Askatasun doinuak memorian

'Kantu bat askatasunari' ekitaldia egingo dute igandean Donostiako Bulebarrean, 1893ko Gamazadako gertakariak oroitzeko asmoz. Hiru hildako gehiago izan zirela jakin dute

Gamazada Donostian herri ekinaldiko kideak, atzo, Donostiako Bulebarreko kioskoan. JON URBE/FOKU.
Ainara Otegi
Donostia
2023ko abuztuaren 23a
00:00
Entzun
Isilpean gorde den Donostiako gertakari bat gogoraraziko dute igandean: 130 urte beteko dira Praxedes Mateo Sagasta Espainiako gobernuburuaren aurkako matxinada egin zenetik —Gamazada ere deitu ohi zaio mugimendu horri—. Kantu bat askatasunari izena jarri diote gertaera historikoa gogoratzeko ekitaldiari, eta Bulebarreko kioskoan egingo dute, 12:30ean. Gamazada Donostian herri ekinaldiak antolatu du, eta hala nahi duten herritar guztiek parte har dezakete.

Martin Anso idazle eta herri ekinaldiko ordezkariak atzoko aurkezpenean adierazi zuenez, gertatutakoa gogora ekartzea da ekitaldiaren asmoa: «Merezi du gertaera haiek eta hil zituzten lagunen izenak gogoratzea; are gehiago kontuan hartuta historia ofizialetik kanpo geratu direla».

Iñaki Egaña historialariak azaldu zuenez, dena 1876an hasi zen, Euskal Herriko foruen deuseztatzearekin. 1893an, German Gamazo Espainiako ministroak arau batzuk gehitu zizkien estatuko aurrekontuei, eta, hala, Euskal Herriari zerga gehiago ordainarazi. Ondorioz, kontzertu ekonomikoak kolokan geratu ziren. Herritarrak sutu egin ziren horregatik, eta hainbat matxinada antolatu zituzten. Lehenengoak Gasteizen eta Iruñean izan ziren, gero Gernikan, eta ondoren Donostian.

1893ko abuztuaren 27an, musika bandak kontzertua eman zuen Donostiako Bulebarrean, orduan ohikoa zen bezala. Emanaldia amaitzean, herritarrek Gernikako Arbola jotzeko eskatu zieten, baina ezezkoa jaso zuten. Gobernadore zibilak esan zien Praxedes Mateo Sagasta gobernuburua Londres hotelean zegoela, eta ez zela egokia Espainiako Gobernuaren aurrean euskal ereserkia jotzea. Abestia eskatu zutenak hotelera joan ziren, eta harriak bota zituzten.

Hotelean armada agertu zen aurrena, eta Guardia Zibila ondoren. Lehenengoek ez zuten indarkeriarik erabili; bigarrenek, aldiz, bai.

«Gamazadako gertakariaren arazo nagusia zentsura izan da», adierazi zuen Egañak. Hasieran, hildako bakarra egon zela adierazi zuen garaiko gobernadore zibilak, baina, aurrerago, beste bi gehitu zituzten. Orain arte ezagutzen ziren hildakoak Justo Perez Villagarai, Rufino Azpiazu Etxeberria eta Bixente Urzelai Fernandez ziren. Hala ere, herri ekinaldikoek egindako ikerketekerakutsi dute beste hiru hildako izan zirela: Bernardina Garcia Blanco, Juan Jose Arza Marchuena eta Martin Osas Etxeberria. Gainera, ohartu dira zauritu larriak 30etik gora izan zirela.

Urzelairen heriotza «deigarria» iruditu zaio Egañari. Lehen kargan zauritu zuten, eta, bi lagunekin batera, Gipuzkoa plazako sorospen gunera eraman zuten. Han zegoela, Guardia Zibilak eraso egin zion berriz. Han bertan hil zen, eta beste bi lagunak zauritu egin zituzten.

Askorentzat ezezaguna den gertakari gogor hori oroitzeko deia egin dute: «Hemen hasi eta bukatu baitzen». 1893ra bidaiatzeko aukera egongo da igandean, Gernikako Arbola eta Bainere gauz onik ez kantak abestuz, besteak beste.

'Kantu bat askatasunari'

Igandean, 12:00etan, Donostiako Bulebarreko kioskoan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.