PROPOSAMENAK

Jai giroa berreskuratu dute

Gaur egingo da Karrantzako ardi edo ardi latxaren esneaz egindako Ordiziako gazten txapelketa. Barazki, fruitu eta bestelako nekazaritza produktuen azoka ere egongo da

Iazko gazta txapelketan sariren bat lortutako parte hartzaileak, Beti Alai pilotalekuan. ANDONI CANELLADA/FOKU.
Amaia Jimenez Larrea.
2022ko irailaren 7a
00:00
Entzun
Normaltasunera itzuli dira Ordiziako (Gipuzkoa) Euskal Jaiak hiru urteren ondoren. Iaz ez zen azokarik egin, baina gazta txapelketari eta enkanteari eutsi zioten, txapelketa ateak itxita egin bazen ere. Aurten azokak eta txapelketak normaltasun osoz egingo dira: «Egitarau zabala antolatu dugu euskal jaietarako, eta hain berezia den kaleko giroa guztiz berreskuratuko dugu», adierazi du Adur Ezenarrok, Ordiziako alkateak.

Ardi latxaren edo Karrantzako esneaz egindako gazta lehiaketaren 49. aldia izango da gaurkoa. 09:15ean hasiko da gaztaren egun handia Goierriko herrian, lehiaketan parte hartu behar duten gaztak Beti-Alai pilotalekura eramateko. Lehiaketa 10:30ean hasiko da.

Juan Mari Arzak sukaldaria izango da epaimahaiko lehendakaria, eta gastronomia arloko kritikariek, kazetariek, eta Idiazabal gaztaren adituek, besteak beste, osatuko dute 21 pertsonaz osatutako epaimahaia. Eurek erabakiko dute aurkeztutako gazten artean onenak zeintzuk diren. 13:30ean izango da sari banaketa, eta jarraian, gazta irabazlearen enkantea egingo da. Lortutako dirua Ordiziako Lagunkiro elkartera bideratuko da.

Hiru izango dira gaurko lehiaketan Urrezko Kutxa Garaikurra irabazteko aukera izango duten gaztagileak. Sari hori azken hamar urteetan lehen postua hiru aldiz lortu duten parte hartzaileei ematen zaie. Ipiñaburu gaztandegiko Jon Etxebarria, S.C Kortaria gaztandegiko Julen Arburua eta Ondarre gaztandegiko Eneko Goiburuk lortu ahal izango dute.

Lehiaketa gehiago

Gazta izango da eguneko protagonista nagusia, baina ez bakarra. Nekazaritza munduarekin lotutako beste lehiaketa batzuk ere izango dira, esaterako. Jose Migel Barandiaran plazan fruitu eta barazki lehiaketa izango da, baita perretxiko erakusketa ere. Garagartza plazan egingo da Gipuzkoako piriniar arrazako behien lehiaketa.

Plaza Nagusian asteazkenero postua jartzen duten baserritarrentzat azoka berezia izango da gaurkoa. Bestelako egunetan baino jende gehiago joango baita. «Ordiziako azokan asteazkenero parte hartzen duten baserritarrei aipamen berezi bat egingo diegu», azaldu du Ezenarrok, eta azokako posturik erakargarrienari saria emango diote.

Bestalde, jana eta edana ere izango dira: ardo eta sagardogileen postuak, eta gozoak, ogia edo taloak erosteko postuak egongo baitira.Ordiziako alkateak herrira bertaratuko diren bisitariei garraio publikoan joateko dei egin nahi izan die.

Euskal Jaiak, ordea, ez dira gaurko egunarekin amaituko; ostiraletik igandera ekintza gehiago antolatu dituzte eta. Esaterako, larunbatean, 23:00etan, Huntza taldearen kontzertua egongo daPlaza Nagusian.

Igandean, 16:00etan hasita, Ordiziako emakumezkoen lehen klasikoa izango da, junior, 23 urtez azpiko eta elite mailetan. «Gizonezkoen klasikoak 100 urte betetzen ditu, eta bazen garaia emakumezkoen proba bat ere egiteko», esan du Ordiziako alkateak.

Ordiziako Euskal Jaiak



Igandera arte, Ordizian (Gipuzkoa).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.