Txema Ramirez de la Psicina
ARKUPEAN

Suaren bueltan

2019ko ekainaren 22a
00:00
Entzun
Kultura guztietan bezala, gurean ere solstizioak eta superstizioak eskutik helduta doaz. San Joan suek gaua argituko dute bihar mundu osoko hainbat txoko, auzo eta hiritan. Argiak eta itzalak nabarmenduko dira, penak eta sentipenak, amodioak eta desamodioak, nahiak eta ezinak.

Oporren lurrina denera zabaldu den honetan, paktuak eta gobernu-eraketak agendaren ardatz bilakatu dira. Sentsazioa daukat alderdi gehienak epe motzera jokatzen ari direla: agintean daudenak beren botereguneak bermatze aldera, eta oposizioan daudenak harat honat begira, bidelagun berrien bila. Luzarorako estrategiak sumatzen ditut faltan.

Unean uneko begirada horrek arazo nagusien konponketa atzendu egiten du, lanbrotu, gibelatu. Arazoak ez dira berez konpontzen. Sarritan zornatu eta eztanda egiten dute. Pedro Sanchezen oraingo kezka bakarra gobernua eratzea da. Gerokoak gero. Gerokoen artean, (gurea ere den) arazo katalana dago. Horretan berritasun handiegirik ezin espero. Balirudike Sanchezek gatazka bera kroniko bihurtu nahi duela, luzamenduak ad aeternum erabiliz. Jarduneko presidenteak uste du era horretan independentisten artean etsipena nagusituko dela eta, bide batez, prentsa zein eskuinen eraso ankerrak baretuko direla. Oker dabil. Nago gizarte katalana beste fase batean dagoela, pantaila pasatu duela, alegia; izan ere, independentismoak Katalunian aspaldi utzi zion identitate kontu hutsa izateari, parametro etiko eta demokratikoetan finkatutako auzia bihurtzeko. Gainera, Sanchezek Kataluniarekin edozer eginda ere, eskuinek eta gorteko prentsak berdin-berdin jarraituko dute; lau haizetara gorroto, manipulazio eta gezurrak zabaltzen inolako lotsarik gabe. Nago autodeterminazio eskubidea onartzen ez den bitartean ez dela egonkortasunik egongo; ez Katalunian, ezta Espainian ere.

Alderdi sozialistak eta EAJk gauza asko partekatzen dituzte, ez soilik boterea, baita arazoei begiratzeko modu bat. Autogobernuaren inguruko Legebiltzarreko eztabaidan gertatzen ari dena horren lekuko da. Lantaldera eraman ziren oinarriek, neurri handi batean, jeltzaleen ikuspuntua zuten. EAJk orain ez du presarik eztabaida hori agendaren erdian kokatzeko. Auziak erre egiten dio. Hurrengo legealdirako geldituko da; berriro ere lanbrotua, atzendua, gibelatuta, 2020rako akaso. Juan Jose Ibarretxek 2005ean aurkeztu zuen bere estatu berriaren proposamena Madrilgo Kongresuan. Bere alderdiak bakarrik utzi zuen, eta ezker abertzaleak (eta ETAk bereziki) ere ez zioten gehiegi lagundu. Zertan egin dugu aurrera? EAJ oso eroso bizi da. Urkulluk eta Ortuzarrek ez dute beren konfort egoera arriskatu nahi. Ez dute inoiz Puigdemontek hartu duen jarrera duin eta etikoa hartuko, beren pribilegiozko egoera ez dutelako galdu nahi; suaren jolasa, arrisku demasa. Zertarako dantzatu suaren bueltan?

Oposizioan dauden EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek estrategikoa izan daitekeen aliantza zirriborratu dute legealdi honetan, baita udal hauteskundeen osteko paktuetan ere. Aliantzek, estrategikoak izateko, oinarri sendoak behar dituzte, eta Unidas Podemos-ek gehiago dirudi buztinezko zangoak dituen buru anitzeko erakunde heldugabea Espainian alternatiba izan daitekeen alderdi ezkertiarra baino. Zenbat buru, hainbat aburu. Haizeak nora, zapiak hara. Colauren alkatetza horren lekuko. Zaila dirudi haiekin estrategia iraunkorrak adostea. EH Bilduk gehiago begiratu beharko lieke etxe barruan dituen aliatu potentzial indartsuei, ELAri, adibidez. Eta ELAri ere ez legokioke batere gaizki etorriko umiltasun gehiagoz jokatzea eta, noizean behin, bedeinkazioak banatzen dituen aldare horretatik jaitsi eta gainerakoekin ikuspuntuak trukatzea.

Ortzi-mugan lanbroa da. Suak argi-itzalen mugak agerian uzten ditu. Asmatzea zaila da, baina euskal herri honek San Joan gauaz harago doazen estrategiak behar ditu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.