Donostiako 67. Zinemaldia

Hamahiru ekoizpen izango dira Horizontes saria lortzeko lehian

Patricio Guzmanen 'La cordillera de los sueños' filmak irekiko du saila. Juan Solanasen 'La ola verde' eta Jayro Bustamanteren 'La llorona' lehiaketatik kanpo erakutsiko dituzte

La cordillera de los sueños filmak irekiko du Donostiako Zinemaldiko Horizontes Latinos saila. Irudian, fotograma bat. DONOSTIAKO ZINEMALDIA.
2019ko abuztuaren 7a
00:00
Entzun
Hamabost obra bildu dituzte aurten Donostiako Zinemaldiko Horizontes Latinos sailean. Horietatik hamahiru lehian ariko dira Horizontes saria lortzeko, eta bi, berriz, lehiaz kanpo emango dituzte. Patricio Guzman zuzendari txiletarraren La cordillera de los sueños filmak emango dio hasiera sailari, eta Jayro Bustamante zinemagile guatemalarraren La Llorona filmak itxiko du; azken hori lehiaz kanpo emango dute, baita Juan Solanas argentinarraren La ola verde (Que sea ley) lana ere. Askotariko gaiak lantzen dituzte filmek; besteak beste, 1970eko hamarkadako Txileko egoera, Guatemalako genozidioa, eta legezko abortua Argentinan.

Guzmanek Cannesko zinema jaialdian ere aurkeztu zuen La cordillera de los sueños filma, eta dokumental onenaren L'Oeil d'or saria irabazi zuen. Nostalgia de la luz (2010) eta El botón de nacar (2015) lanak grabatu ondotik, lehiara aurkeztu duen filmarekin itxiko du bere herrialdea ardatz duen trilogia. Bustamantek Guatemalako genozidioa landu du La Llorona lanean, eta lehiaz kanpo erakutsiko du, baina saria lortzeko hautagai den beste lan bat ere aurkeztuko du: Temblores. Film horrek gizon batekin maitemintzen den 40 urteko apaiz baten istorioa kontatzen du. Solanasen La ola verde (Que sea ley) filmak bestelako gai bat du hizpide: Argentinan abortua legeztatzeko borroka. Cannesko jaialdiko emanaldi berezien artean ere izan zen.

Europan estreinakoz emango diren hainbat lan ere bildu ditu sailak. Armando Capo zuzendariaren Agosto da horietako bat. 13 urteko mutil baten istorioa kontatzen du filmean, 1994ko uda amaieran girotua, Kubako baltseroen krisi betean. Andres Wooden Araña filma ere lehen aldiz emango da Europan, eta Salvador Allenderen gobernuari aurka egiteko sortu zen Patria y Libertad mugimendua du hizpide. Así habló el cambista da Federido Veirojek estreinatuko duen lana, eta Montevideon argentinarren eta brasildarren dibisa klandestinoak salerosten dituen merkatari bat du ardatz. Paula Hernandez zuzendariak berriz, senarraren etxean bizi diren eta senideekin eztabaida bat izango duten emakume baten eta haren alaba nerabearen istorioa kontatzen du Los sonámbulos filmean.

Hainbat 'opera prima'

Romina Paula, Sebastian Muñoz eta Lucia Garibaldi zuzendariek beren lehen lanak aurkeztu dituzte Horizontes Latinos sailera. De nuevo otra vez filmeko zuzendaria ez ezik, protagonista ere bada Paula. Fikzioa eta ez-fikzioa nahasturik, amatasuna eta bizitzako krisi existentzialak lantzen ditu. Muñozen El principe filmak, berriz, 70eko hamarkadako Txileko espetxe batean dagoen 20 urteko gazte baten bizitza kontatzen du. Eta Garibaldiren Los tiburones-en, aldiz, lehen aldiz desira sentitzen duen nerabe bat da protagonista; marrazoak daudela-eta aztoratuta dagoen bainuetxe batean gertatzen da istorioa.

Beste zuzendari batzuk ere izango dira haien lanak aurkezten. Daniel eta Diego Vega anaiek La bronca, beren hirugarren film luzea emango dute. 90eko hamarkadan kokatua dago, eta nerabe baten istorioa kontatzen du; Peru utzi, eta Kanadara joango da, familia berria sortu duen aitarengana. Alejandro Landesek Monos filma aurkeztu du, zuzendu duen hirugarrena eta Eulien ugazaba eleberriaren interpretazio berri batean oinarritzen dena.

Nuestras madres du izena Cesar Diazek zuzendu duen bigarren film luzeak. Guatemalako gerra zibilean parte hartu zuten militarren epaiketak lantzen ditu, eta Camera d'or saria —Cannesko jaialdiko opera prima onenari ematen zaiona— irabazi zuen, beste hainbat sariren artean. Gael Garcia Bernalek ere bere bigarren film luzea aurkeztu du: Chicuarotes. Cannesko jaialdiko emanaldi berezietako bat izan da, eta pobreziatik eta indarkeriatik ihes egin nahi duten bi nerabe dira protagonistak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.