Debagoieneko erakundeek eta Aretxabaletako Udalak antolatzen dute tomatearen azoka, eta aurtengoa zazpigarren ekitaldia izango da. Ekoizleen zein erosleen agendetan tartea egina du aspaldian, eta Euskal Herriko txapelketa antolatu izana beste urrats bat izan da norabide berean. «Jaso dugun erantzuna sorpresa atsegina izan da. Orain arte, Nafarroan egiten zen antzinako tomatearen lehiaketa. Joan den larunbatean egin zuten, eta hamabost ekoizle eta 32 barietate izan zituzten, baina haiena zazpigarren aldia da», azaldu zuen Deba Garaia Landa Garapena elkarteko teknikari Agurtzane Diazek, txapelketaren aurkezpenean.
Tomate barietate bati ere izena ematen dio Aretxabaletak, eta Espainiako txapelketak irabazi izan dituzte ekoizleek barietate horrekin. Ez da harritzekoa, beraz, Euskal Herriko txapelketa ere Aretxabaletan egitea.
«Aretxabaletako tomateak badu ezaugarri hori; beste batzuk baino lehenago heltzen dela. Nik ekoizpen ona izan dut, eta oso azkar heldu zait. Beste ekoizle batzuek zailtasun handiagoak izan dituzte aurten», azaldu du Goiena-n Koldo Zubizarreta aretxabaletarrak. Izan ere, antzinako tomatearen erakusketa jarriko du Zubizarretak biharko azokan: «Bi barietate izango ditut: batak ehun urtetik gora ditu, eta besteak, 50 bat urte».
Tomatearen jiran egiten dute azoka guztia: egingo dute haziak erauzteko tailerra —Marc Badal adituak emango du—, eta tomatea kozinatzeko tailerra ere bai—Anne Otegi sukaldariak emango du—. Eta Euskal Herriko txapelketa da eguneko ekitaldi garrantzitsuena, baina egingo dute beste txapelketa bat ere: tomate deigarrienaren lehiaketa. Orain arte, tomate itsusienaren lehiaketa izaten zen, baina aurten aldatu egin dute formatua. Herritarrek bozkatuko dute deigarriena zein den, eta Debagoieneko edonork izango du bere tomateak aurkezteko aukera —egunean bertan, 10:00ak eta 12:00ak artean—.
Tomatearen azoka da, baina bertan izango diren hogei bat ekoizlek gazta, eztia eta barazkiak ere eskainiko dituzte, 10:00etatik 14:00etara.
Eta tomatearena da azoka, baina bada Tomatearen Astea ere Aretxabaletan. Tomatea oinarri duten pintxoak ari dira eskaintzen herriko sei ostatu, eta horietan ibilbidea egitea proposatzen dute. Gainera, azoka egunean eta irail osoan zehar, zabalik izango da, Arkupe kultur etxean, Aretxabaletako tomatearen sorreraren eta ibilbidearen inguruko erakusketa bat. Marta Barba Gasso ikerlariak tomateen inguruanegindako infografiak dira.
Euskal Herrikotomate txapelketa
Bihar, 10:00etatik aurrera,Aretxabaletan (Gipuzkoa).