Bisita gozoa Tolosako museoan

Tolosako Txokolatearen Museoa 2020tik dago zabalik. Bisita gidatu zein birtualen bidez ezagutu daiteke, eta hainbat tailer egiteko aukera ematen du, txokolatearekin jolasteko

Rafa Gorrotxategi, Tolosako Txokolatearen Museoan. JON URBE / FOKU.
Iraia Irazusta Mujika.
2022ko abuztuaren 10a
00:00
Entzun

Inauteriengatik ezaguna den arren, Tolosak (Gipuzkoa) badu zer gehiago eskaintzeko. Esaterako, Rafa Gorrotxategiren Txokolatearen Museoa. Gaztetatik ibili izan da Gorrotxategi txokolatearen munduan. Haren aita Jose Mari Gorrotxategirekin lan egin ondoren, ospe handiko gozotegietan trebatu zen. Horien artean, gainera, munduko gozotegi eta txokolategile onenen eskoletan ikasi zuen: Antonio Escribarenean, Bartzelonan; Robert Linxerenean —Maison du Chocolat—, Parisen; eta Paco Torreblancarenean —Pasteleria Totel— Alacanten (Herrialde Katalanak).

Txokolatean eta haren historian erabat murgilduta, 30 urte baino gehiagoko ibilbide profesionalean eskuratutako tresnak ikusgai daude orain Gorrotxategiren Txokolatearen Museoan. Bi modutara bisitatu daiteke: ibilbide gidatu baten bidez edo modu birtualean, QR kode batekin.

Museoan, txokolateak izan duen eboluzio historikoa jasotzen da, eta joaten den orok txokolatearen prozesu guztia ezagutzeko aukera izango du. Bisita bost txoko berezitan dago banatuta: argizarigilea, metatea, errotak eta motrailuak, txigorgailuak eta Inazio Garmendiaren txokolate lantegia.Txoko horietan, kakaoa lantzeko erabiltzen ziren hainbat tresna ikusteko aukera dago.

Lehenengo eremuan, kandelak egiteko tresnak daude, baita argizaria lantzekoak ere. Hori da, Gorrotxategiren arabera, bisitariri arreta piztuko diona: txokolatea eta argizariaren arteko lotura ezagutzea.«Museoa txikia da, baina istorio mordoa du gordeta. Oso ondo ikusten da nola joan den aldatzen lan egiteko modua. Gainera, bisitariak harritu egiten dira txokolateak atzetik duen lan guztia ezagutzean».

2020ko uztail amaieran ireki zuten, eta, ordutik, hainbat lekutatik joaten da jendea museora: «Euskal Herriko bisitari mordoa izaten dugu urtero. Inguruko herrietatik jende asko etortzen da, eta, nola ez, tolosarrek ere maiz gozatzen dute museoaz. Atzerritarrak ere askotan izaten ditugu».

Ordu eta erdi inguruko bisita izaten da, eta Txokolatea izeneko dokumentalaren emanaldiarekin eta dastaketarekin amaitzen da. Erreserba egitea beharrezkoa da museoa ikusteko. Webgunearen bidez zein telefonoz egin daiteke.

Txokolatearekin jolasten

Bisitaz gain, museoak aukera ematen du tailerrak egiteko, eta haur zein helduek parte hartu dezakete. Bertan, txokolatea nola egin baino, harekin jolasteko aukera eskaintzen du, txokolate tabletetan izenak jarriz, edo hainbat osagai gehituz, hala nola fruitu lehorrak eta loreak. «Joko modura planteatzen ditugu tailerrak, oso zaila delako kakaoa txokolatea izatera pasatzeko prozesu guztia egitea tailer bakarrean. Harrera ona izaten dute, eta haurrek oso ondo pasatzen dute txokolatearekin jolasten», esan du Gorrotxategik. Tailerretan parte hartzeko ere izena eman behar da, telefonoz zein webgunearen bitartez.

Txokolatearen museoa

Urte guztian. Erreserbak: www.rafagorrotxategi.eus/museum

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.