ARKUPEAN

Protagonismo kolektiboa

Amaia Nausia Pimoulier -

2019ko irailak 12
Ikasturte berria hasi dugu eta honekin batera agur esan behar diogu udarari. Agur egun luzeei, agur azken orduko terrazako garagardoei, agur ere erlojupean ez egoteak ematen duen askatasunari eta agur, noski, Euskal Herria osoa zeharkatu duten herriko jaiei. Gaur nire herriko jaien txanda izanen da; urtero bezala, lau egun eta gauez Antsoaingo kaleak musikaz eta ilusioz beteko dira. Horretarako, jaiari hasiera ematen dion txupinazoaren jaurtiketa emakumeon esku egonen da. Udalak martxan jarritako hautaketa parte-hartzaile bati esker bozkatu duten herritarrek Antsoaingo Martxoaren 8ko Asanbladari egokitu digute jaiari hasiera emanen dion suziria botatzearen ohorea.

Herrian Martxoaren 8aren antolaketan hainbat emakume ibili ginen, gazte, zein adinekoak. Esfortzua handia izan zen arren, lan karga konpartitua eta modu kolektiboan burutzeak karga hori arindu zuen. Ordutik, eta kasu hauetan gertatzen ohi den bezala, Whatsapp-eko taldea sortu genuen. Hor ibili ginen hautaketaren bozketaren harira gora eta behera, gure hautagaitza bultzatzeko lana egiten. M8ko Asanbladak txupinazoa botako zuela jakin izan genuenean berehala bete zen taldea zorion eta ospakizuneko mezuez. Zoriontasunak ekinari utzi zion tokia laster, «nor izanen da gure ordezkari?» Belaunaldi ezberdinetako pertsonak egon behar zirela suziria pizten argi genuen, baita M8ko Asanbladako emakumeok oholtzaren atzeko aldean edo jende artean lehen ilaran egonen ginela babesa ematen ere. Lanerako prest agertu ziren ere segituan boluntarioak; kartelak egin eta banatzeko, hitzaldia prestatzeko, etab. Bai, hori ongi egiten dugu normalean emakumeok, adostasunera iritsi eta lana gure gain hartu. Beste kontu bat izan zen suziria piztuko zutenen izenak eskatu zirenean. Isiltasuna, izenik ez. Egun batzuk pasa ziren eta inork ez zuen bere burua aurkeztu. Beste batzuk izan behar izan ziren proposamenak egin zituztenak, eta, asko errepikatu ondoren, hiru pertsonak onartu zuten txupinazoan suziria botatzearen ohorea.

Gaur neure burua eta beste herriko emakume borrokalarien burua ordezkatuta sentituko dut Mari Kruz, Ane eta Ainhoa oholtzara igotzen direnean eta Whatsapp-eko taldean sortutako galdera berdina sortuko zait: Zergatik emakumeoi hainbeste kostatzen zaigu protagonismoa eskuratzea, eremu publikoa gurea egitea? Ziurrenik ere ohitura falta da, eremu publikoa gizonena izan delako eta protagonismo indibidualak oso arrotzak egiten zaizkigulako. Antsoaingo M8ko Asanbladan esate baterako, bai M8aren aurre prestaketan eta Martxoaren 8ko ekintzak burutzean ere, protagonismo indibidual gutxi egon ziren. Erabakiak modu asanblearioan hartu ziren beti, eta lan kolektiboa gailendu zen beti iritzi pertsonalen gainetik. Gure egiteko moduak horizontalak izan ziren, eta gure arteko laguntza eta zaintza izan genituen hizpide. Horregatik agian hainbeste kostatu zaigu izen bakar batzuk aukeratzea.

Baina prozesu honetan ohartu gara ere gure lana aldarrikatzeko oraindik modu tradizionalak erabilgarriak izan daitezkeela. Gure lana plazaratzeko orduan aurpegi indibidualen bidez izan behar badu, ongi etorria momentuz. Mugimendu Feministaren lana izaten ari da kaleak eta eremu publikoa eskuratzea, baina modua bestelakoa, gurera, izan behar duela ere uste dut. Apaltasuna alde batera uzteko garaia da, noski, eta aurrerapausoak batzuetan beharrezkoak badira ere, gustatuko litzaidake modu horizontal horiek aldarrikatzea eta gure esentziaren parte bezala mantentzea. Gure bideak kolektiboa, alaia, umila eta kontzientea izan behar du. Nik, behintzat, kolektibotasun hori gabe ez diot bide horri zentzurik ikusten.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna