Pilar Kaltzada
ARKUPEAN

Gu, bakarrik

2018ko urriaren 18a
00:00
Entzun
Lagunekin elkartzeko aitzakiaren bat behar izaten den adinean sartu naiz aspaldian. Lehen, edozein unetan topatzen genuen egokiera, bilatu beharrik gabe ia-ia. Azken bolada luzean, baina, elkarri deitu edo idatzi behar izaten diogu eta agendak miatu, eguneko orduen botilatik azken tantatxoa baita norberarentzat geratzen den apurra. Denbora urria eta urrea da, eta horretaz ohartzen zaren unean bertan hasten omen gara zahartzen, erremediorik gabe. Iritsi naiz, bada, une horretara.

Edo iritsi garela esan beharko nukeen, aspaldiko partez, elkarrekin ikasitako lau lagunek elkartzeko modua egin baikenuen joan den astean, eta horixe izan baikenuen gure arteko lehen mintzagaia agurtu orduko, eguneroko zereginei izkina egiteko zailtasun ia kronikoa. Eguraldiak barrurako giroa sortu zuen, eta taberna-zulo baten eseri ginen, garagardo bana eskuan. Geure burbuilan sartu ginen berehala, elkarren kontu zaharrak eta berriak haizatuz, hitza hartuz eta emanez, tarteka elkarri kentzeko halako presaz bezala ere. Halako baten, guregana hurbildu zen urlia, gutako batek ezagutzen zuen lankidea dela esan zigun eta, irribarre eginez, zera galdetu zigun: «Zer egiten duzue hemen bakarrik?». Erantzunik espero ez duen diosala dela pentsa zitekeen, baina mutu utzi ninduen.

Behin kontakizunaren parte honetara iritsita, irakurle bizkorrak erraz asmatuko zuen emakumeak ginela mahaiaren bueltako laurak, eta gizasemea zela bakarrik hitzaren edo kontzeptuaren halako ikuspegi murritza zuena.

Ez da oso argia izan behar jakiteko agurtzera etorri zen gizona beste era batera mintzatuko zela terrazako mahaian edo taberna-barraren baten emakume-taldearen ordez lau gizon ikusi izan balitu. Eta areago, hiru emakume eta gizon bat ikusiz gero, «bakarrik» geundela esango ote zuen duda egiten dut. Espazio publikoaren erabileran maiz gertatzen da hori: ekuazioan gizon bat sartzeak emaitza aldatu egiten du, ia ezinbestean. Betiere, emakumeen ohiko zeregin edo estereotipoekiko arrotzak diren espazio publikoez ari bagara (tabernetan, adibidez), zeren eta oso bestelakoa izango zen elkarrizketa lau lagunok parke baten elkartu izan bagina. Han ez ginateke «bakarrik» egongo; han seme-alaben zain egongo ginela uste izanda, geure habitat naturalean hortaz, ez zen inor arrimatuko galdera erretoriko xelebre hori ahoan.

Joan den igandeko kazetan argitaratu zen Anjel Lertxundiren Buruan daramagun gauza ilunen zama artikulu bikainaren tolesetan harrapatuta nengoela begitandu zitzaidan. Bertan zioen Lertxundik testuinguruak argi egiten duela hizkuntzak maiz ezkutuan gordetzen dituen zuloetan. Euskarak, genero-markarik gabeko hizkuntza izanik ere (salbuespenak salbuespen), erraz marka ditzakeela kontakizunean egunerokoan emakumeok pairatzen ditugun desberdintasunak.

Lertxundik zioen moduan, hizkuntzaren barne-arauek genero-desberdintasunak hauspotu edo neutralizatu egin ditzake, baina hiztunok gara aukera bat edo bestea egiten dugunok.

Tabernan lau emakume ikustean harritu zen gizonak bere hautua egin zuen. Emakume politikari baten karrera azaltzeko «anbizioa» behin eta berriro azpimarratzen dutenek hautua egiten dute, gizonen kasuan berezkoa denak emakumearen kasuan zerbait susmagarri eta gaiztoa gordetzen duela iradokiz bezala.

Gorabehera gramatikalak bazter batera utzita, hizkuntzak ez dira berez sexista: hiztunok egiten dugu hizkuntza, geure baitako mundua ikusarazi eta elkarren artean partekatzeko.

Elkarrekin gaudelarik «bakarrik» ikusten gaituenak asko esaten du hitz gutxi erabilita ere.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.