PROPOSAMENAK

Mahastien artean, lau altxor

Musika, artea, lurra eta gastronomia batuko ditu aurten ere Esferica Arabako Errioxa jaialdiak, iazko arrakasta ikusita. Ostegunean hasi zen jaia, Eltziegon, eta bihar amaituko da, Bastidan

Bi lagun Esferica Arabako Errioxa jaialdian ardoaz eta musikaz disfrutatzen, Eltziegon, herenegun. JAVIER ROSA.
Maixa Utrera Puelles.
Gasteiz
2022ko abuztuaren 20a
00:00
Entzun
Lau altxor ditu Arabako Errioxak —musika, artea, lurra eta gastronomia—; eta laurak bateratzeaz arduratzen ari da Esferica Arabako Errioxa jaialdia egunotan. Ostegunean hasi zen jaia, Eltziegon, eta bihar amaituko da, Bastidan, JP Bimeniren kontzertuarekin.

Herenegun edan zuten lehen ardo tanta arabarrek, eta, ordutik hona, jai giroan erabat sartuta igaro dute astea Eltziegon, Guardian eta Bastidan. Bertakoak ez ezik, kanpoko hainbat lagun bildu dira mahasti artean, antolatzaileek eskaini dituzten garraio zerbitzuei esker. Adingabeek ere parte hartzeko aukera dute, baina bi baldintzapean: batetik, tutorearekin joatea, eta, bestetik, hark sinatutako baimena aurkeztea. Jaioterria eta adina ez dira oztopo, beraz, «abangoardia eta tradizioa elkartzeko asmoa» duen festan. Sarreren erosketa, ostatuen alokairua eta garraioen kontsulta jaialdiaren webgune ofizialean egin daitezke; bai egun bakarrerako, bai asteburu osorako.

Gaurko ekitaldi nagusiak Bastidan eta Guardian egokitutako guneetan izango dira. 11:30ean Bastidako San Gines parkeko ateak ireki, eta 12:00etan Glassioren kontzertua hasiko da. 13:30etik aurrera, Guardiako Ysios upeltegietan, mokofinentzako egitaraua prestatu dute ospakizunaren arduradunek. Hasteko, Jaengo (Espainia) Los Mejillones Tigres taldeak joko du, eta, bien bitartean, Roberto Ruiz sukaldariak —Michelin izar bat eskuratu izan du bere jatetxeetako batek Madrilen— prestatutako brunch berezia eskainiko diete bisitariei.Aldi berean, Rosana Antolli artista eta bere obra ezagutzeko aukera egongo da. 16:00etan, DJak hartuko du lekukoa, dantza artean eguerdiko jardunaldiari amaiera emateko.

Gainerako kontzertuak Guardiako eskolen patioan izango dira. 19:00etan ateak ireki, eta musikaz gozatzeko bigarren txanpa izango dute erabiltzaileek. Hiru talde arduratuko dira horretaz: Euskal Herriko Omago, Eskoziako Teenage Fan Club eta Austriako Krufer & Dorfmeister. Musikaren bidez mundu osoko bazterretara bidaiatu baino lehen, halere, lurrazpiko upeltegien ardo dastatzea eta Roberto Ruizek zuzendutako gastronomia dastatzea egongo dira.

Lau egunetan mahastien arteko altxorrak ezagutu ostean, bihar amaituko da festa Bastidan. Bakearen plazan egingo diote azken agurra jaialdiari: 12:30ean Danik eta 15:00etan JP Bimenik.

Arduraz gozatzeko asmoz

2021ean bestaldiak izandako arrakasta ikusita, haren arduradunek ez dute zalantzarik izan, eta aurten ere «Euskal Herriko eskualde ederrenetako bat» festaren bidez ezagutarazi nahi izan dute. Nolanahi ere, azpimarratu dute jaiaren gainetik ingurunearekiko ardura lehenesten dutela.

Eskualdearen«natura eta ondarea» babesteko hamar baldintza zerrendatu ditu Esfericako taldeak. Besteak beste, mugikortasun jasangarria, material birziklagarrien erabilpena eta genero berdintasuna aipatu dituzte jaialdiak bete beharreko ezinbesteko baldintza gisa.

Esferica Arabako Errioxa

Gaur eta bihar, Guardian eta Bastidan (Araba).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.