Albistea entzun

PROPOSAMENAK

Nobedadeak Kilometro Lezon

Datozen hiru asteburuetan, Kilometro Lezoren hirugarren aldia egingo dute. Dantza emanaldiez, zirkuaz, antzerkiez eta musikaz gozatzeko aukera egongo da
Kilometro Lezoko ikusleak, iaz, emanaldi batean.
Kilometro Lezoko ikusleak, iaz, emanaldi batean. LEZOKO UDALA Tamaina handiagoan ikusi

Joseba Arratibel Ladron -

2022ko abuztuak 17

COVID-19ak gauza txar eta gaitz asko ekarri zituen, baina baita kultur ekinaldiak antolatzeko eta kultura sustatzeko aukera eman ere. Esaterako, Lezoko Udalak (Gipuzkoa) Kilometro Lezo egin zuen 2020ko udan, lau asteburuz. Harrera ona izan zuela ikusita, aurten hirugarren aldiari ekingo diote, etzitik irailaren 3ra arteko asteburuetan. Xanti Val Lezoko kultur teknikaria da. Haren ustez, horrelako ekitaldi batek Lezo kulturalki ezagutarazteko balio du. «2020. urtean kultur jarduera guztiak eten ziren, eta guk eragile kulturalak lagundu nahi izan genituen, jaialdi hau antolatuz».

Hirugarren aldia normal antolatzeko aukera izan dute. Azkeneko urtean, berriz, ikusleriak eserita eta maskararekin egon behar izan zuen. Aurtengo nobedaderik handiena zera da: egitasmoa hiru asteburutan egingo da, ez lautan. «Orain jaiak itzuli dira; esaterako, Donostiako Aste Nagusia, eta gure asmoa ez da beste jaiekin lehiatzea; horregatik, hiru astera mugatu dugu».

Programazioari dagokionez, etzi emanaldi bat izango da, eta etzidamu beste bat: Nuvanut dantza ostiralean, eta Mikra zirkua larunbatean; bigarrengoan, antzerkiak; eta, azkenekoan, berriz, antzerkia ostiralean eta musika erakustaldi erraldoia larunbatean. «Iaz, 4.000 pertsona izan genituen; ea aurten, murrizketarik gabe, zenbat ditugun».

Azken egunean egingo den musika taldeen erakustaldi erraldoia egun osoko jarduera izango da, 16:00etatik 00:00ra bitartekoa; hamabi kontzertu izango dira. Gotzen, La Basu eta Liher arituko dira, besteak beste. Kontzertuak ping-pong estrategiaren arabera egingo dira. «Bi eszenatoki egongo dira, eta kontzertu bat amaitu bezain laster, bestea hasiko da». Horrela, ikusleek aukera izango dute kontzertu bat amaitzean buelta erdia eman eta hurrengo kontzertua ikusteko.

Izaera eta estilo askotako kontzertuak izango dira, ikusleak ere adin guztietakoak izan daitezen. Gainera, giro horri eusteko, janari furgonetak eta txosnak jarriko dituzte: janaria, edaria eta izozkiak izango dira.

Herriaren nortasuna

Kilometro Lezo zero kilometro delakoarekin alderatu du Valek. «Horrelako emanaldiei esker, herritarrek ikus dezakete ez dutela zertan kanpora joan zenbait gauza ikustera, hemen ere egiteko ahalmena eta ikusteko aukera dugulako». Haien asmoa da Lezoko eta inguruko musikariak sustatzea, kontzertuak elkarren segidan jarriz. Horrela, musikariek elkar ezagutuko dute, eta, aldi berean, ikuslek ere ezagutuko dituzte musikariak. Bestalde, emakumeen presentzia ere lehenetsiko dute jaialdian. «Azkenean, horrelako jaialdiek nortasuna eta identitatea emango diote herriari».

Emanaldi guztiak herri eskolako patioan egingo dituzte. Doakoak izango dira, baina, edukiera kontrolatzeko, ezinbestekoa da sarrerak aurretik hartzea. Sarrerak kultur bulegoan, udalaren webgunean (sarrerak.lezo.eus) eta udalaren aplikazioan eskuratu daitezke.

2022ko Kilometro Lezo

Etzitik irailaren 3ra arte, asteburuetan, Lezoko herri eskolako patioan (Gipuzkoa).

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

 ©JAGOBA MANTEROLA / @FOKU

«Errepidetik goaz lekua aldarrikatzeko»

Olaia L. Garaialde

Gehienetan bizikletan doa Arguelles, eta sendabelarrak identifikatzeko eta erreka garbitzeko ibilaldiak egiten ditu: «Askotan egun bakarrean sei zabor zaku handi jasotzen ditugu errekatik».
1 ©JAGOBA MANTEROLA / @FOKU

Mikroak piztu, ezagutarazteko

Olaia L. Garaialde

Musikaz gozatzeko antolatzen dituzte mikro irekiak. «Lagun arteko» gune «erosoak» dira, jendea ezagutzeko, elkartzeko, norberaren artea ezagutarazteko eta lehenengo aldiz publikoaren aurrean jotzeko. Horren adibide dira Toki Leza taberna eta Open Mikros egitasmoa.
ETB1ek <em>Beste egun bat bizirik</em> filma (2017) eman zuen atzo, euskarara bikoiztuta, 23:30ean. ©ETB

EITBk esan du euskarazko zinema «erreserban» dutela, «aldi batez»

Urtzi Urkizu

EITBko zuzendari nagusiak EH Bilduri erantzun dio emisio leiho digitala lehenesten duela

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...