galiaminak hau gehitu du: «Putinismo berantiarraren aldi honetan, benetako oposizioaren edozein jarduera erreprimitu egiten da berehala, errotik. Halako giro batean, ia ezinezkoa da nabaritzeko moduko oposizio bat garatzea eta hauteskundeak irabaztea».

'Oposizioa' eta oposizioa

Errusiako Duman, Putinen alderdiak du gehiengoa, Errusia Batuak. 450 diputatuetatik 335 alderdi horretakoak dira. Parlamentuan ordezkaritza duten gainerako alderdiak oposiziokoak dira, baina sistemaren barruko oposiziokoak: normaltasun demokratikoaren itxura emateko daude hor, baina Errusiako Gobernua babestu ohi dute. Haien artean daude, besteak beste, Errusiako Federazioko Alderdi Komunista, Alderdi Liberal-Demokrata eta Bidezko Errusia (sozialdemokrata). Kolesnykek azaldu duenez, «gutxi gorabehera, esan daiteke alderdi garrantzizko guztiak oposizio sistemikoaren parte direla».

Alderdi Liberal-Demokrataren buru Vladimir Zhirinovski da oposizio horren erreferenteetako bat —zenbait adituk eskuin muturrekotzat jo izan dute alderdi hori—. Haren purrustadak ezagunak dira Errusian; are, Errusiak Krimeako penintsula anexionatu ondoren, Putin tsar izendatzea proposatu zuen jendaurrean.

Beste polemika batzuen protagonista ere izan da bere ibilbidean. Adibidez, haurdun zegoen kazetari bat iraindu zuenekoa, edo Bosforon bonba nuklear bat botatzea proposatu zuenekoa olatu batek Istanbul suntsi zezan.

Haren alderdia ez da gobernuan dagoen bera, baina babes sendoa ematen dio beti gobernuari. Azken legegintzaldian, ez zuten Putinen gobernuaren inolako proposamenen kontra bozkatu.

Oposizioko beste kide batzuek atentatuak jasan izan dituzte, edo Errusiatik alde egin behar izan dute. 2015ean, Boris Nemtsov Putinen lehen ministrorde ohia hil egin zuten Moskuko erdialdean bertan, tiro eginda, eta oraindik ez dute lortu jakitea nork eman zuen agindua. Hil baino lehentxeago, txosten bat lantzen aritu zen: Errusiak Donbassko gerran (Ukrainako ekialdea) izandako parte hartzeari buruzkoa zen. Beste batzuk, Garri Kasparov xake jokalaria esaterako, atzerrian bizi dira. Beste Errusian aritua da, Errusiako Gobernuaren kontrako oposizioko koalizio batean.

Kolesnyken arabera, zaila da jakitea benetan zenbateko babesa daukan oposizio ez-sistemikoak; izan ere, «errusiarrek ez ohi dute libreki adierazten iritzi politikoa, batez ere telefono bidezko galdeketetan».

Edonola ere, analistaren esanetan, erreferentziatzat har daiteke Levada zentroaren azken galdeketa. Haren arabera, «errusiarren %27k Errusia Batuari emango liokete botoa; %20k, oposizio sistemikoari; eta %21 inguru abstenitu egingo lirateke.

Komunikabideei erasoka

2019an, Putinen gobernua komunikabide independenteak estutzen hasi zen, haiek «atzerriko agente» izendatzeko modua emango zuen lege baten bitartez, eta gutxi gelditzen dira dagoeneko herrialdean. «Agente» hitzak konnotazio oso txarrak ditu errusieraz: gogora ekartzen du nola deitzen zitzaien traidoreei eta infiltratuei sobietar garaian. Atzerriko agentetzat jo zuten azken komunikabidea Meduza izan zen, oposizioko komunikabiderik garrantzitsuena.

Atari digital horrek salatu du iragarleak galdu dituela atzerriko agente gisa sailkatu zutenetik, iragarleek ez dutelako zerikusirik izan nahi etiketa hori duen inorekin. Komunikabideak argitaratzen duen material guztian adierazi behar du «atzerriko agente» gisa katalogatuta dagoela.

Gainera, Errusian bizi den edonork haren esteka bat zabaltzen badu, erreferentzia egin behar dio «atzerriko agente» izendapenari, edo isuna jar diezaiokete. Berdin jokatu behar da atzerriko agentetzat jotzen den beste edozein entitaterekin.

Beste kazetari batzuek salatu dute atxilotu egin izan dituztela zenbait manifestaziotan, behar bezala identifikatuta egon arren, eta droga edukitzeaz ere akusatu dituztela. Kasurik ezagunena Ivan Golunovena izan zen, eta, azkenean, absolbitu egin zuten. Autoaren maletategian droga sartu zioten poliziak ikertu egin zituzten, eta baliteke espetxeratuak izatea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.