PROPOSAMENAK

Gamereko laminen urratsetan

Gamere-Zihigako Laminen Zuloak ur beroen iturri bat gordetzen du, erreka, pentze eta oihanen artetik. Bide laburra eta erraza egin behar da haraino iristeko

Laminen Zuloa naturak inguratua da, eta lasaitasuna eskaintzen du. GUILLAUME FAUVEAU.
Leire Casamajou Elkegarai.
Baiona
2022ko abuztuaren 21a
00:00
Entzun
Gamere-Zihigan (Zuberoa) sartzean, harrabots gutxi baizik ez da entzuten: 100 bat biztanleko herria da, hots, Zuberoako txikienetarikoa. Duela aspaldi, Gamere eta Zihigaherriak desberdinduak ziren, eta 1831n bat egin zuten, gaur egunarte.

Herriko leku zentrala Agerria ostatuak okupatzen du. Ostatuaren sartzeko ateraino iritsi aitzin, zuhaitzez apainduriko patioa zeharkatu behar da, eta, orduan, herriko bizigunean sartzen ahal da. Maiz, herritarrak Agerrian biltzen dira, herriko eta bakoitzaren biziaz eletan aritzeko. Ostatuaren parean, frontoia dago, «arrabotüa» deitzen zaiona zubereraz, eta gurasoak bi kolpe edaten utzirik, haurrak usu jostetan ari dira bidearen bestealde horretan. Laminen Zuloa bisitatu ondoko, freskatzeko aukera eskaintzen die ibiltariei Agerriak.

Herri zinez txikia izanik ere, Gamere-Zihigak bere fama lortu du Euskal Herrian gaindi. Herriko ostatutik metro batzuetara, Laminen Zulora eramaten duen bidea hasten da, eta, ibilaldi labur baten buruan, ur beroen iturria dago.

Laminen Zuloa urte luzeetan zehar gordea izan den eremu baten gisa agertzen da: erreka, pentze eta oihanen artean ezkutatua; leku miresgarria da lasaitasun une bat bilatzen duten guztientzat.

Iturria, herriaren gisara, bitan zatitua da. Urek alde hotz eta bero bat dute. Iturriaren aurrean jarrita, eskuinaldeko eremua ur hotzena da, eta ezkerraldekoa, berriz, ur beroena.

Zulorako sarbidea bisitariei egokitu dute, baina, hala ere, baliteke lerrakorra izatea, eta orduan adi ibili behar da ez irrist egiteko.

Seinaleak bidean

Uretatik ateratzean, lehentxeago zeharkatutako zelaian pausatzeko aukera dago. Pentzeak bi posibilitate eskaintzen ditu maiz:parte bat eguzkitan, eta bestea itzalean. Azkenean, ur bero edo hotz, itzal edo eguzki gune, Gamereko iturria gustu guztiei egokitzen da.

Iturria aurkitu aitzin, Gamere aurkitu behar da. Beraz, herria atzemateko, D149 errepidetik iritsi behar da, eta, behin herri zentrora sartuta, zilegi da autoa Agerria ostatu pareko aparkalekuan uztea.

Oinezko bidearen hasiera tabernaren ezkerrean dago, tabernaren aurrean jarrita. Bidexka seinaleztatua da, marka horiei esker, eta azalpen panelak ere pentsatuak dira ibilbide hasieran, argibide gehiagorentzat.

Ur beroetarainoko bidea hamar minutukoa da, gutxi gorabehera, eta zailtasun berezirik gabekoa. Behin ostatuko ezkerraldeko bidetik abiatuta, eskuinaldean den errekatik hegiz hegi aitzinatu behar da. Gero, zelai handi batera heltzen da, errekarekin eskuinaldean beti, eta azken zelai hori zeharkatu ondoren, ur beroetara iristen da. Laminen Zuloa iragartzen duen plaka bat dago. Bidean litekeena da belarra bustia izatea, eta oinetako egokien eramatea gomendatzen da.

Gamereko Laminen Zuloa

Gamere-Zihigako (Zuberoa) ur beroen iturria. Urte osoan irekia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.