PROPOSAMENAK

Olatuen indarra ezagutzeko

Mutrikuko Udalak olatu planta ezagutzeko bisita gidatuak antolatu ditu irailaren 15erako eta 22rako. Olatuen energia argindar bihurtzen dute 2011n zabaldutako azpiegitura horretan

Mutrikuko olatu planta, artxiboko argazki batean. GORKA RUBIO / FOKU.
Naroa Rios
2023ko irailaren 1a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Nola funtzionatzen du Mutrikuko olatu plantak? Nola lortzen du olatuen indarra argindar bihurtzea? Udalak eta Energiaren Euskal Erakundeak (EEE) bisita gidatuak prestatu dituzte 2011n zabaldutako planta ezagutzeko: olatuen bidez energia berriztagarria eta jasangarria nola lortzen den ikusteko.

Gizarteak gero eta energia gehiago kontsumitzen du. Urko Garamendi Meabe EEEko komunikazio eta kanpo harremanetako arduradunaren ustez, energia gastu horri aurre egiteko aukerarik «errealistena» energia modu eraginkorrean kontsumitzea da: «EEEn energia jasangarria kontsumitzeko baliabideen bila ari gara».

Aukeretako bat da olatuen energia. Badaude energia hori argindar bihurtzeko ereduak eta teknikak, baina oraindik ez dute lortu zabalkunde eta garapen handia. «Dagoeneko, garrantzitsua da olatuen energia teknologikoki garatzea, ingurumen eragin txikiko energia iturri gisa», azaldu du Garamendik.

Horretarako, Mutrikuko olatu planta sortu zuten. Eusko Jaurlaritzako Portuen eta Itsas Gaietarako Zuzendaritzaren egitasmoa izan zen. Garamendik zehaztu duenez, «Portu Zuzendaritzak Mutrikuko babes dike berria eraiki behar zuen, eta hori baliatuz olatuetatik energia eskuratzeko planta bat sortzea proposatu zuen EEEk». Olatuen energia komertzializatu duen munduko lehen planta eta munduan olatuen energia gehien sortu duena da, Garamendiren arabera.

Plantaren funtzionamendua

Dikeak hamasei aire turbina ditu: olatuak horma jotzen duenean, aire konprimatua sortzen da; aire hori hormetan dauden zulo batzuetatik sartzen da, eta turbinak mugitzen ditu; horren bitartez lortzen da argindarra. «Bertan sortzen den elektrizitatea garbia da, eta, sare elektrikora sartzen denez, erregai fosilak errez sortutakoa saihesten da». EEEko ordezkariak azaldu duenez, kutsatzen ez duen energia bat sortzen da, gero eta energia garbiago batera iristeko asmoz.

Garamendiren ustez, Mutrikuko olatu planta bisitatzea baliagarria da itsasoan energia sortzeko beste modu batzuk ezagutzeko eta komunitate zientifikoaren eta teknologikoaren erronkak ulertzeko: «Ingurumenari kalterik egin gabe bizitza erraztuko diguten teknologia berriak garatzeko».

Bisita gidatuak zuzenean hitzartu daitezke Txurruka plazan dagoen Mutrikuko turismo bulegoan, 943-60 33 78 telefono zenbakira deituz, turismo@mutriku.es helbidera mezua bidaliz edo Geoparkearen webgunearen bitartez (geoparkea.eus).

Itsasotik energia lortzeko hurrengo urratsak itsas zabalean eman behar direla zehaztu du Garamendik, «baina, ekaitz bortitzak jasaten dituzten gailuak sortu arte, kostaldean jarraituko dute».

 

Mutrikuko olatu plantara bisita



Irailaren 15ean eta 22an, Mutrikun (Gipuzkoa)
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.