Meta egitasmoak hamabost kultur proiektu berri bultzatuko ditu

Irailean hasiko da hautatutako proiektuak diruz laguntzeko kanpaina, Goteo plataforman, eta egitasmo bakoitzak lortutako kopurua adina erantsiko du Gipuzkoako Foru Aldundiak

itziar ugarte irizar
Donostia
2018ko uztailaren 5a
00:00
Entzun
Meta egitasmoak kultura sustatzeko duen era ez da ohikoa: Gipuzkoako Foru Aldundiak kultur proiektuak aurkezteko deialdia egiten du; proposamen hautatuak finantzaketa kolektiboa lortzeko plataformetan sareratzen dira; azkenik, foru aldundiak norbanakoen aldetik bildutako dirua bikoizten du. Halakoa izan da egitasmoaren laguntza politika azken bi urteetan; herritarrek jarritako euro bakoitzeko, foru aldundiak beste bat jarri izan du. Aurten, ordea, aparteko pizgarriak ere izango dira, kanpainako egun seinalatuetan. Denera, 46 proposamen jaso dira aurten, eta horietatik hamabost atera dira aurrera. Orain arte baino bost gutxiago dira, baina aurrekontua ez da aldatu —70.000 eurokoa da poltsa—. Atzo jakinarazi zuten Donostian zer proiektu hautatu dituzten aurten, eta, Maria Jose Telleria Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura zuzendariaren arabera, «kalitatea eta proiektua gauzatzeko baliabideak» izan dira irizpide erabakigarriak.

Antzerkia da zerrendan errepikatzen den alorretako bat. Borobil Teatroak Roman eta Julieta antzezlana garatuko du, kasurako, Metaren laguntzarekin. Iñaki Rekartek Shakespeareren obra klasikoa moldatu du, eta bost aktorek hartuko dute parte. Konpainiaren seigarren lana izango da, eta orain arteko handiena, Anartz Zuazua konpainiako zuzendari eta ekoizlearen arabera. «Egun, dauzkagun laguntzengatik, kondenatua gaude beti bi aktorerekin aritzera, eta orain proiektu handi batekin saiatuko gara». Zuazuak adierazi du antzerkiak publikoaren «premia larria» ere baduela, eta iradoki du Metaren finantzaketa kolektiboaren metodoa «publikoa fidelizatzeko baliabidea» izan daitekeela. Alor berean, Kamikaz kolektiboak Käffka «antzezlan lesbikoa» prestatuko du. Haurrentzako Goazen antzerkira antzerki ibiltari baten proiektua ere hautatu dute.

Kultura «irisgarria»

Orbela kultur elkarteak euskarazko zinema «irisgarria» egiteko egitasmo bat garatuko du Zinebai proiektuan. «Ikusmen eta entzumen arazoak dituztenek ez dute euskaraz film bat osorik ikusteko aukerarik, eta, aurrenekoz, lagin bat eskaintzea da gure asmoa, lau film egokituta», azaldu du Raquel Hernandez proiektuko kideak.

Desde 1,50 proiektua ere mugikortasun arazoak dituzten pertsonei zuzenduko zaie. Xabier Madina sustatzaileak azaldu du: «Jendeak nahi beste argazki atera ditzake kaletik, baina guk ez, eta horretarako tresna bat jarriko dugu. Izan, aitzakia bat da argazkiena; aulkitik ere esperimentatu ahal izatea da ideia». Irisgarritasunaren bidetik, orobat, epilepsia dutenak «kulturara iristeko» programa bat landuko du Epikultur-ek.

Musikan, June Calvo ikertzaile eta konpositoreak Amalur proiektua gauzatzeko baliatuko du Metaren bultzada. Hamar abesti sortu eta grabatuko ditu, Nazio Batuen Erakundeak 2015ean ezarritako garapen jasangarrirako helburuetan oinarrituta. «Musika pertsonak ahalduntzeko eta batzeko gai da, eta musikaren bitartez NBEren mezuak guztiei helaraztea da proiektuaren funtsa», zehaztu du Calvok.

Diru bilketa, irailetik aurrera

Aurtengo Meta egitasmoak Rocky Horror Bang Bang Show,Matxitxako eta Aztarnak ikus-entzunezko lanak ere hartu ditu. 365 hilos de sororidad dokumentala zabaltzeko proiektua ere lagunduko du. Telleriak azpimarratu du, ordea, kultura«modu zabalean» ulertzen dutela, eta, hala, desagertzeko zorian dauden espezieen inguruko Bienvenidos erakusketa nahiz Donostiako Kontxa hondartzan megafoniatik poesia zabaldu nahi duen Alegato egitasmoa ere lagunduko ditu. Ehungintza eskola batek eta jantzigintza «jasangarria» sustatu nahi duen beste proiektu batekin amaitzen da hautatuen zerrenda.

Orain arte, 36 kultur proiektu gauzatu dira GFAren Meta egitasmoaren bultzadaz, eta aurtengo proposamenak laguntzeko aukera irailaren 18an irekiko da, Goteo plataforman.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.