Fermin Muguruza. 'Black is Beltza' filmaren zuzendaria

«Zinemagintza oso latza da, ez dugu zirkuitu alternatiborik»

Donostiako Zinemaldian Zinemira sailean 'Black is Beltza' filma aurkeztu ondoren, zinema aretoetara iritsiko da gaur. Prozesu luzea izan da, baina argi zuen filma egin behar zuela, eta bete du helburua.

Andoni Imaz.
Donostia
2018ko urriaren 5a
00:00
Entzun
1965. urtean New Yorken ateratako argazki batetik abiatuta, animaziozko film bat egiteko proiektua komikitik hasi eta unibertso oso bilakatu du Fermin Muguruzak (Irun, Gipuzkoa, 1963). Manex Unanue pertsonaiaren bidaiako urratsei jarraituta, 1960ko hamarkadako mugimendu iraultzaileei keinu egiten die filmak. New York eta arraza gatazkak, Kubako iraultza, Mexiko eta Juan Rulfo, San Frantzisko eta Pantera Beltzak, Espainia eta frankismoa, eta Che, beti Che. Animazioarekin ondutako plano bakoitzak istorioan gehiago sakontzeko hainbat ate zabaltzen ditu.

Animaziozko filma izateko sortu zen Black is Beltza, eta egin duzue animaziozko filma. Burugogorkeria izan da?

Borroka da bide bakarra, artean eta sorkuntzan ere bai. Galdetzen didate: «Nola egiten duzu hori?». Bada, lanean. Kasu honetan, lanean eta borrokan. Habanan [Kuba] badago Perseverancia [Pertseberantzia] izeneko kale bat, eta han kokatzen dut filmeko protagonista une batean. Ni ere nekaezina naiz. Banuen ilusio bat, gogo bat, eta, une batean, behar bat horrelako istorio bat kontatzeko eta animaziozko film bat egiteko, harrapatzen nauen genero bat delako.

Filma nolabaiteko road movie-a da, mapako mugak etengabe hausten dituen bidaia. Antzekoa izan da sorkuntza prozesua.

Maparik ez, baina ardatz kronologiko bat daukagu erakusketan [Donostiako San Telmo museoan]: 2002an Euskaldunon Egunkaria-n argazkia ikusi nuenekoa, zerbait zetorrela iragarriz Black is Beltza kamisetarekin jotzen hasi ginenekoa, erakusketa Alondegian... Arte diziplinen arteko mugak ere hautsi ditugu. Eta ez hori bakarrik, zenbait jendek inspirazioa hartu du bere gauzak egiteko: esaterako, Balu artistak grafiti sorta bat egin zuen Donostian. Polita da zuk egin duzun horrek bizia hartzen duenean.

Zinemaldian, Another Day of Life animaziozko filmak irabazi du Donostia Hiria Publikoaren Saria. Hautu arriskatua bada ere, zenbait lekutan generoak prestigioa duen seinale?

Ez da oso ohikoa, jendea ez dago ohituta helduentzako animazioa ikustera. Baina ikusi behar da zein den Zinemaldira datozenen profila. Aurreko batean [Jose Luis] Rebordinosi irakurri nion Zinemaldian areto guztiak bete zirela, baina hurrengo hilabeteetako Tabakalerako filmetara oso jende gutxi joaten dela. Animazio tradizionalarekin lan egiteak prestigioa dauka sekulako lana daukalako. Euskal Herrian animazioan aritzen den jende gehiena Black is Beltza-ren inguruan egon da, sakonean lanean edo aholkularitzan. Horregatik jarri nuen amaieran Juanba Berasategiren esaldia: «Animazioa erresistentzia ariketa bat da». James Brown bada soularen aitabitxia, Berasategi da euskal animazioarena. Amorru pixka bat dut ezin izan duelako filma ikusi. Berekin elkartzen nintzenean, desafio egiten zidan: «Hau zuk besterik ezin duzu egin».

Zer moduz Zinemaldian?

