Hamabostaldiak 45 proposamen bildu ditu 81. edizioko egitarauan

Abuztuaren 1etik 29ra egingo dute Donostiako musika jaialdia. Aurrez prestatzen ari ziren eskaintza «berreraiki» egin behar izan dute. Nazioarteko artista gutxiago izango da aurten

Jaialdiko arduradunak, instituzioetako ordezkariak, babesleak eta Pello Irazu artista eta kartelaren egilea bildu ziren atzo, Donostian. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU.
Ainhoa Sarasola.
Donostia
2020ko ekainaren 30a
00:00
Entzun
Iragan martxoan ziren aurkeztekoak Donostiako 81. Musika Hamabostaldia iragartzeko Pello Irazu artistak sortutako kartela. Pandemiak, baina, bertan behera utzi zuen agerraldi hura; baita ordurako jaialdiak prest zuen egitarauaren zatirik handiena ere. Nolanahi ere, jaialdia egiteko asmoari eutsi egin zioten arduradunek, eta, egoera berrira moldatuta bada ere, asmo hori gauzatuko dutela baieztatu zuen atzo Patrick Alfaya zuzendariak, instituzioetako ordezkariak eta babesle pribatuak alboan zituela Donostian egindako agerraldian. Aurrez prestatutako egitaraua guztiz «berreraiki» ostean, 45 musika proposamen aurkeztuko ditu jaialdiak, abuztuaren 1etik 29ra.

Osasun krisia dela eta, nazioarteko bakarlari eta orkestra handien kontzertu ia guztiak bertan behera utzi behar izan dituztela azaldu zuen Alfayak. Hala, aurtengoa funtsean «ganberako edizio bat» izango da haren hitzetan, eta Euskal Herriko musikari ugari bilduko ditu. Ohiko zikloak mantendu dituzte, hala nola Kursaaleko ziklo sinfonikoa, antzinako musikarena, ganberakoa, musika garaikidekoa, organokoa, interprete gazteena eta Musika Aitzaki, baita dantza ikuskizunak eta haurrentzat prestatutako proposamenak ere. Emanaldiak Gipuzkoako eta Arabako hainbat udalerritara ere iritsiko dira, baina Donostian izango dira saio gehienak, Kursaal auditoriumean, San Telmo museoaren klaustroan eta Tabakaleran. Osasun neurriak hartuko dira aretoetan, eta %60ra murriztuko da haien edukiera.

EGO Euskal Herriko Gazte Orkestrak emango dio hasiera jaialdiari, Ruben Gimeno eta Rodolfo Epelderen gidaritzapean, abuztuaren 1ean, San Telmo museoko klaustroan egingo duen emanaldiarekin. Horren ondotik, kontzertuek ez dute etenik izango.

Hiru gune nagusi

Euskadiko Orkestrak inauguratuko du Kursaaleko egitarau sinfonikoa. Hiru kontzertu egingo ditu: abuztuaren 8koan, Semion Bytxkov zuzendari errusiarrak gidatuko du orkestra; 15ean, Robert Treviño titularrak —Xabier Anduaga tenorra ariko da emanaldi horretan—; eta 19an, berriz, Juanjo Mena arabarrak —Asier Polo biolontxelista bilbotarra lagun izango du orkestrak—. Bilboko Orkestra Sinfonikoa ere ariko da Kursaalean, Javier Perianes pianistarekin eta Erik Nielsenen gidaritzapean, abuztuaren 21ean. Eta auditoriumeko eskaintza osatzeko, nazioarteko bi artista: Grigory Sokolov pianista errusiarra abuztuaren 16an ariko da; eta Marc Minkowski 29an, Les Musiciens du Louvre bere taldearekin.

San Telmok, inauguraziokoaz gain, beste hamar kontzertu hartuko ditu, klaustroan zein elizan. Lau, Antzinako Musika zikloan: Euskal Barrokensemble, Santa Maria Kapera, La Ritirata eta El Leon de Ororenak. Musika Garaikidearen zikloan, beste hiru: Laboratorio KLEM, eta Gerhard eta Granados laukoteenak. Eta Ganbera Musikako saioetan, Locum Congregatio taldea; Elena Sancho Pereg sopranoa, Paula Iragorri mezzosopranoa eta German Ormazabal pianista; eta Natasha Tchich biola jotzailea eta Marta Zabaleta pianista ariko dira.

Tabakalerak dantza emanaldiei egingo die lekua bere patioan, eta bestelako emanaldiei ere bai, laugarren solairuko terrazan. Besteak beste, Iker Murillo eta Vitali Safronkine dantzariak, eta Haatik, Lasala eta Aukeran dantza konpainien ikuskizunak izango dira patioan, baita haurrentzako proposamenak ere. Terrazako hiru saioetan, berriz, Musikeneko ikasleak izango dira protagonista.

Horiei guztiei, Organo Zikloko eta Musika Aitzaki programako kontzertu sortak batuko zaizkie.

Uztailaren 9an hasiko da sarreren salmenta orokorra; jaialdiaren webgunean ez ezik, Kursaaleko eta Viktoria Eugenia antzokiko leihatiletan ere eskuratu ahalko dira emanaldietarako sarrerak.

Informazio gehiago nahi izanez gero,jo webgune honetara:

www.quincenamusical.eus/eu/
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.