begona del teso
EPPUR SI MUOVE

Miarritzeko kaminoetan barna bi moto libre

2022ko ekainaren 24a
00:00
Entzun
Bartko txinpartak oraindik begietan dir-dir, bete ditzagun gure motorretako tangak gasolinaz, ezantzaz. Bartko argi suzkoak oraindik gau bihurtu ez diren ordu txikitxo hauetan, estu dezagun inbentoa gure hankan, lixatu dezagun taula eta goazemu Belharra olatu txit sakratuaren bila, hastear baita Wheels &Waves bilkura basa eta atari moduan parekorik ez duen film tristatua, kaminoetako legenda gazi-gozoa programatu digutelako igualik ez duen Miarritzeko Le Royal aretoko arduradun txit estimatuek.

Zinema gure etxe barruko pantailetan ikusteko beta ematen duten plataforma guztietan (Bidasoako bi aldeetan eskura ditugun horietan) ikusgai, alokagai edo salgai baden ere, ikus dezagun itsasotik horren hurbil den Marechal Foch hiribideko pantaila handian. Jatorrizko bertsioan, nola bestela?

Dasta dezagun Easy Rider-en gustu mikatza. Gasolinaz, LSDz, marihuanaz, bourbon whiskiz, bolboraz, gorrotoz, libertatez, beldurrez, New Orleanseko inauterietako Mardi Gras famatuaren zorabioz gainezka egiten duen zeluloideaz elika gaitezen.

Entzun dezagun bere soinu banda aparta. Adituko dituzue bertan Steppenwolf, The Byrds, The Holy Modal Rounders, Electric Prunes, The Jimi Hendrix Experience...

Badakizue Dennis Hopperek zuzendua dela. Badakizue Peter Fonda dela kamera aurrean, Dennisekin batera. Baina litekeena da Jack Nicholson ere agertzen dela ahaztua izatea. Tamalgarria litzateke ahanztura hori George Hanson izeneko bere pertsonaiak film ero eta izugarri honek bestela ez lukeen sakontasun mingarria, izaera sozial-politikoa ematen diolako, aro horretako (1969koa da filma) Estatu Batuen mixeria guztiak, baita etortzear zirenak ere, agerian utziz.

Aire librean, suaren ondoan pasatuko duten azken gauean, George luze eta argi mintzatuko da askatasunaz, beldurraz, estralurtarrez, arriskuaz.

Ilundu aurretik sartu dira hirurak denboraren poderioz terrorezko film ugariren paisaia naturala bilakatu ziren herrixka galdu horietako batean, gure iruditerian hain barruraino grabatuak diren horietako batean: hautsak hartutako gasolindegia, bizpahiru denda-etxola, ezerekin, inorekin fidatzen ez diren adimen urri-urriko biztanle batzuk...

Sartu dira bertan Peter, Dennis eta Jack; beren larruzko jakekin, beren itxura galantarekin, beren ile luzeekin, beren artisau lepokoekin... Ahapeka hasi dira bertakoak irainak botatzen. Mehatxu barretsuak, sexu-burla beroetan...

Alde egin beharko dute, denen begirada lizunek segiturik. Lehen baino berandu, gau betean, Nicholsonen hitzak entzungo ditugu dar-dar batean.

Euren maneretan, portaeran eta motorretan aspaldi aspaldi zaharrean desiraturiko (eta errefusaturiko) askatasunaren isla ikusi dutelako adierazi diete gorrotoa bertakoek. Libertateak beldurtu ohi ditu (eta arriskutsuak bilakatu...) ametsik egiten ez duten horiek.

Izuak gainditurik, beraiek lortu ez duten askatasun horrekin gozatzen dutenak nahi dituzte... zapuztu, txikitu, birrindu. Jelosiak, inbidiak, bete gabeko desirak jota, mindurik, kiskaldurik.

Alta, ez pentsa zinema independentearen oinarriak finkatu zituen pelikula libre honen autoreak sortzez, izatez eta ekinez garbiak zirenik.

Izan ere, inoiz ez zituzten aitortu, merezi zuten bezala, motorzale guztion ikur, bandera, desira bihurtu ziren bi motor horien benetako egileak.

Wheels &Waves bilera, motorrik ederrenei eta olaturik handienei gur egiten dien akelarrea izanik, iritsi da garaia chopper estiloko motor horiek nork, nortzuk eginak ziren adierazteko. Eta omentzeko. Hona hemen izenak: Cliff Vaughs eta Ben Hardy.

Inork gutxik zekien motorrez Los Angelesko South Central barrutian tailerra zuen Benek adina. Ez zen txikia ere Cliffen abilezia. Bai egile moduan bai tratuetan. Berak erosi zizkion Los Angelesko Poliziari gero itxuraz, izatez, estiloz errotik aldatuko zituzten bi motor horiek.

Bai, Los Angelesko Polizia izan zen Easy Rider-eko motor horien jabea... Nolatan Polizia? Lotsaz beteko dira orain Harley Davidsonen adoratzaile guztiak: Milwaukeeko enpresak erabaki zuen Easy Rider gaizkile bik legea hautsi nahi zutenentzat egindako pelikula izango zela.

Konpainiak ez omen zuen gogoko Vietnamgo gerraren kontra eta borroka askoren alde zegoen jendaia-saldo horrekin nahastea, eta muzin egin zion motorrak uzteari...

Beraz, Cliff eta Benengana jo behar izan zuten Dennisek eta Peterrek. Cliffek eta Benek hiru laguntzaile fin izan zuten, haien artean, Sugar Bear izeneko bat.

250 dolar kobratu zuten motor bakoitzeko. Pelikulak, ordea, 60 milioi dolar bereganatu zituen...

Agian ez da kasualitatea Benny, Cliff, Sugar Bear eta beste biak beltzak izatea. Ez, zurrenik ez. Sekula ez zuten jaso zor zien aitortza. Baina motor gainean ibiltzen ziren garai arriskutsu horretako beltz adoretsu denek aterpe eta tailer izan zuten, beti, Hardy's Motorcycle Service.

Badakizue zer egin behar dugun asteburuon: gasolinaz bete tanga eta Le Royal aretorantz abiatu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.