Ondo bidean —izan gaitezen baikor— Athleticeko eta Realeko mutilek Espainiako Errege Kopako futbol finala jokatuko dute Sevillan apirilaren 18an. Asaldatuta dabil jende asko; urduri eta planak egiten, aspaldion arrakasta gutxi lortutakoaren seinale, besteak beste.
Askorako ematen du (ustezko) final honen inguruan gertatzen ari denak, erpin asko dituen gaia da eta. Eta ez dira gutxi gugan sortzen dituen kontraesan eta kezkak, baita gehiegikerietan erortzen ari garen barne onarpena ere, gutxitan eta gutxik publikoki aitortzen dutena. Adibidez, bitxia izan da ikustea Bartzelona eta Real Madril kanporatu ondoren nola ekin zion Bilboko eta Donostiako zale andanak Airbnb bidez Sevilla eta inguruetako apartamentuak alokatzeari, sekulako prezioetan gainera. Tartean, sare sozialetan zein kalean turismo eredu horren kontra hemen etengabe jotzen duten pertsona mordoa. Ez dira oso gustura egongo Andaluziako hiriburuan hau guztia bukatzeko borrokan ari diren ekintzaileak. Oso noizean behin egiten diren bekatuak direla edota horrelako final bat salbuespen onargarria dela esaten zurituko ditugu guk geure buru hiperkritikoak.
Haatik, beste kontu batean jarri nahi nuke nik gaur azpimarra. Izan ere, txapelketa irabaztearen helburu nagusiaz gain, izugarria izaten ari delako himnoaren garaian Espainiako erregeari txistu egitearena hartzen ari den pisua Sevillara bi talde euskaldunak iristeko dagoen desioa handitzeko. Sekulakoa izan daiteke, dio etengabe jendeak. Eta hala da, hala izan daiteke, azken urteetan gertatu den bezala kataluniarrak eta euskaldunak tarteko izan direnean, antolatzaile eta agintariak neurriak hartzera behartuta ikusi diren arte. Nahi nuke aurtengoa bide beretik joatea eta, ondo bidean —izan gaitezen baikor—, gu geu ere txistularien artean izango gara.
Kontua da, ordea, erregeari finalean txistu egitearena (txistru esaten du oraindik jende askok Oñatin, Kandido Izagirrek jaso zuen erara) erritual huts gisa hartzen ari dela indarra, eduki politiko mugatukoa, askok nahi baino mugatuagokoa. Hori da nire susmoa behintzat, batez ere ikusita zein desoreka handia dagoen horrelako final batean txistu egiteko daukagun grina izugarriaren eta Espainiako erregea Euskal Herrira datorren bakoitzean, salbuespenak salbuespen, daukagun jarreraren artean. Azkena, azaroan Iruñean. Iruditzen zait euskal finala izatekotan, salbuespenak salbuespen, himnoaren txistualdiarekin hasi eta bukatuko direla bertaratutako gehienen oldartzeak, agian Altsasukoen askatasun eskaerarekin batera.
Ondo bidean —izan gaitezen baikor— euskal futbolaren jai handia izango da Sevillan apirilaren 18an, baina bere grina hain urruti erakusteko prest dagoenari badaezpada gogorarazi beharko diogu sei egun lehenago Aberri Eguna ospatuko dela Euskal Herrian eta lau egun lehenago Apirilaren 14ko Errepublikaren Eguna ere bai. Iruditzen zait askorentzat bata edota bestea aukera ederrak izan daitezkeela aldarrikapenak egiteko. Baina aldi berean iruditzen zait La Cartuja estadiora bufanda, kamiseta eta banderaz gain txilibitua eramango duten hamarretik zortzik ez dutela ospakizun eta erreibindikazioa egun horietan parte hartzeko asmorik. Agian, izango direnik jakin ere ez askok.
Beraz, aurtengo finalera iritsi edo ez, beste final baten zain egon beharko dugu, txilibitua ahoan, geure abertzaletasuna, errepublikazaletasuna eta gainerakoak berriro aldarrikatzeko. Nork daki orduan oraingoa edo bere alaba egongo den erregetzan. Beti da ederra norbere bilobei edo gertukoenei kontatzeko izatea egun osoko parrandaren ondoren espainiarren erregeari han urruti txistu egin genioneko balentria hura. Han urruti, intxaurrak —eta balentriak— beste era batera kontatzen diren lurretan.

ARKUPEAN
Txistuak Sevillan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu