Aniztasunaren lagin urdin eta laranja bat

Tupust kolektiboak bigarren komiki antologia egin du: aurresalmentan atera dute irailaren 30era bitarte. 'Zu'-a irudikatu dute 21 sortzailek, hamazazpi lanetan

Tupust taldearen bilduma berriaren lanetako batzuk. BERRIA.
amaia igartua aristondo
2021eko abuztuaren 7a
00:00
Entzun
Gorri eta berde koloreak, eta horiek nahastuz eta gainjarriz sortutako aldaerak erabili zituzten Tupust kolektiboko kideek euren lehen argitalpena ontzeko, 2019an —Txalaparta argitaletxearekin kaleratu zuten—: emakumezko sortzaileei ikusgarritasun handiagoa ematea ere xede zuen komiki antologia bat taxutu zuten ni ideiatik abiatuta. Bi urteko lanaren ondotik, bukatua dute bigarren alea, eta zenbait berrikuntza ditu: autoediziora jo dute oraingo honetan, zu-a da ardatza, eta urdina eta laranja erabili dituzte lanak egiteko.

Aurresalmentan jarri dute kolektiboaren webgunean, irailaren 30era arte, eta lehenbiziko 200 salmentek Risografía posterra eta Ainara Azpiazu Axpi ilustratzaileak sinatutako A5 tamainako lamina ere jasoko dituzte; urriko lehen asteetan helduko dira.

Guztira, hamazazpi lan bildu dituzte antologian, 21 egilerenak: Axpi; Ane Zaldibar; Asteazkenak Komandoa-ko Maddi Zumalabe eta Jon Aranguren; Dom Campistron; Irati F.G. eta Regina Salcedo; Irati Eguren; Irkus Zeberio; Josune Urrutia; Loinaz Lekuona; Maitane Gartziandia eta Aintzane Usandizaga; Maite Caballero; Maite Gurrutxaga eta Irati Jimenez; Mikel Larraioz; Paula Estevez; Raisa Alava; Susanna Martin eta Yolanda Mosquera. Bikote edo artista bakoitzak bere kasa landu du gaia, eta, hortaz, «askotariko modutan» jorratu dute, Axpik azpimarratu duenez.

Batzuek aurreko zenbakiaren segida bat egin dutela dio, gaiak lotuta baitaude; bestalde, ametsen munduaz dihardu lanetako batek, zu hitzarekin jolasten du beste batek, eta komiki futurista bat ere badago. Bidaia txiki bat agertzen du Axpirenak, zehazki. «Pertsonaiak bakarrik egiten duen bidaia bat da, zu-a —bera ez den hori— ezagutzeko. Ni-tik zu-rantz doa; paisaia ezberdinetan murgiltzen da, eta gauzak aurkitzen ditu». Bere buruari «opari bat egiteko aukera» izan da lana, dioenez: «Barrutik ateratzen zaidan bezalako komiki bat egiteko aukera balitz bezala hartu dut. Oso erraza izan da, berehala atera zelako».

Lehen aleko berdea eta gorria zein bigarreneko urdina eta laranja tonu osagarriak dira, eta horregatik aukeratu dituzte: alegia, «elkarren ondoan jarrita kontraste handiena sortzen duten bi koloreak dira», Axpik azaldu duenez. Gaiarekin gertatu bezala, kasu honetan ere artista bakoitzak aukeraketa propioa egin du. «Batzuek koloreak modu askoz lauagoan erabili dituzte, edo puruak bakarrik». Axpik, aldiz, bakoitzetik lortutako lau tonu erabili ditu: «Bi baino ez dira, eta horri zukua atera nahi badiozu, kolore kantitatearekin jolastu behar da: nik erabili nituen kolore puru-purua, %15a, %30a eta %60a. Urdin eta laranjaren gurutzaketarekin ere jolastu nuen tonu gehiago ateratzeko».

«Proposamen ezberdinak»

Tupusten antologia «ohikotik harago» doan liburu bat dela nabarmendu du ilustratzaileak, iruditzen baitzaio «merkatuan dagoen gehiena gizonek egindako lanak» direla. «Beste hainbat arlotan bezala, komikia egiten duten emakumeak beti egon dira. Gauza da plazan ez zaiela tokirik egin ahots horiei, eta badela garaia izan dezaten». Joera horretatik aldentzeko ahaleginak dira kolektiboak ondutako bi argitalpenak. «Ez dut esan nahi gizonek egindako dena berdina denik, baina estilo jakin batzuk nagusitzen dira. Guk beste iturri batzuetatik edaten dugu, eta hori dela eta, beste era bateko proposamenak dira gureak, gai, narrazio mota eta estetika aldetik».

Dena den, azkenaldian aldatzen doan joera dela dio, «zorionez». Euskarazko komiki gehiago argitaratzen ari direla sumatu du, orokorrean, baita andreek eginikoak ere. «Iruditzen zait argitaletxeak apustu gehiago egiten ari direla emakumeen komikiekin, eta sektorea pixkanaka hobetzen ari dela».

Irakurleei dagokienez, ordea, ez du hain argi. «Hau bada gonbit bat komikietara ohituta ez dagoen jendea ere hurbil dadin irakurtzera». Tupusten lehenengo antologiaren 1.200 ale saldu ziren, «eta hori oso datu ona da euskaraz egindako komiki batentzat», Axpiren hitzetan. Oraingoak izango duen harrera ikusteko dago, eta jakiteko gogoz dagoela onartu du ilustratzaileak: izan ere, ordainketa, inprenta eta banaketa kontuak ez ezik, argitaletxe bat obraren zabalkundeaz ere arduratzen da, eta oraingoan euren gain hartu dute lan hori ere.

Liburua eskuratu nahi izanez gero, jo webgune honetara:

www.tupust.bigcartel.com
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.