Bosgarren aldia nuen, baina aurtengoa bereziena izan da. Kursaal 2 aretoa beteta, aktore pila bat, musikariak, animazio estudiokoak... Gurekin genuen Willy Toledo, eta aurkeztu nuenean jende guztiak zutik txalotu zuen, sekulakoa izan zen. Gero, bat-batean, The Sey Sisters taldeko Ednak mikrofonoa hartu zuen eta esklaboek abesten zuten abesti bat kantatzen hasi zen: Down in the River to Pray. Gospelak zentzu kristaua eman zion abestiari, baina jatorrian esklaboena zen, haien arteko kode bat, esateko gau hartan alde egin behar zutela, ibaiaren norabidea jarraituz. Aurkezpenaren ostean, Broken Brothers Brass Bandekin joan ginen second line-an, New Orleansen egiten den moduan, San Telmora. Bizitza ospatu genuen.

Ostiralean estreinatuko da filma zinema aretoetan. Asko izango duzue jokoan.

Bai, hau oso latza da. Musikan, adibidez, baditugu zirkuitu alternatiboak, mugitzeko gure sareak, baina zinemagintza benetan latza da: multinazionalek agintzen duten zirkuituan jokatzen ari zara. Edonoiz, karteletik kentzen zaituzte, edo ordutegi txarretara baztertu. Gure erronka da hilabete eustea Hego Euskal Herriko hiriburuetan eta Bartzelonan, Madrilen eta Valentzian. Gainera, urriaren 10ean ekitaldi berezia egingo dugu Iruñean: erraldoi beltzak atera eta Golem Baiona zinemara joango gara.

Komikia, erakusketa, The Art of Black is Beltza liburua, soinu banda, filma... Zirkulua itxi da?

Oraindik aurkezpeneko irudiak sartu nahi ditut dokumentalean [filmaren sorkuntza prozesuaren inguruko Beltza naiz dokumentala egin dute]. Nik esan nuen Black is Beltza-ren Itaka zela Donostia, eta iritsi gara portura. Baina, adibidez, erakusketak azaroaren 18ra arte luzatu dute. Zenbait eskolatatik ikasleak ekarri nahi dituzte, erakusteko nolakoa izan daitekeen sorkuntza prozesua. Eta luzatu dute arrakasta izan duelako, noski [barreak]. Datorren urteko ekainean bukatzea espero dut, baina nik ere ez dakit.

Orain banaketa dator, eta gaur egun ez da zinema aretoetan bukatzen.

Film Factory daukagu nazioartean banatzeko. Handia banatu dutenak dira, guretzako erreferentzia handia, beraz. Dagoeneko lortu dute Toronton proiektatzea eta Txinan banatzea. Beste zenbait herrialdetan banatzea lortuko dugula? Bikain. Zinemaldietan mugituko garela? Ezbairik gabe, datorren astean Edinburgon egongo naiz, eta hilabete amaieran Sao Paulon. Baina, gero plataforma digitalak hor daude, eta Netflix, Itunes eta halakoekin mundu osoan egon gaitezke.

Filmak badu 60ko hamarkadako iraultzetako aldarrien oihartzuna. Mitifikaziorik badago?

Begirunetik egina dago; nik mitifikazioa kritikatzen dut. Tokatu zait entzutea «garai haiek...», 1980ko hamarkadarengatik, eta nik desmitifikatu izan dut. Zalantzarik gabe, 1960ko hamarkada pasioz ikusten dut. Zoragarria da zenbat borroka izan ziren, eta nolako kultur iraultza egin zen mundu osoan; nola ulertzen zen kultura borrokaren zati bat bezala, eta nola zegoen dena konektatuta. Gainera, gauza askok kointziditzen zuten denbora tarte txikian: Xalbadorrek bertso haiek bota zituen txapelketan, eta hurrengo asteburuan izan zen Montereyko jaialdia. Hori opari bat da istorioa kontatzeko. Eta jakitea Sei Eguneko Gerra gertatu zela orduan, Che hil zutela urriaren 9an eta Otis Redding hil zela abenduaren 10ean... Osagaiak nituen esateko: «Puntu hauek dauzkat; orain, ondo josi behar dira».

Eta gaur egun, badago iraultzarik? Epikarik bizi dugu?

Jakina, badago iraultza, oraindik agian oso periferikoa, eta, lehertzen denean, joan beharko dugu jatorrira, eta ikusiko dugu zerbait gertatzen ari zela zenbait tokitan, eta agian batzuk ez zeudela erne. Baina iruditzen zait badaudela puntu bero batzuk, eta gauza asko ari direla gertatzen. Euskal Herrian ere, nik ikusten dut gizartea aldatzen doala. Beti egon dira etorkinak, baina orain beste toki batzuetatik datoz, bakoitza bere musikarekin. Oraindik, bakoitza bere aldetik ari da, baina kultur solasaldi bat ematen denean, guztia elkartzen denean, aterako dira gauzak. Epika eta hori dena une oso zehatzetan gertatzen da, baina geratzeko korronte batzuk datozelako da. Nik abesten nuen bezala, hoberena etortzear da. Konbentzituta nago zenbait gauzaren lekukoa izango naizela oraindik.

