Korsika

Darmanin iritsi bezperan, Korsikako herritarrak kalera atera dira berriro

Eragileen arteko batasun politikoa lortuta, gaur dira Parisekin hitz egiten hastekoak. Aldarrikapenei «tinko» eusteko asmoa agertu dute

200 bat pertsona bildu ziren, atzo, Bastiako prefeturaren aurrean egindako elkarretaratzean. OIHANA TEYSEYRE KOSKARAT.
Oihana Teyseyre Koskarat.
Corte - Bastia
2022ko martxoaren 16a
00:00
Entzun
Egun erabakigarria du gaur Korsikak. Bi asteko mobilizazioaren ondotik, Frantziako Barne ministro Gerald Darmanin gaur iritsiko da uhartera; «elkarrizketa ziklo berri bat» irekitzeko asmoa du. Elkarrizketa horiek prestatzeko, hain zuzen, bilera egin zuten herenegun Corteko Unibertsitatean dozenaka eragilek. Adostu dute kolektiboki parte hartzea elkarrizketa horietan, eta, aldi berean, mobilizazioak indartzeko deia egin diete herritarrei.

Kolektiboak segurtatu du «tinko» eutsiko diela aldarrikapenei: Yvan Colonna preso korsikarrarentzako «egia eta justizia», «preso politikoen» askatasuna, herri korsikarraren aitortza, eta Korsikarentzako aterabide politikoa; horiek dira Darmanini hizpidera ekarriko dizkioten gaiak.

Negoziazio horiek prestatzeko, Corteko Unibertsitatean bildu ziren alderdi independentistak, autonomistak, eta gazte antolakundeak. Funtsezko rola izan du Corteko Unibertsitateak mobilizazioaren prestalanetan. Batetik, hastapenetik kolektiboaren esku utzi dituzte azpiegiturak. Bestetik, egoera ikusirik, unibertsitateak mobilizazioa babesteko hautu politikoa egin du. Ikasleak lehen lerroan egon dira, eta horiek «laguntzea» eta «beren ondoan egotea» ezinbestekotzat jo ditu lehendakaritzak.

Alain Di Meglio Korsikako Unibertsitateko presidenteordea honela mintzatu zaio BERRIAri: «Unibertsitatearen rola da lurraldearen zerbitzuko izatea, eta kontrabotere baten funtzioa betetzea. Mobilizazioa babesteko erabaki politikoa hartzea asumitu dugu, beharrezkoa ikusten baitugu fase politiko berri batean sartzea, eta korsikarren borondatea errespetatua izatea». Bi aste joan dira Corteko Unibertsitatea hetsi zutenetik.

Elkarretaratzeak

Negoziazioen bidea hastearekin batera, kolektiboak karrikan egoteko beharra azpimarratu du, berriz. Hala, atzo arratsean herritarrei dei egin zieten prefeturen eta suprefeturen aitzinean elkartzeko.

Eta egin zituzten elkarretaratzeak, bai, Bastian, Ajaccion eta Corten, esaterako. Bastiako prefeturaren aitzinean 200 bat lagun bildu ziren. Protestan parte hartu zutenen artean zegoen Lisandru de Zerbi, Femu a Corsica alderdiko kide eta Bastiako herriko etxeko axuanta, eta, negoziazioei begira, berripaper honi erran zion «baikorra» dela, baina horiei «adi egotea» komeni dela.

Manifestarietako batzuek su bat piztu zuten Bastiako prefeturaren eraikinaren parean. Nolanahi ere, ez zen istilurik izan.

Ikusi gehiago:«Karrikako indarkeria beharrezkoa izan da oraingoan»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.