mikel elorza
ARKUPEAN

Gure garaiko heroiak

2019ko ekainaren 19a
00:00
Entzun
Etorri zaigu uda gainera eta eguraldiaren aldetik hala den edo ez eztabaidaren gainetik, uda-ren seinale nabarmenetako bat ate joka dugu: oporrak.Hortxe daude, guztion zain, edo, hobeto esanda, hortxe gaude guztiok, haien zain, beheraldietako irudia gogora ekarriz, ateak zabaldu orduko denak saltaka oporren bila joateko!

Eman nahi izan dudan presa eta larritasun sentsazio hori ez da irudi hutsa, inpresioa dut hala dela. «— Zer egin behar duzu oporretan?Egon». Zirto itxurako dialogo hori gero eta gutxiago ematen dela esango nuke,—gontza-ren ordez -gintza-ren aldeko hautua aspaldi egin zuen jendarte honetan. Oporrak egiteko garaia da, garaietan garaiena, gure curriculumaren kulatan konkisten koxkak metatzeko aroa. Curriculum faktuala, gehienbat, ez hainbeste emozionala. Esperientziaren bizialdiak bizitzen ari gara, eta jada ez ditugu asteburu-pasak egiten edo kontzertuetara joaten, esperientziak bizi izaten ditugu, baina hori marketin hutsa da, koloretako kea. Esan nahi dudana da, egindakoen multzoa elikatzeko lasterketa bihurtzen ari garela dena —hurkoak egindakoaren konparazioan jarri beharrekoa—, bizitzea bera lehiaketa presazko bilakatuta. Bizitza olinpiarra da gurea: citius, altius, fortius.

Hainbatek ez du izena eman bizimodu espres eta bizimolde estres zoritxarreko honetan, eta baliatzen ditu opor egunak lagunartean pasatzeko, hondartzan edo lorategian edo herriko plazan, endorfinarik jariatu behar izan gabe gozatzeko. Paseoa edo mendi buelta oinez emateko, eta akaso pertsona batek lagunduta, eta ez korrika aurikularrak eta gps-a dauzkan trepeta baten konpainian. Badakit ez dela erraza sinesten, baina, guztion zorionerako, bada oraindik holako pertsonarik: gure azken heroiak.

Eta ez dut gaitzetsiko oporretako tartea egiteko baliatuko duenaren jarrera. Agian urtean zehar egin ezin dituenak egin nahi ditu —baina ez derrigorrean presaka—, tokiak ezagutu —baina ez derrigorrean bisitalekuotako esperientziak biziz—, urtean zehar ikusi gabekoak ikusi... Eta baita korrika-saio edo bizikleta buelta bat eman ere! Arazoa ez baita izerdialdi bat, jira eta bira gure bizimoduaren ardatz izatea baizik. Gordinago esanda: komunitate gisa amildegirantz goaz kuloteak janztea eranztea baino gehiago maite duen jendarte tristean.

Baina berriro diot, arazoa ez da oporretakoa, udakoa. Arazoa urtean zeharrekoa da. Tristea ez da oporretan larri ibiltzea; tristea urte osoan zehar iritsi ezinik ibiltzea da. Urtean zehar egin ez duguna egotea baita. Bizitza lorpen/porrot binomioaren arabera antolatua dugu (eskola-porrota da kontzeptu izugarri bat, horrore bat). Egin, eta ez egon, horixe patua, hori inperatibo kategoriko berria. Egonean gauza asko egiterik ez balego bezala: lagunak, musean, berriketa, parranda, irakurketa... horiek denak egin egiten dira, kirol oinetakoak jantzi behar izan gabe.

Baina aspaldian errepikatzen dugu, tabernak bainoago kiroldegiak daude beteta; kale eta plazetan ez dago jada eserlekurik, loreontziak eta bizikletak lotzeko burdinak daude; jendeak ez ditu aulkiak ateratzen atari aurrera ilunabarrean kontu-kontari jardutera, Instagram eta Facebooken dauzka auzokoak... Astirik ere ez dugu eta! Jende asko jausten gara izerdiaren menpekotasunean, baina ez da harritzekoa ere ordutegi eta lanaldi eta lorpen-beharraren arabera antolatutako bizialdian. Antsiolitikoak botika salduen dauzkan jendarte batean.

Ez dago dena galdua, dena den. Komunikatzaile kreatiboren batzuei okurrituko zaie egotearen kultura ere salgarria dela, eta egonaldi, tour eta ibilbideak asmatuko dituzte, jendeak egotearen esperientzia bizi dezan.Laster dira denda, internet eta baita BERRIA-ko eskaintza eta mauketan ere calm box-ak saltzen. Ez bota aulki zahar eta karta-sortak, laster berriro boladako egingo dira. Etabalio bikoitzean gainera, vintage izango baitira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.