Nora joango litzateke orain Manex Unanue?

Gaur egun nik uste dut Beiruten egongo litzatekeela. Orain, fokua ez dago han jarrita, baina etengabeko kultur solasaldi bat dago, etengabeko erresistentzia bat. Sei milioi biztanletik, milioi bat errefuxiatuak dira. Liluratzen nauen herri bat da, eta han dago mundu osoan une honetan dagoen liderrik handiena, eta horrek badu epika: Hassan Nasrallah, Hezbollaheko liderra. Egunen batean hasten badira haren diskurtsoak jartzen, ikusiko dugu hor badela lider bat sekulako karismarekin. Beti ezkutatu dira gauza batzuk, Nelson Mandela ezkutatuta egon zen ez dakit zenbat urtez. Gero, eredua izan zen, baina bitartean, terrorista. Handik ibiliko da Manex. Kurduak ere gertu, musika izugarria... Altxor bat, nahiz eta jendea ez konturatu.

Manexen antzera, zu ere mugak hausten aritu zara beti. Zer iruditzen zaizu kulturaz jabetzearen gaia? Esan izan duzu puristak ezjakinak direla.

Hori da nik ikasi dudana. Flamenkoaren kasuan, adibidez, herrialde arabiarretan egon nintzen lanean, eta ikusi nuen Turkian erabiltzen diren eskala asko gero flamenkoan erabili zirela. Nork asmatu ditu gauzak? Oso konplikatua da. Nik kaxoiaren adibidea jarri ohi dut: oso musika tresna flamenkoa da gaur egun, baina Paco de Luciak ekarri zuen Perutik. Hemen ere trikitiak ehun urte besterik ez ditu. Hemendik gutxira, gitarra elektrikoa izango da trikitia bezain euskalduna, eta, handik urte batzuetara, DJen nahaste mahaia. Datorrela purista bat esatera berak egiten duena purua dela, eta bost minutuan desmuntatuko diot.

Posizio pribilegiatuak ere hor daude.

Nik ulertzen dut eztabaida bat egotea apropiazionismoaren inguruan, pribilegio batetik nola espropiatu den. Nola AEBetan ezin zen musika beltzik jarri, zuriek rock-and-rolla dantza zezaten, musika industriak bultzatu behar izan zuen Elvis Presley. Ez dut Spike Lee eta Public Enemyren «Elvis zaborra da» hori aldarrikatuko —kantuan ekarpen handia egin zuen—, baina testuinguruan ikusi behar da industria arrazista batek sortu zuela zuriek dantzatzeko. Testuinguruak erabat zeharkatzen gaitu beti.

Eta Black is Beltza egiteko, nondik hartu duzue?

Vals im Bashir [Ari Folman, 2008] erreferente garrantzitsua izan zen. Baita Ghost in the Shell animea ere [Mamoru Oshii, 1995]. Quentin Tarantinok estudio berarekin egin zuen Kill Bill-eko [2003] anime zatia, pentsa zer erreferentzia den. Filmeko sekuentzia askotan ez dago animazio oso landua, eta mugimendu gutxirekin lortzen dute giro berezi bat. Bost zentimetro segundoko [Makoto Shinkai, 2007] ere oso garrantzitsua izan zen guretzat, oso ondo jartzen baitzuen kamera. Japoniako zinemari asko begiratu diogu, gure baliabideekin zerbait duina egiteko. Koreakoari ere bai, The King of Pigs filmari [Yeon Sang-ho, 2011], besteak beste. Fikziozko zuzendariak ere hor daude, noski: Brian de Palma, Tarantino, Paul Greengrassen Jason Bourneren filmak...

Animazioa zuzentzen eroso sentitu zara?

Oso eroso. Batzuetan zaila da horrenbeste gauza koordinatzea, baina asko gustatu zait, eta ondoan lantalde izugarri ona izan dut. Zerbaiten kontrola galtzen hasten naizenean urduritzen naiz. Kasu honetan, prozesua luzea izan delako, aukera izan dut dena eramateko nahi nuen moduan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.