PROPOSAMENAK

Paellarik onenak, Aixerrotan

Paellaren 67. Nazioarteko Lehiaketa egingo dute bihar, Getxoko Aixerrotako zelaietan. Aurten, segurtasuna eta garbitasuna bermatzeko neurriak areagotu ditu udalak

2019ko Aixerrotako Paellaren Nazioarteko Lehiaketaren irudi bat. ITXAS ARGI ELKARTEA.
iraia vieira gil
2022ko uztailaren 23a
00:00
Entzun
Bi urte ospatu ezinik egon ostean, Getxoko (Bizkaia) jairik ospetsuena bueltan da: Paellaren 67. Nazioarteko Lehiaketa. Bihar egingo da txapelketa, Aixerrotako zelaietan, eta parte hartzaileek egunean bertan izango dute izena emateko aukera. Hain zuzen ere, izen ematea izango da programari hasiera emango diona: 10:30ean.

Jarraian, 12:00etan, UKTEST-ek (Uribe Kostako Txalaparta Ekimenetarako Sustapen Taldeak) txalaparta deia egingo du. Behin amaituta, Itxas Argi dantza taldeak ikuskizuna emango du. Batetik, aurreskua dantzatuko dute dantzariek, eta, ondoren, haurrek prestatutako dantzen txanda izango da.

Parte hartzaileak, berriz, goiz osoan arituko dira paellak prestatzen, eta haien aurkezpena 13:30 eta 14:30 bitartean izango da. Nahiz eta txapelketa Getxon egiten den, aurreko aldietan parte hartu izan dute, besteak beste, japoniarrek, belgikarrek, australiarrek eta estatubatuarrek. Izan ere, Aixerrotakoa paellaren nazioarteko lehiaketa bat da, eta Europa osoan egiten direnen artean handienetariko bat.

Aurkeztutako paellei nota jartzeko, hiru ezaugarri hartzen dituzte kontuan epaileek: zaporea, arrozaren egoste puntua eta paellaren aurkezpena. Duela zenbait urte, kuadrillek egiten zituzten etxolak ere puntuatzen zituzten eta, halabeharrez, etxola bakoitzak gai bat izaten zuen: Bizkaiko Zubia, Galeako Gotorlekua... Egun, ohitura hori galdu egin da, baina kuadrillek paellak behar bezala aurkeztu behar dituzte oraindik ere.

Paella irabazleen sari banaketa 17:30ean izango da, eta, ordubete geroago, 18:30ean, Urrats taldeakegitaraua itxiko du erromeria erritmoekin.

Urteroko polemika

Paella lehiaketan, baina, dena ez da jaia. Segurtasunaren eta garbitasunaren inguruko polemika ere sortzen da urtero. Izan ere, Itxas Argi elkarteak antolatutako barruti ofizialaz gain, badago pinudian antolatzen den kanpaleku paraleloa. Gazteak egon ohi dira kanpaleku horretan.

Pinudia babesteko helburuarekin, Getxoko Udalak segurtasuna mantentzeko eta garbitasuna bermatzeko neurriak hartu ditu aurten. Hala nola, pinudia hesolen eta zinten bidez markatzea, errespetua sustatzeko kartelak jartzea, larrialdietarako segurtasun sarbideak prestatzea eta zakarrentzako edukiontzien kopurua handitzea.

Getxoko Auzokideok elkarteak, ordea, ez du uste neurri horiek ingurumena babesteko nahikoak izango direnik, eta esan du udalak «benetako» neurriak hartu behar dituela. Izan ere, etxolak egiteko hormigoia erabiltzen dute kuadrilla batzuek, eta, ondorioz, natura kutsatzen. Era berean, paellak kozinatzeko butano gas bidez funtzionatzen duten suak erabiltzen dituzte. «Horrek suteak izateko arriskua handitzen du», salatu dute elkarteko kideek.

Ertzaintzak eta Udaltzaingoak, berriz, adierazi dute jaiak iraun bitartean kanpaleku hori zainduko dutela.

Nazioarteko Paella Lehiaketa



Bihar hasiko da 10:30ean, izen emateekin. 17:30ean izango da sari banaketa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.