Zinemarekin abiatuko da Saison Quebec-Pays Basque egitasmoa

Joan-etorriko proiektuaren helburua da euskal kultura eta sorkuntza garaikideari leiho bat irekitzea Quebecen, eta, era berean, Quebeceko sortzaileen lana Euskal Herrian erakustea

Irene Larraza, Bingen Zupiria, Isabelle Dessureault eta Joxean Fernandez, atzo, Donostiako Tabakaleran eginiko aurkezpenean. ANDONI CANELLADA / FOKU.
mikel lizarralde
2021eko martxoaren 25a
00:00
Entzun
Etxepare Euskal Institutuak eta Quebeceko Kultura eta Komunikazio Ministerioak iaz egin nahi zuten Saison Quebec-Pays Basque egitasmoa, baina, COVID-19ak eragindako egoerak baldintzatuta, atzeratzea erabaki zuten, eta aurten eta hurrengo urtean egingo da azkenean. Irene Larraza Etxepare Institutuko zuzendariak azpimarratu du bi aldeek eutsi egin diotela egitasmoa aurrera eramateko konpromisoari, eta, hasteko, Quebeceko zinema garaikidearen lagin zabal bat eskainiko dute Donostian eta Bilbon.

Saison Quebec-Pays Basque proiektuak askotariko diziplinatako eskaintza aurreikusten du datozen hilabeteetarako, betiere sorkuntza garaikidea eta hizkuntza ardatz hartuta. Euskal Herrian eta Quebecen antolatuko dituzte ekitaldiak eta programak, eta bateko zein besteko sortzaileen arteko lankidetza ere sustatuko dute. Izan ere, 30etik gora eragile euskaldun eta quebectar ari dira elkarlanean. Gainera, Quebeceko jaialdi, programazio eta kulturguneetan euskal literatura, arte eszenikoak, musika eta zinema erakutsiko dituzten «leihoak» irekiko dituzte. Kongresu akademiko bat ere egingo dute Laval unibertsitatean.

Proiektu horiek egiteko, hainbat euskal elkarte eta eragile lankidetzan aritu dira Etxeparerekin: Eizie, Mintzola, Bertsozale Elkartea, Azkuna Zentroa, Euskal PEN Kluba, Euskal Kultur Erakundea, Dantzagunea, Dantzaz konpainia, Tabakalera, Euskadiko Filmategia, Musikagileak elkartea, Bitamine Faktoria, eta baita Quebeceko jaialdi eta erakusleihoetan arituko diren sortzaileak ere.

Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburuak adierazi duenez, programari esker «euskal kultura ikusgai» egongo da Quebecen, eta Euskal Herria eta euskal kultura «herrialde kreatibo gisa proiektatzeko aukera» izango da. Era berean, euskal eta quebectar kultur eragileen arteko harremana eta ezagutza estutzeko balioko du egitasmoak, Zupiriaren ustez, «programaren barruan egingo diren ekimenak elkarlan proiektuak baitira».

Zinema zikloa Filmategian

Egitasmoaren lehen mugarria Euskadiko Filmategiak Cinematheque Quebecoisen laguntzarekin antolatu duen Quebeceko zinema zikloa izango da. Zikloak Quebeceko zinema ekoizpen garaikidea izango du ardatz nagusi, eta hiru hilabete iraungo du: Donostiako Tabakaleran eta Bilboko Arte Ederren Museoan egingo da, apirilaren 3tik ekainaren 26ra. Pour la suite du monde (Pierre Perrault, Michel Brault, 1963) Quebeceko zinema modernoaren oinarritzat hartzen den filmarekin hasiko da programazioa, eta Anne Claire Poirierrek zuzendutako De mère en fille (1968) izango da bigarren filma. Quebecen film luze bat zuzendu zuen lehen emakumea izan zen Poirier.

Zikloa osatuko duten filmen artean daude, halaber, Le déclin de l'empire américan (1986) Denys Arcanden zinemagilearen film ospetsuena; Vic + Flo ont vu un ours thrillerra (Denis Cote, 2013), Ville Neuve animaziozko filma (Felix Dufour-Laperriere, 2018), L.A. Tea Time zinema independentearen ordezkaria (Sophie Bedard Marcotte, 2019), Kuessipan (Myriam Verreault, 2019) eta Jeune Juliette (Anne Emond, 2019).

Ziklo horren osagarri, eta osasun egoerak modua ematen badu, irailean euskal zinema zikloa egingo dute Cinematheque Quebecoisen. Han emango dituzte Tasio (Montxo Armendariz, 1984), Vacas (Julio Medem, 1992), Ander (Roberto Caston, 2009), Amama (Asier Altuna, 2015), Un otoño sin Berlín (Lara Izagirre, 2015), Irrintziaren oihartzunak (Iratxe Fresneda, 2016), Handia (Jon Garaño, Aitor Arregi, 2017), Dantza (Telmo Esnal, 2018), Oreina (Koldo Almandoz, 2018), Black is Beltza (Fermin Muguruza, 2018), Hil Kanpaiak (Imanol Rayo, 2020) eta Erlauntza (Mireia Gabilondo, 2020).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.