«Jendearen beharrek ez dute zerikusirik Jacob Zumarekin»

Hegoafrikako Durbango txaboletan bizi diren milaka lagunek osaturiko mugimenduak memorandum bat aurkeztu du, protestarako arrazoi sozioekonomikoen berri emateko

Hegoafrikako polizia bat, arma Nikeren Durbango denda batean sartu ziren herritar batzuei begira jartzen, iragan astelehenean. EPA / EFE.
Oskar Epelde Juldain.
Nairobi
2021eko uztailaren 15a
00:00
Entzun
Durbango txaboletan (Hegoafrika) bizi diren milaka lagunek osatzen dute Abahlali baseMjondolo mugimendua, eta, egunotan KwaZulu-Natalen hedatutako istiluen erdian idatzi duten memorandum baten bitartez, salatu dute agintean daudenen aldetik indarkeria jasaten dutela egunero. «Bake zuzena eraikitzeko beharra dugu», diote testuaren tituluan.

Protesta baketsuak egin dituzten bakoitzean jasan omen dute indarkeria; idazten dituzten memorandumak zaborrontzira botatzen dizkiete; «gezurrak bakarrik» esaten dizkiete; eta sortzen dituzten lanpostu guztiak gobernuko alderdikoei ematen dizkiete, salatu dutenez. Aldiro beren etxeak «txikitzen» dituztela ere azaldu dute, eta maiz legez kanpoko kanporatzeak izaten direla. Hori guztia, egoera lazgarri batean, baieztatzen baitute «pobrezia izugarrian» bizi direla eta egoera «jasanezina» dela.

Mugimendukoek diote astelehenetik Hegoafrikan izan diren istiluek ez dutela zerikusirik Jacob Zuma herrialdeko presidente ohiarekin; izan ere, gazteen %74 baino gehiago lanik gabe daude, eta horietako asko janaria lortu nahian ari dira: besteak beste, etorkinak. COVID-19aren eraginak arintzeko jasotzen zituzten laguntzak ere galdu dituzte, azaldu dutenez: «Sentitzen dugu ez dugula etorkizunik», memorandumean azaldu dutenez.

Istiluek ekarriko duten beldur direla ere aitortu dute, eta sumatzen dute suntsiketek are gehiago okertuko dutela egoera. Salatu dute batzuen helburua kateak eragitea dela, azpiegiturak, fabrikak eta hipermerkatuak erreta, eta horren harira erabaki zuten herenegun egun osoz biltzea, memoranduma idatzi eta beren arrazoiak azaltzeko.

Orain, xenofobia eta tribalismoa zabaltzen ari da zurrumurruen bitartez, eta beren txabolak berriz erreko dituztela sumatzen dute, gobernuan dagoen ANC Afrikako Kongresu Nazionaleko eragile lokalak berriz zatiketak eragiten saiatzen ari baitira.

Azpimarratu dute gazteak eta zaharrak janaria harrapatzen ibiltzeak gobernuaren porrota erakusten duela, bereziki Zumarenaren porrota eta ustelkeria.

Orain arteko harrokeria irentsi eta aitorpen hori egiteko eskatu diete herrialdeko agintariei, eta egun pairatzen ari diren krisiaren errudun direla ere onartzeko: «Eztabaidatzen eta negoziatzen irakatsi beharrean, gogorkeria irakatsi diete».

Egoera larrian eta oso kezkatuta daudela adierazten dute txaboletan bizi direnek, eta, egunotakoaz, salatu dute ANCko bando batek sustatutako harrapaketak gertatu diren tokietan ez dela ez helikopterorik, ez poliziarik agertzen. «Haiek beren familientzat janaririk ez duten bitartean, politikariek estatua arpilatzen eta aberasten jarraitzen dute», idatziaren arabera.

Eskari zerrenda bat

Puntuz puntu beren jarrera argitzean, hitzematen dute Konstituzioaren alde daudela, «legeek, neurri batean, alderdiko gangster politikoengandik babesten» dituztelako.

Horrekin batera, eskaeren zerrenda baten berri eman dute: batetik, diru sarrerarik ez duten langabetu guztiek, baita janaririk ez dutenek ere, laguntza zuzenak jasotzea, betiere zinegotzien eskutik pasatu gabe.

Bestetik, lurra eskatzen diote gobernuari, etxeak egiteko eta komunitate nekazaritza garatzeko; baita hiri nekazaritzako kooperatibak suspertzeko laguntzak ere, eta, ororen gainean, lanpostuak sortzeko programa bat.

Argi utziz lasaitasunaren eta bakearen alde egitea denen ardura dela eta xenofobia eta tribalismo forma guztiak arbuiatzen dituztela, tokian tokiko eztabaidak martxan jartzea proposatu dute, baita herrialde osokoak ere, denen artean erabakitzeko bakea eta justizia nola eraiki.

Beren mugimenduan umuntu ngumuntu ngabantu printzipioa borroka guztien erdian jartzen dute; hau da, «herria maite duten gizaki arduratsuak izatea, bizi baldintzak eta duintasuna aintzat hartzea hori eratu nahi duen gizartearen ezinbesteko baldintza baita», adierazi dutenez.

Orain arte, Ubuntu filosofiaren baloreak erabili dituzte estatu indarkeriari, pobreziari, langabeziari eta ezberdintasunei aurre egiteko, eta horrela lortu dute beren indarrak bizirik irautea.

Proposamenak berriz baztertzen badituzte, promesa hutsalekin erantzuten badiete edota eskatzen duten eredu demokratiko berriak aurrera egiten ez badu, Abahlali baseMjondolo mugimenduak erronka are handiagoak izango ditu aurrera begira, indarkeriak eragiten dizkien zatiketak eta kalteak kontuan hartuta. Idatzian dioten modura: pobreen haserreak norabide ugari har ditzake.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.