PROPOSAMENAK

Urtebeteko artisautza lana

Chic Market egingo dute gaur Bilbon, tokiko artisauen merkatua. Kalitatezko produktuez gain, «kontsumitzeko beste modu bat» eskaintzen dute. Duela urtebete egin zuten lehen aldiz

Estibaliz Yuguerok sortutako belarritako batzuk, abenduan egindako Chic Market batean. ARITZ LOIOLA / FOKU.
amaia igartua aristondo
2022ko irailaren 10a
00:00
Entzun
Euren ekoizpenetarako leku aproposik topatu ez, eta bat sortu zuten: hori izan zen Bilboko Chic Marketen abiapuntua. Bitxigileak dira Estibaliz Yuguero eta Adriana Rufrancos, eta euren lanentzako erakustoki bila zenbiltzan duela urtebete. Alabaina, egon zirenetan kanpotik ekarritako produktu merkeekin partekatzen zuten gunea, eta, hori horrela, jabetu ziren bestelako molde bat behar zutela, Yugueroren esanetan. «Ikusi genuen gure produktuei balioa emateko leku espezifiko bat behar genuela».

Beste balio batzuk dituzte, eta, hala, beste erakusleiho bat nahi dute. «Guk saltzen duguna ez da bakarrik diseinuzko marka bat, bada kontsumitzeko beste modu bat ere: gure produktuak ez dira moda azkarra, lasai egiten dira, lehengai onekin, ez da inor esplotatzen...». Oinarri horiekin ernatu zen Chic Market, eta halakoak dira lotu zaizkien markak ere; iazko irailean lehenengoa antolatu zuten, eta ekinbidearen lehen urtea ospatuko dute gaur hamaikagarren merkatuarekin: Bilboko Yimby Streeten egongo da, Uribitarteko arranpletako lehenengo zenbakian, 10:30etik 20:30era.

Yugueroren arabera, aldi bakoitzerako arretaz aukeratzen dituzte artisauak, kalitatea bermatzeko batetik, eta eskaintza ugariagoa izateko bestetik. Hala, oraingoan ere hainbat produktu egongo dira salgai: arropak, bitxiak, kosmetika eta poltsak.

Guztira, zortzi artisau marka bilduko dira, tartean Yugueroren BaRock jewelry eta Rufrancosen Adricalyptica Design. Naturan oinarritutako patroiak dituzte Yugueroren sorkuntzek, eta hiru dimentsioko inprimagailuarekin mamitzen ditu. Rufrancosek, berriz, eskuz taxutzen ditu belarritakoak, soutache teknika erabilita, kordoi meheekin eta kristalekin. Umeentzako arropak eta osagarriak egiten dituzte Soa markakoek, eta helduentzat, Nicott-ek eta OEO Margot-ek. Irudi koloretsuz hornitutako poltsak eskaintzen ditu KB Sisters-ek, eta solemneagoak Zioruk. Askotariko xaboiak, txanpuak eta ile egokitzaileak erosi ahalko zaizkie Dulce Xaboiakoei.

Harrera eta esker ona

Urtebete egin ditu Chic Marketek, eta Yuguero harrituta dago, hein batean. «Ez genuen espero urte oso bat egingo genuenik. Modu puntual batean hasi ginen, probatzearren ea egin zitekeen, ea nolako erantzuna egongo zen erosleen eta marken aldetik. Eta erantzuna beti oso ona izan da». Gogorra ere izan da, onartu duenez, hilero hutsetik hasten direlako dena prestatzen. «Baina balorazio orokorra oso ona da. Bidean pila bat ikasi dugu, eta jende pila bat ezagutu dugu. Beste kontsumo mota batez aritzean, beti pentsatzen da gutxiengoena dela, baina behin eskura jarrita, jendeak oso gustura hartzen du, eta eskertu egiten du».

Orain arteko harrerak hauspotuta, datorren kurtsora begira daude dagoeneko. Urte bukaerara arteko merkatuetarako datak badituzte, eta urrikoa ia biribildua dute. Bilbotik kanpo ere antolatzen hastea dute buruan.

Chic Market

Gaur, Bilboko Yimby Streeten (Uribitarteko arranplak, 1), 10:30etik 20:30era.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.